Atalka, kapituluka, ari da ixten aurrezki kutxen aroa. Ehun urtez baino gehiagoz finantzak ulertzeko beste modu baten eredu izan dira kutxak. Eredu horri agur esaten lehena Nafarroako Kutxa (CAN) izan zen —CaixaBankek irentsi zuen 2012an eta 2013an desegin zen CANeko batzarra banku fundazioa sortzeko—, bigarrenak BBK eta Vital izan ziren joan den ekainean. Agurraren azken kapitulua, hirugarrena, Kutxak idatzi zuen atzo. Gipuzkoako aurrezki kutxa zenaren batzar orokorrak bere azken bilera egin zuen, eta organoa desegitea eta erakundea banku fundazio bihurtzea erabaki zuen. Batzarkideen gehiengoak eman zion babesa: 71 batzarkide izan ziren bileran, horietatik 39k babestu zuten aldaketa, eta EH Bilduko ordezkariek aretotik alde egin zuten.
Batzarra deseginda, beraz, patronatuaren esku geratuko da aurrerantzean Kutxaren ondarearen eta etorkizunaren gaineko kontrol osoa. Hamabost kidekoa izatekoa zen patronatua, baina 11koa izango da. EH Bilduk uko egin die bere lau ordezkariak hautatzeari, baita Donostiako Diputazioak eta Donostiako Udalak kide bana hautatzeari ere. Baina atzoko batzarrean patronatukidetzat jo zituzten Kutxaren bi erakunde sortzaileak, oraingoz euren ordezkariak izendatu ez badituzte ere.
Aurrezki kutxa gisa azken kapitulua izan zen atzokoa Kutxarentzat. Amaiera. 1879an sortua zen Donostiako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxea, eta 1896an Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala. 1990ean bat egin zuten biek, Kutxa sortzeko. Atzo izan zen aurrezki kutxa horren azkena. Orain arteko aginte organoak desegin dira, eta beste izaera bateko erakunde bat sortu dute: Kutxa banku fundazioa. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako Foru Aldundia eta EH Bildu konbentzituta daude azken kapitulu hori ez dela azken-azkena. Diputazioaren proposamenari jarraituz, posible dela atzera egitea, eta banku fundazioa berriro fundazio arrunt bihurtzea. Teorian posible bada ere, praktikan ia ezinezkoa dirudi. Izan ere, aurrerantzean Kutxaren erabaki nagusiak patronatuak hartuko ditu. EH Bilduk oraingoz bere burua patronatu horretatik kanpo laga du, eta patronatuko kideek ez dute atzera egiteko inongo borondaterik.
Espainiako Gorteek iazko abenduan onartu zuten 26/2013 legea, aurrezki kutxak eta banku fundazioak arautzeko. Lege horrek berez ez ditu aurrezki kutxak debekatzen, baina baldintzak ezartzen dizkie: ezin dute 10.000 milioi baino gehiago izan aktiboetan, edo merkatuaren %35 baino gehiago kontrolatu. Banku baten jabetza zuten kutxei urtebeteko epea ezarri zitzaien egokitzeko, 2014ko abenduaren 29a artekoa.
Legeak ezarritako epea baino sei hilabete lehenago egin zuten aldaketa BBK eta Vitalek, joan den ekainaren amaieran. Dagoeneko banku fundazioak dira biak. PPren gobernuak EAJren babesa jaso zuen Espainiako Kongresuan legea onartzeko, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutxen bankarizazio prozesua bi alderdi horiek ez eze, PSE-EEk ere babestu du. Hiru alderdiek, gainera, CCOO sindikatuaren babesa jaso dute kutxak banku fundazio bihurtzeko. Atzo bertan, Pixkanakak eta CCOOk Kutxa banku fundazio bihurtzearen aldeko botoa eman zuten batzar orokorrean.
