Espainiako sindikatu nagusiak —CCOO eta UGT—, CEOE patronala eta Espainiako Lan Ministerioa bildu dira gaur berriro, lanbide arteko gutxieneko soldataren igoerari buruz mintzatzeko. Eta berriro ere, akordiorik gabe amaitu da bilkura. Hasi aurretik, CCOOko Mari Cruz Vicentek adierazi du sindikatuen eta enpresarien eskakizunak garbiak direla, eta Espainiako Gobernuaren proposamena falta dela: «Espero dugu gaurko bilera gobernuaren proposamen batekin hastea».
Bada, %4 igotzea proposatu du Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak, eta ez dute ez sindikatuek ez enpresariek onartu. Txikiegia lehenengoentzat, eta handiegia bigarrengoentzat. Bileraren aurretik, Vicentek adierazi du haien proposamenak %4tik gorakoak direla, eta,nahiz eta Diaz gerturatu egin den, oraindik ez dute onartu. Sindikatuaren proposamena %5etik gertuago dagoela esan du Vicentek, nahiz eta negoziatzeko prest daudela ere adierazi duen.
UGTko Fernando Lujanentzat, berriz, Diazek patronalaren proposamena bere egin du, eta adierazi du Lan Ministerioaren proposamena haien eskaera baino txikiagoa dela. Diazen proposamenarekin, 1.123 euroko soldata izango litzateke gutxienekoa Hego Euskal Herrian eta Espainian —hamalau pagatan ordainduta—.
CEOE Espainiako patronalak %3ko igoera proposatu du 2024rako, eta beste %3ko igoera 2025erako. Espainian azken hamabi hilabeteetan batez beste %3,8koa izan da inflazioa; sindikatuek horregatik ez dute tasa hori baino igoera txikiagorik. Horrez gain, inflazioa handiagoa izaten ari da erosketa saskian, horregatik uste dute gutxieneko soldatek inflazioaren gainetik egin behar dutela gora. Ez dute zehaztu hurrengo bilera egiteko datarik oraindik.
Kontratu publikoen auzia
Patronalak bi baldintza jarri dizkio Diazi gutxieneko soldataren igoera babesteko: nekazaritza sektorean gizarte segurantzan kenkari batzuk onartzea eta gutxieneko soldataren igoera konpentsatzeko kontratu publikoak igotzea. Diazek patronalari erantzun dio gaurko bilera soilik gutxieneko soldatari buruz hitz egiteko dela.
2016tik 2023ra nabarmen handitu da gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian eta Espainian, 655 euro zena 1.080 euro baita orain —hamalau ordainsaritan ordaintzen den lanaldi osoko enplegu batengatik—. Igoera gehienak Pedro Sanchezen gobernuekin egin dira, baina gutxi dira sindikatuek eta patronalak babestu dituzten igoerak. 2020koa izan zen bi aldeen baiezkoarekin onartu zuten igoera; ordutik ez du patronalaren babesik izan Lan Ministerioak.