Aireportuetako datuek baieztatu egin dute abuztuan Euskal Herriko kaleetan antzemandakoa: turismoak gora egin du. Iazko abuztuan eta aurtengo uda hasieran baino beteagoak izan dira hotelak, eta beteagoak izan dira, hortaz, Euskal Herrira bidaiariak ekarri dituzten hegazkinak ere. AENA aireportuen kudeatzailearen arabera, aurtengo abuztuan 462.051 bidaiarik erabili dituzte Hego Euskal Herriko lau aireportuak, iazko abuztuan baino 220.517 gehiago. Hau da, %91,3 handitu da bidaiarien kopurua abuztu batetik bestera. Edo bestela esanda, iaz galdutakoen erdiak baino gehiago (%56) berreskuratu dituztela.
Aireportu guztietan egin du gora trafikoak, baina bereziki Noainen (+%224) eta Hondarribian (+%152). Edonola ere, datu osoetan Loiuko aireportuak du pisu handiena, Bizkaiko aireportura iristen baitira —edo handik irteten dira— lau lurraldeetako ia hamar bidaiaritik bederatzi. Loiun trafikoa %86 handitu da.
Baina begirada pandemia aurreko datuetara eramanez gero, argi dago oraindik asko falta dela aireportuek koronabirusaren aurreko irudia berreskuratzeko. Izan ere, 2019ko abuztuan ia 625.000 lagun igaro ziren aireportuetatik. Aurten 162.000 gutxiago izan dira (-%26).
Joera berriak
Hau da, 2019ko bidaiarien laurdena falta dela oraindik. Ikusteko dago horiek berreskuratuko ote dituzten, badaudelako pandemiak hauspotutako zenbait joera, luzaroan iraun dezaketenak: hala nola oporrak etxetik gertuago igarotzeko asmoa, negozio bidaien gutxitzea eta ingurumenarekiko kezka —hegazkinek isurtzen dute gizakien jardunaren ondoren isurtzen den CO2aren %2,5, baina garraioak eragindakoaren %12etik gora; gainera, autoekin ez bezala, hegazkinekin ez dago oraingoz erregai fosilen alternatiba sendorik—.
Ondorioz, baliteke urteak behar izatea 2019ko mailara itzultzeko, edo halakorik ez gertatzea etorkizun hurbilean. Urte horretan hautsi zituzten markak Euskal Herriko bost aireportuek, 7,7 milioi bidaiariekin. Kopurua zortzi milioietatik gertuago izango zatekeen, baldin eta Miarritzeko aireportua hainbat astez itxita egon ez bazen berritze lanak egin ahal izateko.
Lapurdiko kostaldeko aireportuak ez du hilabeteko trafikoaren daturik eman pandemia hasi zenetik, baina trafiko aldetik, Euskal Herriko aireporturik handienetan bigarrena da, Loiutik urrun baina Hondarribiak, Noainek, eta Forondak batera dituzten erabiltzaileen gainetik. Iaz, esaterako, 383.366 bidaiari igaro ziren Miarritzetik, aurreko urtean baino %64 gutxiago. 2020ko martxoaren erdialdean itxi zuten, eta ez zuten ekainera arte berriro ireki.
Erorikoa apaltzen ari da
Abuztuko trafiko gorakadaren eskutik, 2021eko datuak jada 2020koen gainetik daude. Zehazki, Hego Euskal Herriko lau aireportuek milioi eta erdi bidaiari izan dituzte urtarrilaren hasieratik abuztuaren bukaerara, iazko lehen zortzi hilabeteetan baino 57.102 gehiago (+%3,9).
Kontuan hartu behar da 2020ko lehen bi hilabete eta erdietan —trafiko aldetik ahulenak, bidenabar— ez zela garraiorako murrizketarik izan; 2021. urtean, kontrara, Euskal Herria eta Europako herrialde gehienak koronabirusaren hirugarren olatuarenaurka borrokan ari zirenez, joan-etorrietarako muga asko izan ziren, eta horrek aisialdirako eta lanerako bidaiak asko murriztu zituen. Muga horietako asko kendu ziren udaberriaren amaieran, eta orduz gero handitu da mugimendua Euskal Herriko eta kanpoko aireportuetan.
Edonola ere, 2019ko datuetatik oso urrun geratuko da 2021. urtea, eta nekez iritsiko da orduan izandako bidaiarien erdira. Lehen zortzi hilabeteetan, erorikoa %66koa izan da. Uztailean, berriz, ia %73koa zen.
Aireportuek iazko abuztuan galdutako bidaiarien erdiak berreskuratu dituzte
Urrun daude, ordea, 2019ko datuetatik, orduko abuztuan baino %26 gutxiago izan baitira Hegoaldeko aireportuetan: erorikoa %66koa da urteko lehen zortzi hilabeteetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu