Akordioa lortuta, bihar hastekoa zen Eroskiko biltegiko greba bertan behera utzi dute

%23ko soldata igoera adostu dute 2025erako, eta lanaldi osoko langileei 70 ordu murriztuko diete urteko jardunaldia.

EROSKI
inaut matauko rada
2023ko abenduaren 19a
18:10
Entzun

ELA sindikatuak iragarri du Eroskiren Elorrioko (Bizkaia) biltegiko hitzarmena sinatzeko ados jarri dela Cecosa enpresarekin. Ia langile gehienek gutxieneko soldata irabazten zuten orain arte, eta %23ko soldata igoera izango dute 2025erako. Bihar greba hastekoak ziren langileak, abenduaren 25era arte, baina, akordioa lortuta, bertan behera utziko dute. 130 bat langilek egiten dute lan biltegi horretan.

Soldata igoera horiekin, 2025ean 22.600 euro inguruko soldata izango dute urtean lanaldi osoko langileek, ELAren arabera. Bestalde, antzinatasunagatik soldata gehigarriak jasotzea ere adostu dute. Enpresan daramaten denboraren arabera, urtean 255 eta 481 euro arteko gehigarria izan daiteke.

Horrez gain, egunero egiten duten 20 minutuko atsedena lan denbora gisa zenbatzea hitzartu dute; beraz, lanaldi osoan, urteko lan denbora 1.770 ordutik 1.700 ordura gutxituko zaie.

Lan osasuna

Sindikatuaren arabera, biltegiko langileek pisu handiak mugitu behar izaten dituzte, eta adostu dute lana errazteko baliabide mekanikoak erabiltzen hastea. Prebentzio neurriak ezartzeko neurri juridikoak hartuko dituela iragarri du ELAk.

Elorrioko biltegiko langile gehienak etorkinak dira, eta gehienek gutxieneko soldata irabazten zuten orain arte. Aurtengo maiatzean egin ziren lehenengoz hauteskunde sindikalak, eta ELAk sei ordezkari lortu zituen, eta LABek hiru. Orduan abiatu zuten hitzarmena berritzeko borroka, ohartu baitziren nola zeuden langileak. Espainiako biltegi handien hitzarmena ezartzen zieten ordura arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.