Ai, badia !

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Joxerra Garzia saritzea, Donostian urtetan bizi eta bat-batean badiaren edertasunaz ohartzea lez da. «Ai, badia, zein ederra zaren» (ahatik, beti hor egon zara). Burtsak atzo kolpetik barneratu zituen: dolarraren ahulezia (kronikoa?), banku gehiagoren balizko galera eta porrotak (Herbereetan jauzi berri denak Vital Kutxaren tamaina du) edota berrindartzeak luze jo dezaken ustea. Zaharrak berri izan liteke, baina lan handia dute txerritxo ehiztariek egoera barneratzen. Jendaurrean hizlari hasita, AEBen defizitaren biluztasuna salatzea zaila da. Langabezia hitzetik hortzera erabilita, horrek enpresen mozkinetan izango duen eragina ere ezin da zentsuratu. Eta burtsaren jardunak, bat-batekoa izanik ere, analisi teknikoak ditu sarri atzean. Alegia, izena eta izana kontrajarriak dituen uste, aurrikuspen eta ohiko jokamoldeak. 2.311 milioiren salerosketarekin, besteak beste, Sacyrren (-%3,64) K eta Santanderren (-%1,4) K batu ziren: K+K = KK.



Eurotoxx- 50. Dela Herbereetan porrot egin duen bankuagatik, dela rating etxeek aurrikusten dizkieten zailtasunengatik, Eurostoxx-50 (-%1,21) indizean, bankuek izan zituzten emaitzarik kaskarrenak: Credit Agricole (-%2,76), ING (-%1,45), Santander (-%1,4).



Santander. Espainiako finantza erakundeek adreilu lar dute euren balantzeetan. 57 mila milioiren zuzkidurak aurrikusten dizkie Moody's rating etxeak. Liseriketa motel doa: Santander Inmobiliario funtsak, berbarako, duela 5 hilabete saldu zuen zerbait azkenekoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.