Afrika itotzen duen zorra

Mendearen hasieran behera egin ondoren, Afrikaren zorrak gora egin du atzera, interes tasa apalen eta mailegatzaile berrien eskutik. Orain, baina, interesak handitzen ari dira, diru beharrak ez dira desagertu, eta Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeen erdiek arazoak dituzte zorrari aurre egiteko.

Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Galdera baino gehiago, akusazioa egin zien kazetari afrikar batek Nazioarteko Diru Funtseko arduradunei, munduko ekonomiaren egoerari buruzko txostena aurkezten ari zirela. «Eta Afrikari buruz zer daukazue esateko?». Kazetariak aurpegiratu zien asko kezkatzen zirela Ukrainarekin eta herrialde aberatsekin, baina ezer gutxi Afrikakoekin. Salaketaren gordintasunarekin deseroso, Pierre Olivier Gourinchas NDFko ekonomisten buruak ziurtatu zuen funtsak Afrikako herrialdeei asko laguntzen diela, eta amaitutzat eman zuten prentsaurrekoa.

Erantzunak nekez gogobeteko zuen kazetaria, baina, egiari zor, NDFren azken azterketak bere lekua egin die herrialde pobreen zorraren arazoei. Funtsak ohartarazi du zabaltzen ari dela zor estresean dauden herrialdeen zerrenda, eta horietako gehienak Afrikan daudela. Zehazki, aipatu du Saharaz hegoaldeko herrialdeen erdiek dituztela arazoak beren kanpo zorra ordaintzeko. Haietako batek, Zambiak, zorra pagatzeari utzi dio.

NDFren datuen arabera, Saharaz hegoaldeko Afrikak 700.000 milioi euro inguruko zorra du gaur egun, hau da, bere barne produktu gordinaren %55,5. Horretatik, %24,1 da kanpo zorra, eta horrek sortzen ditu arazoak, batez ere AEBetako Erreserba Federala eta Europako Banku Zentrala interes tasak handitzen ari direnetik, horrekin dolarretan eta eurotan dauden zorra garestitu zaielako.

Estatu ahulak

Kopuru osoetan zein erlatiboetan Afrikaren zorrak ez dirudi hainhandia. Frantziak, esaterako, 2,9 bilioi euroren zorra amaitu zuen 2022ko bigarren hiruhilekoa, bere barne produktu gordinaren %114; Espainiak, berriz, Afrika beltzaren halako bi zor du (1,45 bilioi), bere BPGaren %123. Baina batzuen zein besteen egoera alderatzerik ez dagoela nabarmendu du Danny Bradlow Pretoriako unibertsitateko Nazioarteko Garapenerako Zuzenbideko eta Afrikako Harreman Ekonomikoetako irakasleak eta Afrikaren zorrari buruzko hainbat ikerketaren egileak. Bradlowk azaldu duenez, Europako herrialdeek estatu indartsuak dituzte, diru-sarrera trinkoak eta interes tasa txikiak ordaintzen dituzte beren zorraren truke, haiei dirua mailegatzeko prest daudelako mundu osoko bankuak eta inbertsio funtsak. Afrikako estatuek, aldiz, estatu ahulagoak dituzte —BPGaren %17 jasotzen dute zergetan, eta EBkoek, ia %47—; gastu publikoa mugatuta daukate —BPGaren %22, EBkoaren erdia baino gutxiago—; eta interes tasa handiagoak pagatu behar dituzte beren burua finantzatzeko.

Herrialde gehienetan, osasunean, hezkuntzan eta gizarte gastuetan baino gehiago gastatu behar dute zorra eta haren interesak ordaintzen. Pandemiak, Ukrainako gerrak eta klima larrialdiak arazoa okertu dute. «Diru asko behar dute klima aldaketari aurre egiteko, pobrezia borrokatzeko, beharrezkoa duten azpiegitura eraikitzeko ... eta zorrarekin arazoa dutenez, arazo handiagoa dute horiek finantzatzeko», ohartarazi du Bradlowk.

Afrikaren arazoak mundu osoaren arazoak ere badirela ziurtatu du irakasleak. «Beren herrian lana aurkitzeko arazoak handitzen direnean, herritar batzuek emigratu egiten dute, eta hori arazo bat bihur liteke Europan ere bai».

