Aeronautikak ez dio etekinik atera Ukrainako gerrari, baina uste du aterako diola

Hegan klusterreko enpresen fakturazioa %27,3 handitu da, eta pandemia aurreko jarduerari berrekin diote. Hornidura kateak« tenkatuta» jarraitzen dutela diote

Hegan klusterreko enpresetako buruzagi batzuk, atzo Gasteizen egindako agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Gerra ez da errenta, baina bai negozioa batzuentzat. Ukrainako gerraren eraginez, gastu militarra handitzen ari da, eta hortik etekina ateratzeko hautagaiak dira Euskal Herriko enpresa aeronautikoak, hegazkin militarren egileen hornitzaileak ere bai baitira. Jose Julian Etxebarria Hegan klusterreko presidenteak ziurtatu du irabazi hori oraindik ez dela iritsi, baina uste du ezinbestean sustatuko duela jarduera datozen urteetan, «segurtasunaren inguruko sentsibilizazioa areagotzea» ekarri duelako.

Iazko urtearen balantzea egiteko agerraldian, Etxebarriak aitortu du aeronautika sektoreak pandemia aurreko jarduerari berrekin diola jada, baina horren atzean ez dago gastu militarra. «Fakturazioa ez du automatikoki aktibatu», Etxebarriaren esanetan. Ez da nolanahiko zehaztapena; izan ere, hegazkin ekoizle handiek txalotu egin dute NATOk bere kide diren herrialdeak defentsa aurrekontuak handitzera behartu izana. Espainiako Gobernuak iragarri zuen egitasmo militarretarako inbertsioa handituko zuela, 2029rako barne produktu gordinaren %2 izateraino.

Airbusek eta Boeingek negoziorako aukera ikusi dute horren atzean, eta horiek dira, hain zuzen ere, Hegan klusterraren bezero nagusiak. «Logikak dio, beraz, horrek eragina izango duela, baina ez da berehalakoa izango», adierazi du Etxebarriak.

Edozein modutan, defentsa gastuez gaindi, aurrera begira «baikorrak izateko arrazoiak» daudela uste dute sektoreko arduradunek. Izan ere, turismoaren suspertzeak hegazkinen ekoizpen katea «berraktibatu» du, eta, horri esker, «nabarmen» hobetu da sektorearen egoera. Gainera, espero dute bi urte barru krisi aurreko jarduera bera izango duela, nahiz eta ekoizpen kostu handiak buruhauste diren oraindik. «Hornidura katea tenkatuta dago oraindik ere, aurreko urtearen aldean zertxobait arindu bada ere», ohartarazi du Etxebarriak.

Beste 319 lanpostu

Iazkoa urte ona izan zen klusterreko kide diren 76 enpresentzat. Fakturazioa %27,3 handitu zuten; 2.377 milioi euroren salmentak izan zituzten denera. Diruaren erdia (%48,7) motorrei dagokie, eta beste erdia egitura aeronautikoei eta sistema eta ekipamenduen atalari. Halaber, esportazioak nabarmen igo ziren (%27,9), eta I+Grako inbertsioak ere bai (+15 milioi).

Enpleguak ere gora egin zuen Hegan klusterreko bazkideen artean: denera, zuzeneko mila lanpostutik gora (+%7,5) sortu zituzten mundu osoan dituzten lantegietan, eta 15.000 langileren langa gainditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zehazki, 319 lanpostu sortu zituzten (+%6,8), eta, egun, 5.000 behargin ari dira lanean guztira.

Etxeberriak onartu du tentuz hartu beharreko emaitzak direla, konparazioa ezohiko urte batekin egiten delako: «Ez dugu ahaztu behar nondik gatozen: garai bereziki zaila izan da». Ez baita ahaztu behar izurriak zuzeneko eragina izan zuela aeronautika sektoreko enpleguan, bereziki Arabako lantegietan. Esaterako, Aernnova taldeak 82 langile kaleratu zituen, eta Alestisek, beste 85.

Talentua eta inbertsioak

Hala ere, klusterreko arduradunek uste dute sektorearen erronka nagusietako bat «talentua» dela. Etxeberriak azpimarratu du gazteen prestakuntza eta espezializazioa zaintzea eta haiengan «bokazioa sustatzea» dela sektorearen eginbeharreko bat: «Sektore honek etengabeko prestakuntza eskatzen du, eta zaindu egin behar dugu hori. Hori eskatzen baitigute enpresa guztiek».

Beste helburuetako bat sektorearen lehiakortasunari eustea da, eta klusterreko arduradunek uste dute berrikuntzari lotutako inbertsioak areagotzea ezinbestekoa dela horretarako. Bada, Etxeberriak adierazi du jasangarritasuna ardatz nagusietako bat izango dela helburu horretan, iruditzen baitzaio sektoreak berrikuntza teknologikoen arloan duen «traktore eginkizuna» lagungarri izan daitekeela. «Helburuak eta erronkak hor daude, baina baikorra naiz sektorearen geroari begira. 25 urte bete ditu Hegan klusterrak, eta urte hauetan egindako apustuak erakusten du sektoreak zer-nolako ekarpena egiten dion gizartearen aberastasunari, baita berrikuntza sustatzeari eta kalitatezko enplegua eratzeari ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.