Aurreko bileran egindako proposamen bateratuarentzako erantzuna espero zuten gaur, eta iritsi da. Bizkaiko metalgintzako ituna negoziatzeko mahaira FVEM patronalak eraman duen proposamena ez da nahikoa izan ELA, LAB, CCOO eta UGTrentzat. Ostegun eta ostiralerako deituta zituzten greba egunei eusten die, beraz.
Patronalaren ustez, ordea, “arduragabekeria handia” izan da negoziazio mahaia martxan egonda bost eguneko greba deialdia egin izana, eta “enpresei zein sektoreko langileei zuzenean eragingo diela” gaitzetsi du. FVEMek ohar bidez azaldu duenez, proposamen berri bat egin dute mahai gainean, eta urtarrilaren 1etik soldatak %3,4 igoko lirateke. Hala ere, aurreko itunean adostutako malgutasun erregimenari eusteko eskaera egin dute.
Sindikatuek balorazio laburra egin dute ohar baten bidez, baina bihar BECen hasiko den +Industry azoken atarian agerraldi bateratua egingo dute negoziazio mahaiaren nondik norakoak azaltzeko.