Erabaki polemikoa izan da hasieratik, eta aurrezki kutxa izaten jarraitzeko aukerak aztertzeko eskatzen aritu dira EH Bildu eta euskal gehiengo sindikala, ELA eta LAB buru. Edo, gutxienez, hiru erakundeek Kutxabanken duten jabetza osoari eusteko formulak bilatzeko eskatzen. Gipuzkoako Diputazioak joan den irailean aurkeztu zuen proposamen bat: Kutxak gaur egun Kutxabanken dituen akzio gehienak Gipuzkoako erakunde publikoei ematea, doan, eta haiek lortutako irabazia, gero, Kutxari itzultzea, hark gizarte ekintzara bidera dezan. Kutxako presidentearen ustez,aukera hori «legez kontrakoa, bideraezina eta lege iruzurra» izango litzateke.
Kutxabanken jabetza
EH Bilduk behin eta berriz salatu du kontrol soziala eta gizarte ekintza kolokan jarriko dituela bankarizazioak. Baina Xabier Iturbe Kutxako presidenteak ukatu egin du horrelakorik. Batetik, haren esanetan, Bizkaian eta Araban ez bezala, Kutxan patronatukideak Gipuzkoako Batzar Nagusiek proposatuko dituztelako lau urtean behin —azken hitza patronatuak berak izango du nolanahi ere—; bestetik, «gizarte ekintza soilik Kutxabanken irabaziei lotuta» dagoelako.
Debatearen beste puntu garrantzitsu bat da Kutxabanken jabetza, balizko pribatizazioa. Egun BBK, Kutxa eta Vital fundazioek dute bankuaren jabetzaren %100. Baina Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak urte hasieran azaldu zuen etorkizunean hiru fundazioek akzioen %30 izan beharko lituzketela soilik. Hau da, jabetzaren %70 inbertitzaile pribatuei saltzeko aukera zabaldu zuen. Dena dela, oraindik ez dago erabat garbi hiru fundazioen artean jaitsi behar ote direnik jabetzaren %30era ala fundazio bakoitza. Gaur egun, BBKrenak dira Kutxabankeko akzioen %57, Kutxarenak %32 eta Vitalenak beste %11.
Protestak atarian
Jakina zen atzokoa ez zela egun lasaia izango Kutxaren egoitzaren inguruan. Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataformak deituta, goizetik bildu zen jendea Donostiako Andia kaleko aretoaren kanpoaldean. Etxegabetzearen zain daudenak, IRPHaren kaltetuak eta Kutxak funts putreei saldutako maileguen abal emaileak ziren protestan ari ziren asko. Kutxabank lapurrak, Kutxabank publikoa eta Iturbe dimisioa oihukatu zuten, besteak beste.
Kutxako zuzendaritzak ez zuen onartu batzar orokorrean Gipuzkoako Diputazioaren proposamena eztabaidatzerik. EH Bilduko batzarkideek eztabaida egiteko eskatu zuten batzarraren hasieran, baina ukatu egin zioten, eta aretotik atera ziren. «Mikrofonoa hartu dugunean elektrizitatea ere kendu digute», salatu zuen Ainhoa Beola EH Bilduren Kutxako batzarkideak. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere batzarrean izan zen gonbidatu gisa, Donostiako alkatearekin batera. «Gipuzkoarrei eztabaida ukatu diete», kexatu zen Garitano. Eta gaineratu zuen Kutxak atzo hartutako erabakian atzera egiteko «legzko bide guztiak» aztertzen ari direla.
EAJk berretsi du, ordea, banku fundazioak bermatzen dituela kontrol publikoa eta gizarte ekintza. «Berriro ere, ezker abertzaleak nahiago izan du protesta egin eta pankartaren atzean egon. Baina estrategia hori okerra eta arduragabea da», Iñigo Barandiaran Kutxako administrazio kontseilu ohiko idazkariaren esanetan. «Gaur [atzo] Kutxa banku fundazio bilakatzea onartu dugu. Eta modu erabat demokratikoan egin dugu, beti Gipuzkoaren aniztasuna, Kutxaren kontrol publikoa eta gizarte ekintza bermatuta».
Kutxaren eraldaketa. Batzar orokorra
Agur kutxei, hirugarrenez
Kutxa banku fundazio bihurtzea onartu du batzar orokorraren gehiengoak.Patronatua 11 kidek osatuko dute Gipuzkoako Diputazioak eta Donostiako Udalak oraindik ordezkariak hautatu ez arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu