Oñatiko Stadler enpresa ixteko eguna gero eta gertuago dago. Zuzendaritzak eta sindikatuek akordiorik gabe amaitu dituzte enplegua erregulatzeko espedientea negoziatzeko elkarrizketak, eta, datozen asteetan konpainia erosteko prest dagoen azken orduko inbertitzaileren bat agertzen ez bada, lantegia behin betiko itxiko dute, lantalde osoa —58 langile— kalean utzita.
ELAk ziurtzat jo du hori gertatuko dela, eta, komunikabideetara bidalitako ohar batean azaldu duenez, enpresako zuzendaritzak jada jakinarazi die apiriletik aurrera kaleratzeei ekingo diela. Gainera, langileek ez dute jasoko enpresaren kalte ordainik.
Stadlerrek osagai metaliko sintetizatuak egiten ditu, batez ere autogintzarako, eta sektorearen gaur egungo krisiak bete-betean jo du. 2024ko uztailetik hartzekodunen konkurtsoan dago, galerei eta zorrei aurre egin ez ezinda, eta aurtengo otsailean abiatu zuen enplegua erregulatzeko espedientea. Kaleratzeak saihestu edo kaleratzeen baldintzak negoziatzeko elkarrizketek ez dute emaitzarik eman.
Gainera, ELAren arabera, langileak «zor zaien kalte ordainaren zati bat kobratu gabe» geratuko dira, enpresak negoziazioetan esan baitu ez duela hori ordaintzeko adina dirurik. Ondorioz, Fogasa Soldatak Bermatzeko Funtsera jo beharko dute kaleratzeengatik gutxieneko kalte ordainen bat jaso ahal izateko.
ELAk zuzendaritzaren «azken urteetako kudeaketa kaskarrari» egotzi dio lantegiaren itxiera. Haren jabea Asier Aranzabal enpresaburua da, Flama Cardia sozietatearen bitartez. Langile batzordea ELA eta ESK sindikatuetako bina ordezkarik eta independentea den beste batek osatzen dute.
Autogintzaren krisia
Neurri batean, Stadlerrena heriotza iragarri bat izan da. Zuzendaritzak erregulazio espedientea aurkeztu zuenean azaldu zuenez, lantegiak ezin izan dio buelta eman pandemiatik pilatuz joan den zorrari. Lan kargak ere izugarri egin du behera, autogintzaren sektoreko ziurgabetasun egoera dela eta. 2021ean, enpresak espediente bat abiatu zuen hamabi langile kaleratzeko eta gainerakoei soldata %30 murrizteko, baina, azkenean, bertan behera utzi zuen.
Stadlerren bezero nagusiak Mercedes eta Volkswagen izan dira. 2019an, Mercedesentzat bakarrik egiten zuen pieza baten ekoizpena galdu zuen. Zuzendaritzak azaldu duenez, Europako eta Asiako merkatuetan bezero bila aritu dira, baina ahalegin horiek ez dute emaitzarik eman.
Oñatiko Stadler Rudolph Reinstadlerrek eta beste bost bazkidek sortu zuten, 1969an. Sarrailetarako piezak egiten hasi zen, baina autogintzaren sektorera pasatu zen orain dela 22 urte. 2008an izan zuen langile gehien: ehundik gora.