Akordiorik lortu gabe amaitu dute Conservas Zizzoko kaleratzeen negoziazioa

ELAren arabera, Mutrikuko enpresa horretako hamazazpi langileak kalera joango dira, kalte ordainik gabe.

Arrain kontserben arloko enpresa bateko langileak, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / FOKU
Arrain kontserben arloko enpresa bateko langileak, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko martxoaren 17a
13:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Mutrikuko (Gipuzkoa) Conservas Zizzo enpresako hamazazpi langileak kalera joango dira, ELAk jakinarazi duenez; izan, ere, enplegua erregulatzeko espedientea negoziatzeko elkarrizketak bukatu diren honetan, ez dute akordiorik lortu. Zuzendaritzak sindikatuari esan dio kaleratzeak martxoaren 20an gauzatuko dituela.

ELAren arabera, langileak «zor zaien kalte ordainaren zati bat kobratu gabe» geratuko dira, enpresak negoziazioetan esan baitu ez duela dirurik hori ordaintzeko. Beharginek Fogasa Soldatak Bermatzeko Funtsera jo beharko dute, oraindik jaso gabe duten soldataren zatia eta kitapena kobratu ahal izateko ere.

Arrain kontserben sektoreko enpresa txiki bat da Zizzo, eta Mutrikuko Antzomendi industrialdean du lantegia. Hamazazpi langile ditu: sektorean ohikoa denez, «ia denak emakumeak», ELAk azpimarratu duen moduan.

Pandemia osteko urteak zailak izan dira sektorearentzat. Arraina kontserbatzeko erabiltzen den olioaren eta edukiontzietarako aluminioaren prezioak igo izanak asko baldintzatu dute enpresa horien jarduna eta errentagarritasuna. ELAk adierazi du Zizzoren egoera «azken urteetako kudeaketa txarraren» emaitza dela. Enpresa konkurtsoaren aurrekoan sartu zen 2025eko urtarrilean, eta lantalde osoari eragiten dion espediente bat aurkeztu zuen gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.