Aeronautikaren fakturazioaren «%10etik behera» iristen da armagintzatik

Hegan euskal klusterrak esan du ez dakiela zehazki bere ekoizpenaren zer batezbesteko doan defentsara. Iaz %3 handitu zen sektorean diharduten langileen kopurua

ITP Aerok Barakaldon duen lantegian eginiko pieza bat. IÑIGO SIERRA.
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hegan aeronautikako euskal klusterrak ez daki bere fakturazioaren zer batezbesteko iristen den egitasmo militarretatik. Datu horiek ez dauzkatela jasota azaldu du Ana Villate enpresa elkartearen zuzendariak, eta «oso zaila» dela hori jakitea. Carlos Alzola presidenteak zehaztu duenez, baina, zati «oso txikia» da, eta, haren hitzetan, «%10 baino gutxiago» da. %10 balitz, 186 milioi euro inguru lirateke. Horiek hala, onartu dute NATOk bere kide diren herrialdeak defentsa aurrekontuak handitzera behartu izanak eragina izan dezakeela sektorean; hala ere, argitu dute ez dela «epe motzean» izango.

Datuek industrian duten garrantzia asko nabarmentzen den garai batean, arraroa da kalkulu hori ez egin izana; aldiz, Heganek baditu fakturazio osoarenak. Iaz, klusterreko enpresek 1.867 milioi euro fakturatu zituzten, 2020an baino %0,3 gutxiago. Ikerketan inbertiturikoa, berriz, %6,3 handitu zen, 102 milioi eurotik 117ra igarota. Langile kopurua ere handitu zen, %3,1, eta, ondorioz, gaur egun 14.186 langilek dihardute sektorean —konpainien mundu guztiko plantetan—. Negozioaren entresaka egiten jarrita, fakturazioaren %46,4 motorren sektoretik iritsi zen, eta %44,6 azpiegitura eta fuselajetik. Atzo egin zuen urteroko batzar nagusia, eta haren karietara eman zituzten datuok.

Iazkoa susperraldi urtea izan zen industriaren sektore askotan; aeronautikan, berriz, «trantsizio» urtea izan zen. Villatek azaldu du arrazoia: «Nazioartean esaten zen 2023 eta 2025 artean itzuliko ginela aurrekora, eta iragarpen horiek indarrean daude. Hegaldi komertzialen aurtengo joan-etorria 2019koa baino %20 apalagoa da; iaz, baina, %60 txikiagoa izan zen. Aeronautikan, joera aldaketek urte batzuk behar izaten dituzte; beti goaz atzetik». Hala ere, bide onean doazela azaldu du Alzolak, iaz «pixkanaka baina etengabe» egin baitzuen hobera sektoreak, eta aurten berdin mantentzea espero du: «Iaz baino hobea izango dela uste dugu, baina normaltasuna ez da iritsiko 2024ra arte».

Airbus eta Boeing hegazkin ekoizleak dira Heganen bezerorik handienak; haien aurreikuspenak pixka bat hobetu izanak baikortasuna zabaldu du, eta baliteke hegaldi komertzialen susperraldia bizkortzea. Izan ere, Alzolak azaldu du hegaldi mota guztiek ez dutela bilakaera bera izan: «Korridore bakarreko hegazkinen ekoizpena bizkorrago hazten ari da; bidaia motzagoak egiten dituztenak dira. Bi korridorekoei, berriz, kontinente arteko hegaldiak-eta egiten dituztenei, gehiago kostatuko zaie aurrekoetara itzultzea».

Baikortasuna hedatzen duen beste argudio bat da Heganeko enpresak ondo kokatuta daudela Europako egitasmo handietan, zibiletan zein militarretan. Heganen arabera, Skyteam nazioarteko aliantzan pisurik handiena duten klusterretan bigarrena dira. Era berean, nabarmendu du «kapilaritatea» dagoela elkarteko enpresen artean eta, ondorioz, fakturazioa hornidura kateko maila guztietara hedatzen dela.

Buru berria, Seneretik

Heganek atzo BECen eginiko bilera orokorra Carlos Alzolak presidente moduan zuzendu zuen azkenekoa izan zen. Alzola ITP Aeroko zuzendari nagusia da, eta Jose Julian Etxebarria Senerreko kontseilari delegatuari eman dio lekukoa. Klusterrean 48 enpresa eta sei zentro teknologiko daude, eta bozketa bidez aukeratu dute Etxebarria. Enpresa horietako lau Tier 1 dira, hots, lehen mailako hornitzaileak. Besteak beste, Aernnova, Aciturri, Sener edo ITP Aero dira klusterreko kide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.