Afrikaren zorraren arazoa ez da gauza berria, baina oraingo zorrak badu berritasun bat: zati handi bat Txinarekin, Indiarekin eta Turkiarekin dute, eta beste hainbat inbertitzaile pribaturekin. Lehen, nazioarteko erakundeak eta Mendebaldea ziren Afrikaren hartzekodun nagusiak, baina 1990eko eta 2000ko hamarkadetan zorra barkatzeko programak indarrean jarri zituzten. Horien ondorioz, 2004. urtean BPGaren %43 zen zorra %23ra jaitsi zen. Muturreko kasuak izan ziren. Muturreko adibideak ere izan dira: Liberia %543ra iritsi zen 2004an, eta 2011rako %22 bakarrik zor zuen. Kongoko Errepublika Demokratikoa %141etik %25era pasatu zen, eta Sao Tome eta Principe %347tik %78ra. «Baina zorra txikitzeko joera eten egin zen 2010eko hamarkadan. Baldintzak onak ziren. Interes tasak txikiak ziren, bazegoen dirua, eta azpiegituren eta gastu sozialaren beharra oso handia».

Ardura, «oso zabaldua»

Bradlowk aitortu du zorpetze horren zati bat Afrikaren gobernantza arazoek irentsi dutela: «Ezin da zalantzan jarri zorraren zati bat ez dela modu egokian erabili; ustelkerian galdu da zati bat, alferrik gastatu». Baina uste duerrudunak ez daudela soilik Afrikan. «Arduraren zati bat Afrikako herrialdeena da, bai, baina mailegatzaileek ere badute erantzukizuna: arazoak ezagunak ziren». Ardura «oso zabalduta» dagoela esateko adibide bat eman du irakasleak: «Afrika Mendebaldean gertatzen ari diren segurtasun arazoak Gaddafiren erorketaren ondorio ere badira».

Horregatik, Bradlowk uste du irtenbideak aurkitzea denei dagokiela. Pandemian zehar, herrialde aberatsek, G20koen bitartez, DSII programa martxan jarri zuten, zor batzuk barkatzeko. Herrialde askok hartu zuten parte, 30 inguruk, baina ezin da esan arrakasta izan zuenik: bakarrik 12.000 milioi dolar barkatu zituzten mundu osoan.

DSIIaren ondoren, G20koek ere Common Framework izeneko programa abian jarri dute, baina oraingoz hiru herrialdek baizik ez dute izena mean —Zambia, Txad eta Etiopia—, eta ez dira gai izan akordioak ixteko.

Zambiaren kasua

Zambiarena oso kasu esanguratsua da, eta ez da soilik hark bakarrik uko egin diola zorrak pagatzeari. Bere garaian, HIPC Highly Indebted Poor Countries ekimenaren ondorioz, Zambiaren kanpo zorra 6.000 milioi dolarretik 2.000 milioira jaitsi zen, baina, ondoren, Lusakako gobernuak berriro dirua eskatu zuen, azpiegitura proiektutarako. Gaur egun, 18.000 milioi zor ditu (BPGaren %120), eta horren heren bat Txinarekin du, eta beste zati bat 3.000 inbertitzaile pribatuekin. Zorra ordaintzerik ez duenez, zer egin eztabaidatzen ari dira. «Arazo bat da norbaitek zorra barkatzen badu eta beste batek ez, barkatu den hori erabiliko dela bestearen zorra ordaintzeko. Denek batera mugitu behar dute, baina oraingoz pribatuak zain daude publikoek zer egiten duten. Ari dira negoziatzen, eta berritasuna da Txina ere parte hartzen ari dela berregituraketan».

Zorra orain arintzeak zentzu handia duela dio Bradlowk. «Bonuen kasuan, urte kritikoak iristear daude. Asko 2023an, 2024an, eta 2025ean itzuli behar dira. Interes tasek ez badiote uzten igotzeari, Ukrainako gerrak jarraitzen badu, klima arazoak larritzen badira... herrialde gehiago krisi erortzeko arriskua dago». Ghana, Nigeria, Mozambike, Malawi... Hautagaiak ez dira falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.