Agur turista asiarrei

Nazioarteko bidaiak ugaritzen ari dira, baina badira kanpora joan nahi ez dutenak ere. Galdeketa batek erakutsi du Asian dagoela iritzi hori duen pertsona gehien.

TXINATAR TURISTAK KENYAN
Txinatarren %14k esan dute ez dutela berriz bidaiatuko. Irudian, txinatar turista batzuk Nairobiko aireportuan (Kenya). DANIEL IRUNGU / EFE
Josep Solano
2023ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Inkesta baten arabera, Asia da atzerrira bidaiatu nahi ez duen herritar gehien daukan kontinentea. Iragarria zegoen turismoaren industrian boom ikaragarria izango zela pandemiako murrizketak bukatzen zirenean, baina gero eta asiar gehiagok egiten diote uko atzerrira bidaiatzeari, eta horrek eragin ekonomiko handia izan lezake Europan.

Munduaren parte handi batean COVID-19aren eraginez bidaiei ezarritako debekuak bukatu zirenean, asko eta asko saiatu ziren iragartzen zer-nolako bidaiak nagusituko ziren pandemiaren ondoren: jendetzatik urrun igarotzeko moduko oporrak, garapen jasangarria errespetatzeko moduko bidaiak, paradisuzko lekuetara joateko bidaia luzeak, tokiko esperientziak herrialde urrunetan, eta abar eta abar. Jendea pandemiako konfinamendu urteetatik ihesi hasi den honetan, badirudi nazioarteko bidaiak izugarri ugaritzen ari direla, baina bada beste joera bat, horren kontrakoa: batzuek ez dute sekula berriro kanpora joan nahi, eta beren herrialdean bertan edo inguruan bidaiatzearen alde egin dute.

Berriki, Morning Consult datuak aztertzeko konpainiak inkesta bat egin die hamabost herrialdetako 16.000 heldu pasatxori, eta Asian omen dago «berriro inoiz bidaiatuko ez dutenen» ehunekorik handiena. Inkesta horren arabera, galdetu dieten hegokorearren %15 inguruk eta txinatarren %14k esan dute ez dutela berriz inoiz bidaiatuko; haien ondotik, estatubatuarrak datoz (%14), eta mexikarrak (%11).

Etxean bezala, inon ez

Morning Consult etxearen Bidaien eta abegikortasunaren egoera txostenaren arabera, japoniarrek daukate bidaiatzeko eragozpen gehien: inkestari erantzun diotenen %35 pasatxok esan zuten ez direla berriro joango atzerrira. Munduan gero eta joera handiagoa dago bidaiatzeko, baina japoniarrek ez daukate halako gogorik; alde nabarmena dago, are, japoniarren eta haien bizilagun asiarren artean: hegokorearren %66k eta txinatarren %65ek erantzun zuten asmoa zutela hurrengo hamabi hilabeteetan bidaiaren bat egiteko; japoniarren artean, berriz, %45ek baino ez zuten turismoa egiteko gogoa.

Japoniatik irteteko gogo falta hori ez da kontu berria: galdeketaren emaitza ez da guztiz ezustekoa izan. Izan ere, nahiz eta Japoniak daukan munduko pasaporterik sendoenetako bat, japoniarren %20k baino gutxiagok dute atzerrira bidaiatzeko pasaportea. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, nazioarteko bidaiak bizkor ugaritu ziren, baina, 1990eko urteen erdialdetik, joera hori ez atzera ez aurrera geratu da, Japoniako Turismo Erakunde Nazionalaren estatistikek diotenez. Horren erakusgarri, 2000. urtean eta 2017.ean japoniar kopuru bertsua joan zen atzerrira (hemezortzi milioi inguru), nahiz eta azkenaldian munduko herrialde askotan izugarri zabaldu den nazioartera bidaiatzeko ohitura. 

Yasuhiro Ueda ekonomialariak BERRIAri esan dio agian kulturala dela fenomeno horren motiboetako bat: japoniarrek «arrisku oro saihesteko» daukaten zuhurtasun ezaguna, alegia; bereziki, atzerrian gaixotasunen bat ez harrapatzeko. «Beste arrazoi batzuengatik ere nahiago izaten dute herrialdean bertan bidaiatu: batetik, hizkuntzaren hesia hor dago, eta, bestetik, ez dute izaten opor egun askorik segidan». Uedak gehitu du lanpostu gehienetan ez dela «erraza izaten oporraldi ordainduak hartzea». Gainera, «gero eta japoniar gehiago konturatzen ari dira leku eder askoak daudela Japonian, eta ondo pasa dezaketela atzerrira joan gabe ere». Uedak, dena den, ez du baztertzen hurrengo urteetan hori aldatzea, munduaren nondik norakoaren arabera.

Ondorio ekonomikoak

Japoniarrak maiz-maiz joan izan dira, besteak beste, Hawaiira, Hego Koreara, Thailandiara eta Taiwanera, baita Europara ere —hala nola Parisera, Londresera eta Bartzelonara—, baina, oraingo joera hau berresten bada, litekeena da leku horietan ondorio ekonomiko handiak izatea. Uedak dioenez, osasun eta lan arrazoiak ez ezik arrazoi ekonomikoak ere kontuan hartu behar dira segur aski: «Batzuek esaten dute pandemiaren ondorioz erabaki dutela japoniar askok atzerrira ez joatea, baina, nire ustez, eragin handiagoa du azken asteetan yenaren balioa inoiz baino txikiagoa izateak».

Japoniarren turismoaren beheraldiak Ameriketako Estatu Batuei ere eragiten die nabarmen, okerrerako; han, ohartu dira beren herritarrak Europara joaten direla nagusiki, baina turistak ez zaizkiela etortzen pandemiaren aurretik adina. Hainbat faktorek uxatzen dituzte mundu osoko turistak munduko lehen potentziatik: bisa lortzeko luzaroan itxaron beharrak, herrialde hartako egoera geopolitikoak, Ukrainako gerrak, eta beste zenbait arrazoi sozialek.

Txinako Gobernuak, berriki, Estatu Batuetara taldean bidaiatzeko murrizketak kendu ditu, eta horrek halako arindu bat ekarri dio Estatu Batuetako turismoaren industriari. Hango Merkataritza idazkaria, Gina Raimondo, Txinara joan zen duela hilabete batzuk eta akordio bat egin zuen bi herrialdeen arteko hegaldiak orain halako bi izan daitezen.

2019an, 2,8 milioi txinatar joan ziren bidaian Estatu Batuetara, eta, berez, hara joandako bidaiari atzerritar guztien %4 baino ez ziren izan, baina, aldi berean, haiek egin zuten turista guztien gastu osoaren %13. Estatu Batuetako Bidaia eta Turismo Bulego Nazionalaren arabera, 800.000 txinatarrek bidaiatuko dute aurten Estatu Batuetara, eta horrek asko kezkatzen ditu hango agintariak. Raimondoren esanetan, 2019an adina bisitari txinatar joango balira, horrek 30.000 milioi dolar baino gehiago ekarriko lizkioke Estatu Batuetako ekonomiari, baita 50.000 lanpostu ere; ez da inolako txikikeria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.