Afari bat geroa erabakitzeko

Gaur iluntzean biltzekoak dira Von der Leyen eta Johnson, 'brexit' osteko itun bat lortzeko. Keinu gisa, Londresko gobernuak baztertu egin du Ipar Irlandari buruz hitzartutakoa hausteko aukera

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Londresen. ANDY RAIN / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Londrestik Bruselara. Oso ezaguna duen bidaia bat egingo du gaurBoris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. Daily Telegraph egunkari kontserbadoreko Bruselako berriemaile lanetan aritzeko egin zuen bidaia hori, duela 30 urte, baina oraingoan zeregin historiko batekin doa Belgikako hiriburura: afari baten bueltan erabaki behar du brexit ostea akordioduna edo akordiorik gabekoa ote den. Neurri batean, berak bultzatutako bide bat amaitzeko bidaia izango da, Johnsonen informazioek —gezurrez betetakoak, horietako asko— elikatu zutelako britainiar askoren mesfidantza EBrekiko, eta gero Johnsonek berak hartu zuelako Erresuma Batua batasunetik ateratzeko kanpainaren gidaritza.

NOIZ DA BILERA?

Astelehenean mintzatu ziren telefonoz Johnson eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakaria. Hainbat hilabeteko negoziazioen ondoren bi aldeetako talde negoziatzaileek desadostasunak gainditzerik ez zutenez, hitzartu zuten arduradun politikoen ordua zela azken saiakera egiteko. Aurrez aurreko bilera bat izango da, Bruselan, aurrekoa Londresen izan baitzen. EBren aldetik, Von der Leyeni dagokio lan hori, merkataritza harremana dagoelako jokoan, eta hori negoziatzea Europako Batzordearen zeregina delako. Johnson saiatu da Angela Merkelekin eta Emmanuel Macronekin tratu bat lortzen, baina bi horiek Von der Leyenen aldeko apustua egin dute.

Atzo arratsean argitu zutenez,bilera gaur izango da, afaritan. Luzatuko balitz, ostegun goiza ere izango lukete hitz egiteko. Akordioa egongo balitz, berresteko aukera izango lukete ondoren EBko buruek, bihar eta etzi goi bilera baitute Bruselan bertan.

AZKEN AUKERA AL DA?

Bai eta ez. 2021. urtea hasten den unean aterako da Erresuma Batua Europako Batasuneko merkatu bakarretik, eta hura ordezkatuko duen harremana da orain finkatu behar dena. Hau da, zer trabaizango duten bi aldeetako produktu eta zerbitzuek beste aldera igarotzeko. Akordioa izanez gero, bi aldeetako parlamentuek denbora beharko dute hura berresteko. Hori bai, epe hori aste batzuetakoa zen lehen —itzulpenak egiteko, prozedura guztiak betetzeko...—, baina, data gerturatu ahala, egun gutxi batzuetan konpon daitekeela diote orain.

Gainera, beti dago beste aukera bat: 2021ean negoziatzen jarraitzea. Azken egunotan EBko herrialde batzuek nabarmendu dute garrantzitsuagoa dela akordio bat lortzea bera urtea bukatu aurretik lortzea baino. Ildo horretatik mintzatu zen atzo Michel Barnier EBko negoziatzailea ere: «Ez dugu gure etorkizuna baldintzatuko oraina salbatzeko. Gure merkatuaren sarrera nahi duenak baldintza batzuk bete behar ditu».

Aukera horren arazoa da akordio posiblea lortu bitartean muga zergak ezarri beharko liratekeela eta merkantzien joan-etorria kontrolatu, eta horrek kostu ekonomiko eta logistiko handiak ekar diezazkiekeela inportatzaileei eta esportatzaileei. Neurri horiei izkin egiteko irtenbide bat izango litzateke orain indarrean dagoen trantsizio epea luzatzea. Londresek esan du ez duela halakorik egingo eta 2021ean ez duela negoziatuko, baina ikusteko dago jarrera hori zenbateraino den irmoa, berak baitauka galtzeko gehien akordiorik gabeko brexit batekin.

POSIBLE DA AKORDIOA?

