Aisialdiari loturiko gastua %22 handitu da

Etxeetako gastua oro har %5 handiagoa da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pertsona bakoitzak 15.570 euro gastatu zituen batez beste, %4,5 gehiago.

Ehunka lagun uda honetan egindako musika festibal batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ehunka lagun uda honetan egindako musika festibal batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko uztailaren 5a
12:30
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxeko batez besteko gastua 36.331 eurokoa izan zen iaz, aurreko urtean baino %4 handiagoa; eta 15.570 eurokoa pertsona bakoitzeko (+%4,5). Eustatek emandako datuen arabera, aisialdiari loturikoak handitu ziren gehien: %21,6. Guztira, 1.745 euro urtean etxeko.

Gastu horren %62 kultur eta kirol ikuskizunekin dute harremana. Pakete turistikoek %19ko pisua dute, eta beste horrenbeste ikus-entzunezko ekipoek eta liburuek-eta. Hortik kanpo dago jatetxeetan eta hoteletan egindako gastua: %6,2 handitu zen, etxe bakoitzeko 4.088 euro batez beste.

Eustatek neurtzen dituen hamabi taldeetatik zortzitan handitu da gastua. Etxebizitzari eta elikadurari lotutakoak guztizkoaren erdiak dira oraindik ere (%51,1). Etxebizitzarena, urarena, elektrizitatearena, gasarena eta beste erregaiena da handiena, eta gastu osoaren herena (%35,4): 12.849 euro urtean etxe bakoitzeko. Etxe guztien gastua kontuan hartuta, 2022an baino %5,4 gehiago.

Energien prezioen jaitsierak ez du gastu horren igoera eten. Etxe bakoitzeko batez besteko energia faktura %8,8 gutxitu zen iaz; elektrizitatearen kasuan %11,9, eta gasarenean %4,1. 2022an, gastu horiek %9,6 eta %21,5 igo ziren, hurrenez hurren. Hipotekek eta alokairuek zama handiegia dute oraindik ere.

Bigarren gastu nagusia elikadurarena eta alkoholik gabeko edariena da, guztizkoaren %15,7. Kasu horretan, %5,4 igo da, eta batez beste 5.714 eurokoa da etxe bakoitzeko. Edari alkoholdunena %2,5 igo da, eta jantzien erosketekin loturikoa, %1,3.

Osasunean gehiago, hezkuntzan gutxiago

Osasunean hazkundea %5,8koa izan da, 1.272 euroko batez besteko gastuarekin.

Aitzitik, gastuak gutxitu egin dira irakaskuntzan (-%15,6), altzarietan, etxeko artikuluetan eta etxeko ohiko mantentze lanetarako artikuluetan (-%5,3) eta komunikazioetan (-%3,2).

Lurraldeka, Bizkaian handitu da gehien etxeetako batez besteko gastua, 36.491 euro, %7,7 gehiago. Araban, 36.330 eurokoa izan zen, % 3,3 handiago. Bestalde, Gipuzkoan %1,4 murriztu zen, 36.066 euroraino.

Bakarrik bizitzea, garestiago

Etxekoen unitatearen tamaina kontuan hartuta, kide bat dutenen gastua batez bestekoak baino %56,8 handitu zen; 24.409 euro urtean. Bi kide dituzten etxeetan, pertsona bakoitzeko batez besteko gastua 18.462 eurokoa izan zen, batez bestekoaren %18,6 gainetik.

Aitzitik, hiru kide (14.024 euro pertsona bakoitzeko) eta lau kide eta gehiago (11.223 euro) dituzten etxeetan batez bestekoaren azpitik gastatu zuten (%9,9 eta %27,9 gutxiago, hurrenez hurren).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.