Bukatu da aurrezki kutxen aroa. Oraingoz, Araban eta Bizkaian, eta udazkenean Gipuzkoan izan liteke. Ehun urte baino gehiago finantzak ulertzeko beste modu baten eredu izan dira kutxak. Orain, forma juridiko hori alde batera utzi eta banku fundazio bihurtu dira BBK eta Vital. EAJren eta PSE-EEren arteko itunak —PP eta CCOO ere bildu duenak— ireki zuen bidea, eta aliantza horrek gehiengo handia bermatu die bi erakundeetako batzar orokorretan. BBKren eta Vitalen historiako azken batzarrak izan dira, aurrerantzean hamabost kideko patronatu batek hartuko duelako bi erakundeetako ondarearen eta geroaren kontrola.
Moldaketak ez duela aldaketarik eragingo agindu dute bultzatzaileek. «Ez du BBKren filosofia aldatuko», ziurtatu zuen Xabier Sagredo aurrezki kutxa ohiko eta fundazio berriko presidenteak, atzoko batzarrean. «Izena aldatuko zaio, baina ez bere DNA. Orain arte zuen egitekoan zentratuta jarraituko du: gizarte ekintzan». Kutxa izateari uztea «agindu saihetsezina» dela argudiatu zuen BBK-ko idazkari nagusi Manuel Jaramillok, halaber. «Bestela desegingo zuten, eta Jaurlaritzak kudeaketa batzorde bat jarriko zuen».
Espainiako Gorteek joan den abenduan onartu zuten 26/2013 legea, aurrezki kutxak eta banku fundazioak arautzeko. Lege horrek berez ez ditu aurrezki kutxak debekatzen, baina baldintzak ezartzen dizkie: ezin dute 10.000 milioi baino gehiago izan aktiboetan, edo merkatuaren %35 baino gehiago kontrolatu. Banku baten jabetza zuten kutxei urtebeteko epea ezarri zitzaien egokitzeko, 2014ko abenduaren 29a artekoa.
Legeak exijitzen duen baino sei hilabete lehenago erabaki dute BBK-k eta Vitalek agindua betetzea. Erabaki polemikoa izan da. EH Bilduk eta euskal gehiengo sindikalak, ELA eta LAB buru, moldaketa atzeratzeko eskatu zuten, bitartean aurrezki kutxen ereduarekin segitzeko nolako aukerak zeuden aztertzeko, edo, gutxienez, erakundeek Kutxabanken zuten jabetza osoari eusteko formulak bilatzeko.
Izan ere, testuinguru oso jakin batean izan da prozesua. Legea onartu eta bi hilabetera Kutxabanken parte bat saltzeko aukera mahai gainean jarri zuen Mario Fernandez presidenteak, bestela gizarte ekintzaren egiturari ezingo zaiola eutsi argudiatuta. Fernandezek etorkizunean kutxa izandakoek, fundazio bihurtuta, izan beharrezko pisua %30era mugatu zuen. Alegia, jabetzaren %70 inbertitzaile pribatuei saltzeko aukera zabaldu zuen. Balizko pribatizazioa bihurtu da, hortaz, benetako borroka. Gaur arte, jabetza osoaren kontrolari eutsi diote aurrezki kutxek.
Geroa, patronatuaren esku
«Bihar gaur bezala izango da», ziurtatu zien Sagredok batzarkideei bozketa erabakigarriaren aurretik, baina berez izaera juridiko eta izen aldaketa baino zerbait sakonago da. Aurrezki kutxek erabakitzeko zuten organo gorena, batzar orokorra, betiko desagertu da. Horren ordez, hamabost kideko patronatu batek hartuko ditu erabaki guztiak, baita fundazioek Kutxabanken duten jabetzari buruzkoak ere bai. Aldaketa handia da, batzarretan ordezkaritza zabalagoa zelako, eta lau urtean behin txandakatzen zelako, neurri handi batean hauteskunde prozesuen bidez.
BBK-k eta Vitalek atzo onartu zituzten estatutuei jarraituz, agintean dagoen patronatuak aukeratuko ditu patronatukide berriak, organoa berritzeko sasoia iristen denean. Hala izango da, behintzat, Eusko Jaurlaritzak iragarri duen fundazioen lege berrian ez bada bestelako aukeraketa sistemarik ezartzen. Patronatuak, era berean, Kutxabankeko kontseilariak izendatuko ditu.
