AIT eraberritzen hasiko dira gaur, Barakaldon

Batzarrarekin, erakunde anarkosindikalista indarberritu nahi dute, eta erakundea berriz ere tresna erabilgarri bihurtu. Nazioarteko sindikatuetako ordezkari ugari bilduko dira eraberritze prozesuan

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2016ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Barakaldo (Bizkaia) nazioarteko anarkosindikalismoaren erdigune izango da gaur. Hain zuzen, AIT Langileen Nazioarteko Elkarte historikoa eraberritzeko batzarra egingo du CNTk bertan duen egoitzan. «Erakundea bera indarberritu nahi dugu, iruditzen baitzaigu une honetan ez duela bete beharreko funtzioa betetzen», azaldu du Endika Alabort CNTko kideak. Horregatik hausnarketa egin nahi dute, eta erakundea «tresna erabilgarri bilakatu» berriz ere. Nazioarteko ordezkari ugari bilduko ditu batzarrak, eta 10:00etan hasiko dute topaketa.

Alabortek azaldu du nazioarteko erakunde anarkosindikalistekin harremana sakondu nahi dutela. «Ekonomiaren aldetik mundua gero eta globalagoa baldin bada, eredu sindikalak ere horrelakoa izan behar du», azaldu du. Jabetuta dago egoera horri aurre egitea zaila dela, baina azaldu du ekarpen txikiekin gauza handiak egin daitezkeela. Eta adibidea jarri du: «Enpresa multinazional batean lan gatazka bat baldin badago, eta egoitza nagusia Alemanian badaukate, bertako zentraleko kideek ere presio egin dezakete». Alegia, lekuan lekuko borrokak nazioartera zabaltzea izango litzateke Alabortentzat epe motzerako helburua, «zerbaitegatik gara anarkosindikalistak, eta zerbaitegatik ez ditugu estatuen mugak errespetatzen». Horrekin guztiarekin zerbait praktikoa egin nahi dutela azaldu du, «eta batzarra horretarako izango da».

Luzera begira, bestalde, arazo ezberdinei erantzun bateratua ematea litzateke helburua, baina horretarako lehenengo txikitik hasi behar dela azaldu du ordezkari sindikalak. «Asmo nagusia gauza praktikoak egitea da, eta ikusten dugunean zein indar biltzen dugun, aurrera begira zer egin ikusiko dugu».

AITren funtzioa lozorroan sumatu du Alabortek, baina hark bezala, baita CNTk edo Italiako USIk eta Alemaniako FAUk ere. Hiru federazioen arteko hausnarketa baten ondoren iritsi da gaur egingo den batzarraren deialdia. Baina horiez gain, nazioarteko ordezkari gehiago ere bilduko dira Barakaldora: Poloniako IP, Greziako ESE, Frantziako CNT eta CNT-AIT; Munduko Industria Langileak (IWW) Alemanian, AEBetan eta Erresuma Batuan dituen ordezkariak ere bidaliko ditu batzarrera, eta Argentinako FORAko kideek bideokonferentzia bidez hartuko dute parte.

Hala eta guztiz ere, AITren eraberritzeak erakunde anarkosindikalistak edo sindikatu iraultzaile ez-bertikalak direnei eskua luzatu die, bertan parte hartzeko nahia izango balute. Baldintza bakarra jarri dute: «Inongo hauteskunde proiekturi babesa eskaintzen ez dien erakundeei, eta estatuaren aldetik finantzaketarik jasotzen ez dutenei egiten diegu deia, horrek erakunde horren independentzia bermatzen baitu».

Beharrak eta ingurunea aldatu egin dira denborarekin, baina AIT sortu zen garaiko parekotasunak ere topatu dizkio egungo egoerari Alabortek. 1922. urtean sortu zuten erakundea Alemaniako hiriburuan, faxismoa eta nazismoa indarra hartzen ari ziren garaian, eta kapitalismoa hedatzen ari zenean.

Alabortek nabarmendu du gaur egun hainbat faktore errepikatzen ari direla, eta, hain zuzen ere horregatik, uste du anarkosindikalismo antolatua beharrezkoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.