Bai, «baina ez da erraza», Johnsonek berak atzo aitortu zuenez.Erresuma Batuko gobernuburuak espero du zerbait lortu ahal izango duela Von der Leyenekin izango duen bileran, eta horrekin justifikatu ahal izango duela akordio bat sinatzea Europako Batasunarekin. Kalkulu hori betetzea espero dute Erresuma Batuko eragile ekonomiko gehienek, akordiorik gabeko brexit-ak kalte ekonomiko handia eragingo duen beldur baitira. Johnsonek ezer lortzen ez badu, ordea, aukera horrek indar handia hartuko du. EBk, bestalde, Londresengan jarri du akordioa lortzeko ardura: «Londresen borondate politikoa behar dugu».

ZERTAN EZ DAUDE ADOS?

Betiko hiruretan: arrantza, araudien antzekotasuna eta gatazkak konpontzeko tresnak. Arrantzari dagokionez, EBk onartu du dagoeneko ez duela sarbide librerik izango Ingalaterrako eta Eskoziako arrantza toki aberatsetan, eta kuota batzuekin moldatu beharko duela. Ahalik eta kuota handiena lortzeko borrokan ari da, baina batez ere kostaldetik gertuen dauden uretan sartu nahian dabil, sei eta hamabi itsas milia artekoetan; Erresuma Batuak bere ontzientzat nahi ditu.

Araudiari dagokionez, EBk argi dauka: Erresuma Batuak merkatu bakarrerako sarbidea nahi badu, lanari, ingurumenari eta diru laguntza publikoei buruzko araudia errespetatu beharko du, edo antzeko araudia izan. Horrekin eragotzi nahi du bere auzo batek arauak malgutu eta merkeago ekoitziz lehia desleiala egitea. Jonhsonek ziurtatu du ez duela asmorik lan eta ingurumen kontuetan araudia aldatzeko, baina laguntza publikoetan zalantza gehiago ditu.

Beste eztabaidagai bat da zer egin behar duten gatazkak dituztenean. Negoziazioaren hasieran, Bruselak nahi zuen Europako Justizia Auzitegiak izatea azken hitza, baina, Londresen ezezko borobila ikusita, orain ontzat hartu du bere enpresek Erresuma Batuko auzitegietara jotzea. Aldi berean, EBk tresnak nahi ditu bere merkatua tarifekin bizkor babesteko, baldin eta ikusten badu Londresek ez duela hitzartutakoa betetzen. Londres kexu da EBk ez dizkiola baldintza horiek jartzen beste bazkideei, eta horrela behartuta dagoela arau kontuetan EBren atzetik joatera. Gainerako bazkide handiak urrutiago dituela da Bruselaren erantzuna.

ZER GERTATZEN DA IPAR IRLANDAREKIN?

Dibortziorako akordioak finkatu zuen ez zela inondik ere muga fisikorik izango Hego eta Ipar Irlandaren artean, hori egiteak Ostiral Santuko bake prozesua arriskuan jarriko lukeelako. Praktikan, horrek dakar Irlanda ipar ekialdeko sei konderriek merkatu bakarrean jarraituko dutela, eta, merkataritza librerako akordiorik ezean, muga bat jarri beharko litzaiekeela salgaiei Ipar Irlandaren eta Ingalaterraren, Eskoziaren eta Galesen artean. Johnsonen gobernuak akordio hori hausteko ate bat ireki zuen, Barne Merkatuko legegaiaren bitartez. EB sutan jarri zuen lege horrek, eta Erresuma Batuan bertan ere iskanbila sortu zuen, gobernuak argi eta garbi esan zuelako prest zegoela sinatutako zerbait ez betetzeko. Azkenean, ordea, ez da ezer gertatuko. Michael Gove Erresuma Batuko Kabineteko ministroak eta Maros Sefkovic Europako Batzordeko lehendakariordeak akordio bat iragarri zuten atzo, eta, horren ondorioz, legearen puntu eztabaidatuenak kendu egingo ditu Londresek. Bruselako bidaiaren aurretik, borondate keinu gisa saldu du Londresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.