BBKren eta Vitalen patronatuetako kideak euren artean banatu dituzte EAJk, PSE-EEk eta PPk, CCOOri ere lekua utzita. Kutxak fundazio bihurtzeko itunean haratago jo zuten jeltzaleek eta sozialistek: etorkizunean Kutxabanken bestelako inbertitzaileak sartzea aurreikusiko balitz, elkarren artean erabakiko dutela hitzartu dute.
Fundazioak zuzenduko dituen patronatuaren formula gogor salatu du EH Bilduk. Funtsean, gizarteari aurrezki kutxa izandakoen etorkizunari buruzko erabakia «lapurtu» zaiola uste du. «EAJ, PSE-EE, PP eta CCOOk jarri dituzte hamabost pertsona horiek, eta ez da egongo inolako kontrol sozial edo publikorik», Arantza Urkaregi koalizio abertzaleko ordezkari eta BBK-ko batzarkidearen ustez. Patronatuetan ordezkaririk ez du izango EH Bilduk.
BBKn, botoen %86 alde
BBK banku fundazioari dagokionez, Kutxabankeko akzioen %57 kontrolatuko ditu. Halaber, 2.774 milioi euroko ondare garbi batekin jarriko da martxan. Moldaketa arautzen zuten gai zerrendako zortzi puntuak batera bozkatu zituen batzarrak. Aurrezki kutxa izateari uzteko eta fundazio bihurtzeko erabakiaren alde 61 batzarkidek bozkatu zuten, batzarrean zeudenen %86k. Zortzi boto izan ziren aurka, abstentzio bat eta batzarkide batek ez zuen bozkatu.
Araban babes txikiagoa izan zuen proposamenak, baina, hala ere, parte-hartzaileen bi herenak gainditu zituen. 66 batzarkide agertu ziren deialdira, eta 45ek alde bozkatu zuen (%68,2). Moldaketaren aurka bozkatu zuten 11 batzarkidek eta beste 10 lagun abstenitu egin ziren. Vitalek ez zuen jakinarazi zenbateko ondarea kudeatuko duen. Kutxabanken %11 kontrolatzen du Arabako kutxa izandakoaren fundazioak.
Horiek horrela, Kutxari baino ez da zaio geratzen banku fundazio bihurtzeko urratsa egitea. Kasu horretan alde eta kontra dauden indarrak oso parekatuta daude batzar orokorrean. Oraingoz, erabakia udazkenera arte atzeratu du Kutxako zuzendaritzak.
Protesta arteko batzarrak
Aurrezki kutxek Kutxabanken zuten jabetzaren parte bat pribatizatzeko aukerak sektore ugari mobilizatu ditu. Banku fundazio bihurtzeko erabakiak prozesu hori erraztuko duela iritzita, atzo batzar orokorren aurrean elkarretaratzeetara deitu zuen Gunek, euskal sindikatuen eta gizarte eragileen plataformak.
BBK-k Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean elkartu ziren manifestariak, batzarra hasi baino lehen. Eserialdia egin zuten, eta Kutxabank publiko eta sozial baten aldeko oihuak entzun ziren. Ertzainen eta protesta egiten zutenen artean tentsio uneak izan ziren, eta manifestari batzuk identifikatu zituzten poliziek.
Bilbon baino bi ordu beranduago zegoen iragarrita Vitalen batzarra, kutxak Gasteizko kanpoaldean duen eraikinean. Gune eta Kaleratzeak Stop Araba plataformek zuten antolatua elkarretaratzea. Pribatizazioaren aurkako oihuekin ekin zioten bilkurari. Aurrean ertzainak paratu ziren, baina, Bilbon ez bezala, ez zen aparteko tentsiorik sortu.
Batzarrek amaiera eman diote aurrezki kutxen historia luzeari Araban eta Bizkaian, zeina Gasteizko aurrezki kutxarekin hasi zen, 1850. urtean. Garai gorabeheratsu baten amaiera izan da. Aurrezki kutxak bere horretan bateratzeko saio guztiek huts egin ondoren, finantza negozioa banku batean biltzea erabaki zuten 2011n. Bankuaren jabetzari eta gizarte ekintzaren kudeaketari eutsi zioten kutxek. Orain, beste bide bat ireki dute, fundazio gisara, baina, Gipuzkoan zer gertatuko den esperoan, aurrezki kutxak ez dira bueltatuko.
BBK eta Vitalen eraldaketa. Batzar orokorrak
Akabo aurrezki kutxak
Banku fundazio bihurtzea onartu dute BBK-ko eta Vitaleko batzar orokorrek, gehiengo handi baten babesarekin.EAJ, PSE eta PPk adostutako patronatuek hartuko dute orain ondarearen kontrola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu