Koronabirusa

Aeronautikan lehen kolpe handia: Rolls Roycek 9.000 langile botako ditu

Hegazkinetarako motor egilearen iragarpenak eragina izan dezake Euskal Herrian ere, ITP Aero filialak 2.000 behargin baititu Bizkaian

Rolls Royceren ikur bat, Londresen. ANDY RAIN / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Aireportu hutsek, hotel itxiek eta etxean geratutako turistek inoizko krisirik okerrenean murgildu dute aeronautika. Hegazkin faltan ziren lehen, eta sobran dituzte orain; horren seinale da gehien-gehienak aireportuan aparkatuta daudela. Aeronautika elikatzen duen katea hautsi da, eta errealitate berrira egokitzen ari dira sektoreko enpresak. Guraizeen bidea aukeratu du Europako hegazkinetako motorren egile nagusiak, Rolls Roycek. Derbyn (Ingalaterra) egoitza duen enpresak iragarri du 9.000 langile kaleratuko dituela hurrengo hilabeteetan. Taldeak 52.000 langile ditu, horietatik 2.000 inguru Bizkaian, ITP Aero filialean.

Kaleratze gehienak Erresuma Batuan gertatuko direla iradoki du Warren East Rolls Royceko buruzagiak, han baititu lantegi gehienak, eta langileen bi heren.Baina azaldu du oraindik ezin dela zehaztapenetan sartu. «Ez da guk sortutako krisia [...], baina aurre egin beharko diogu. Hegazkin konpainietako bezeroek eta industria bazkideek egokitu behar dute, eta guk ere bai. Zuretzat lanposturik ez dagoela entzutea izugarria da, eta bereziki gogorra oso harro gaudenean Rolls Roycen lan egiteaz. Baina erabaki zailak hartu behar ditugu gure enpresak ezohiko garai hau gaindi dezan. Ongi egin behar dugu, ordea, eta horrek esan nahi sindikatuekin hitz egin behar dugula kaltea txikitzeko alternatibak bilatzeko, kaltetutako guztiekin hitz egiteko, eta geure jendea duintasunez eta errespetuz tratatu».

Rolls Roycek 1.500 milioi euro aurreztu nahi ditu urtero eskarien txikitzeari aurre egiteko, eta 800 milioi inguru etorriko dira kaleratzeen bitartez. Fabrika batzuk ixtea ere posible da. Eastek esan duenez, ez dute espero 2019ko aire trafikoa berreskuratzea beste hiru edo bost urtez, eta kalkulatu dute ekoizpena heren bat txikituko dutela. Ondorioz, hegazkin zibiletan aritzen direnen artean izango dira kaleratze gehien.

ITP Aero ere aipatu du Eastek:«Egoerari aurre egiteko neurriak garatzen, negoziatzen eta exekutatzen ari dira». Euskal adarreko zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta ELA sindikatuek aldi baterako enplegu erregulazio bat hitzartu zuten Zamudioko lantokiko (Bizkaia) 1.200 langileentzat.Maiatzaren 1etik irailaren 30era gehienez 25 lanegun gutxiago egingo dituzte langileek.

ITP, 1989. urtetik

1989. urtean sortu zuten ITP Aero, besteak beste Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Sener ingeniaritza enpresaren babesarekin. Eurofighter Typhoon gerra hegazkinaren motorra garatzeko nazioarteko programa baten harira sortu zuten. 2016az geroztik, Rolls Royce du akziodun bakar; iaz Indra talde espainiarra negoziatzen aritu zen parte hartze bat erosteko, baina negoziazioek ez zuten fruiturik eman. Zamudion du egoitza ITPk, eta lantegiak ditu Barakaldon, Sestaon eta Derion. Azken hori iazko udazkenean ireki zuten. ITPk beste mila langile ditu Espainian, Erresuma Batuan, AEBetan, Mexikon eta Maltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.