Airbus-Boeing gatazka gehiago ez sakontzea hobetsi dute AEBek

Ardoari eta beste produktu batzuei ezartzen dizkieten muga zergak ez igotzea erabaki dute. EBk uste du negoziaziorako aukera bat dela

Airbusen lantegi nagusia, Blagnacen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiak estali egin du merkataritza gerraren oihartzuna, eta txiki utzi ditu hark eragindako kalteak. Baina gatazka ez da amaitu, eta AEBetara esportatu behar duten Europako Batasuneko enpresak zigortzen ditu oraindik ere. Kalte hori ez handitzea bederen lortu dute Euskal Herriko ardo esportatzaileek, Washingtonek bere hartan utzi baitu Airbusen diru laguntzen harira edari horren inportazioei azken hilabeteetan jarri dien %25eko muga zerga.

Erabakia ez dute gaizki hartu Bruselan, espero baitzuten AEBetako Gobernuak handitu egingo zituela tarifak —aeronautikako produktuek %15ekoa ordaintzen dute, eta ardoak eta beste elikagaiek, %25ekoa—, eta zabaldu egingo zuela hura ordaindu behar duten produktuen sorta.

Azken hilabeteetan, 7.500 milioi dolarren EBren inportazioak zergapetu dituzte AEBek, batasuneko hainbat gobernuk Airbusi emandako mailegu merkeak «legez kanpoko laguntza» zirela ebatzi baitzuen MME Merkataritzaren Mundu Erakundeak. Beste 3.100 milioi dolarren inportaziori muga zergak ezartzea eta tarifa horiek %100era iristea aukeren artean aipatu zituen Washingtonek, baina aldaketa «apalak» egitea hobetsi zuen, Robert Lighthizer kanpo merkataritzaren arduradunaren hitzetan. Greziako eta Erresuma Batuko produktu batzuk kendu ditu zerrendatik, eta Alemaniako eta Frantziako salgai batzuk gehitu. Mugimendu garbia dirudi EBren gidaritza praktikoa duten bi estatukideak negoziazioetan baldintzatzeko.

«EBk ontzat hartu du AEBek hegazkinen inguruko gatazka ez okertzeko hartutako erabakia», azaldu zuen atzo Europako Batzordeak. «Bi aldeek baliatu beharko lukete merkataritzari buruzko eztabaidari irtenbide negoziatu bat aurkitzeko». Brusela aspaldi ari da eskatzen negoziazioak indartzeko, eta jada lau proposamen egin dizkie AEBei. Negoziazio horiei begira, keinu bat egin zuen uztailean. Airbusek iragarri baitzuen interes handiagoak ordainduko dituela Frantziak eta Espainiak emandako maileguetan.

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan aduanazainekin zegoela, presio egin zuen atzo Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak: «Ez bada konponbide azkarrik, EBk erantzuteko prest egon behar du, irmo eta batuta erantzuteko». Baliteke irailean etortzea erantzun hori, ordurako espero baita MMEk beste ebazpen bat jakinaraztea, kasu horretan ustez AEBetako Gobernuak Boeingi emandako laguntzei buruz. Aldeko epaia espero du Bruselak, eta 11.200 milioi dolarren AEBren esportazioak zergapetzeko neurriak prestatzen aritu da azken urteetan.

Airbus-Boeing lehiaren inguruko borrokak kalte egin die AEBetako jatetxe, inportatzaile eta banatzaile askori. Batzuentzat, egoera larria da, krisiaren ondorioz salmentak amildu egin direlako eta produktu asko saltzeke dituztelako biltegietan. Horregatik, hamahiru senatarik eskatu dute zigorrak bertan behera uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.