Lau mila kilometro luzeko hodi sarea, Nigeriatik Europaraino, bidean Niger eta Aljeria gurutzatuz. Saharan zeharreko gasbidearen planoaren laburpena da, desertuaren erraietan barrena egin asmo duten altzairuzko azpiegitura faraoniko eta garestiarena. Freskagarriak edateko erabiltzen diren lastotxo erraldoi baten antza izango du, eta Europa handik zurrupaka. Izan ere, energia krisiak berriz ere suspertu du hainbatetan bertan behera geldituriko egitasmoa. Hainbesterakoa da premia, hiru gobernuek adostasun agiri bat sinatu baitute egitasmoarekin «ahalik eta goizen» hasteko.
Saharako gasbide edo petroliobidea eraikitzeko lehen ideia 1970eko hamarkadan garatu zen, eta Europak energia krisi bat pairatu duen aldiro berpiztu da. Lehen pauso sendoak, dena den, 2002an eman ziren: Sonatrach Aljeriako gasa eta petrolioa ustiatzen duen enpresak eta NNPC Nigeriako petrolio korporazioak memorandum bat sinatu zuten elkarlanari ekiteko. Bi piezarekin, baina, ez zen aski; beste bat behar zen, eta Niger 2009an batu zen akordiora, Abujan (Nigeria) eginiko energia goi-bileran.
Akordio hura, baina, ez zen gauzatu. Tokian tokiko tentsioak, Niger ibaiko deltako independentziaren aldeko mugimenduen mehatxuak, herrialde bakoitzaren interesak... Oztopo gehiegi ziren. Lanak hainbeste atzeratzen zirela ikusita, itsas azpiko egitasmo are erraldoiago bat diseinatzera iritsi ziren, Nigeriatik Espainiarako bidea egingo zuena Afrikako mendebaldeko hamahiru herrialderen kostaldean barrena. Orain, baina, premia asko handitu da Europan, eta hidrokarburo ekoizleek negozioa egiteko aukera ikusi dute.
Gasbideak 13.000 milioi euro inguruko kostua izango du, eta, 2009an esan zutenez, hiru urte inguru beharko dira eraikitzeko. Inbertsioaren zatirik handiena Nigerko tarteak hartuko du —kilometroen %20—, Nigeriak eta Aljeriak dagoeneko gasbide batzuk badituztelako. Ondo bidean, egitasmoari urrian emango diote oniritzia, Lurmutur Hirian (Hegoafrika) egingo duen Energiaren Afrikako Astean.
«Proiektu hau berpiztea mezu argi bat da Europako eta Afrikako inbertsore eta bazkideentzat. Gauzak aldatzen ari dira Afrikan; estutu egingo dugu Lurmutur Hirian mugarri batzuk aurkeztu daitezen», aurreratu du NJ Ayuk Afrikako Energia Ganberako presidenteak.
Baina hainbesterako gas hobiak al daude Afrikan? Bai, eta, hein handi batean azpiegitura sendoen gabeziarengatik, ez dira ustiatu orain arte, eta herrialde askotan gasa ateratzeko modu bakarra itsasontzia da: gasa likidotuta.
Nigeria, ustiatzeke
Herrialde batek gasa ekoizteko duen ahala neurtzean, bi parametro izan behar dira kontuan. Batetik, estrakzio eta garraio aukerak aztertu behar dira, eta, bestetik, egiaztatuak dituzten gas natural erreserbak. Erreserbei erreparatuz gero, Nigeria munduko bederatzigarren biltegia da, eta Aljeria, hamargarrena. Nigeriaren lur azpian 5.111.000 milioi metro kubo gas daudela frogatuta dago, eta Aljeriaren azpian, 4.504.000 milioi.
Aljeriak ondo ustiatzen ditu bere erreserbak, iaz munduan ekoizturiko gasaren %2,5 handik irten baitzen: 100.000 milioi metro kubo inguru —Europak kontsumitzen duen gasaren %10—. Nigeriak, berriz, erdia baino gutxiago ekoitzi zuen, 45.900 milioi metro kubo, munduko ekoizpenaren %1,1. Aldearen gakoa logistikan dago: Nigeriak gas likidotua ateratzen du itsasontzietan, baina gasbidea eraikitzen duenean asko gerturatuko da Aljeriaren ekoizpen mailara. Gasbidearekin, urtean 30.000 milioi metro kubo gehiago garraiatzeko ahalmena izango du. 50 milioi biztanleko Europako herrialde epel batek urte batean behar duen adina gas da hori.
Nigeriak eta Aljeriak, Egiptorekin batera —16.a da frogaturiko gas erreserben zerrendan—, Afrikako gasaren hirukote handia osatzen dute. Gasbidea egiten bada, Aljeriak Europarako bere distribuzio sarearekin konektatuko du, eta Nigeriak, esan bezala, ekoizpena handitzeko aukera izango du. Baina, ziur asko, jauzi kualitatiborik handiena Nigerrek emango du.
Nigerrek Afrikako energia ekoizleen klubean sartu nahi du, baina arazo bat zuen azpiegiturekin. 2023an Niger-Benin petroliobidea amaituko da, eta, horri esker, 120.000 petrolio upel ekoitzi eta garraiatu ahal izango ditu urtero. Bide hori CNPC Txinako enpresak ustiatuko du. Gasbidearekin, gas erreserbak ere ustiatu ahal izango ditu. Nigeriakoak eta Aljeriakoak baino txikiagoak dira, baina dagoeneko gonbidatu dute gas esportatzaile handien hurrengo goi bilerara. Izan ere, Nigerreko ekonomian neurriz kanpoko pisua dute hidrokarburoek, BPGaren %35 haien salmentatik lortzen baitu.