Ostalaritzako Akordio Markoaren negoziazio mahaiean egiturari buruzko akordio< egin dute sindikatuek eta patronalak. ELAk , LABek eta Confebaskek egindako itunak "aplikazio-lehentasuna ematen die bere eremuan sartzen diren hitzarmen sektorialei" (hiru lurraldeetako ostalaritzako hitzarmenak eta Gipuzkoako ostatu-etxeetakoa), estatu mailako akordioen aldean.
Behin akordio hori lortu ondoren, estatuko sektore eremutik ezin izango dute negoziazio kolektiboa galarazi dagoeneko badiren negoziazio eremuetan, ezta etorkizunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erabaki litezkeenetan ere.
ELAren eta LABen iritziz, akordio honek babestu egiten ditu, batetik, "EAEko ostalaritzako hitzarmenak estatutik patronalak (Confebask honen kide delarik), UGTk eta CCOOk egiten dituzten eraso eta injerentzietatik; eta bestetik, negoziazio kolektiboko euskal Marko bat egituratzen du".
Akordio hori iritsi den arren, ELAk eta LABek badakite "negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoela", eta horrenbestez uste dute "beharrezkoak direla blokeoa gainditzeko ekinbideak". Alegia, sindikatuek diote Arabako eta Gipuzkoako ostalaritza hitzarmenen negoziazioari heldu behar zaiola berriro, "Gipuzkoako ostatu-etxeetako negoziazioari ekin eta akordioak lortu ere bai, sektore horietan lan-baldintzak okertzen dituen egoerari konponbidea emateko". Hala, sindikatu abertzaleek dei egin die lurralde horietako patronalei negoziaziora itzul daitezen "akordioak iristeko borondatez, hartara lantokietan pairatzen den prekaritatea bideratzeko".
Ohar bate bidez, sindikatu biek jakinarazi dute borrokatuko direla lan-hitzarmen horiek berreskuratzeko, "betiere eduki nahikoa izango dutelarik sektore horietako langileek pairatzen duten egoera kaskarrari aurre egiteko". Sukaldaritza edo kolektibitateen sektoreari dagokionez, akordio horren aplikazio eremuan sartzen delarik, erabaki dute lurralde bakoitzeko ostalaritza hitzarmena aplikatuko dela; "horrela, Madrildik inposatu den estatu mailako Sukaldaritza Hitzarmenaren inposizioari aurre eginez".
"ELAk eta LABek uste dugu sukaldaritzako azpisektorearen ezaugarri bereziek berariazko lan-hitzarmen bat eskatzen dutela, hura arautze aldera. Beraz, elkarrekin urratsak egingo ditugu negoziazio-mahai bat eratu arte, azpisektore honetako lan-baldintzak arautzeko hitzarmen bat gauzatzeko".