Aeronautika sektorean kaleratzeei buruzko berriek ez dute etenik

Aciturrik eta Alestisek Araban dituzten lantegietan enplegua erregulatzeko espedienteak aurkeztuko dituzte; 619 langile daude enpresa bietan

Aciturriko langile bat, taldearen lantegi batean. ACITURRI.
jokin sagarzazu
2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Airbusek doministiku egiten duenean, sektore osoa hoztu egiten da Europan. Horixe gertatzen ari da aeronautikan, kontinentean eta mundu osoan oro har, eta Euskal Herria ez dago salbu. Uda hasi zenetik, egunetik egunera jakinarazten ari dira kaleratzeak eta beste neurri batzuk, lan eskariaren jaitsiera handiari aurre egiteko. Aciturri taldea izan da gisa horretako albiste bat eman duen azkena. Asteon egin du: enplegua erregulatzeko espediente bat iragarri du, eta bere lantegi guztiei eragingo die. Beraz, kaleratze kolektiboak izango dira, baina zehazteko du orotara zenbat izango diren.

Euskal Herrian bi lantegi ditu, biak Araban: Berantevillan eta Gasteizko Miñaoko parke teknologikoan. Mugan beste planta bat du, Miranda Ebron (Burgos, Espania). Hirurak kontuan hartuta, 619 langile dira guztira.

Taldearenak dira hiru lantegiak. Miñaokoa Alestis enpresarena da, baina iaztik Aciturri taldearen barruan dago. Euskal Herritik kanpo ere lantegi ugari ditu konpainiak: Aciturrirenak eta Alestisenak kontuan hartuta, 4.500 behargin inguru. Bi enpresetako zuzendaritzek ez dute jakinarazi zenbat behargin kaleratuko dituzten, baina bai planta guztiei eragingo diela. Gutun baten bidez lantegi bakoitzeko ordezkari sindikalei jakinarazi diete erregulazio espedientea abiatuko dutela, eta elkarrizketak hasiko dituela haiekin, neurria nola ezarri aztertzeko.

Taldeak argudiatu du aire trafikoa murriztearen ondorioz aire lineek eskaera asko atzeratu eta bertan behera utzi dituztela, eta, ondorioz, fabrikatzaile nagusiek nabarmen murriztu dutela lana—%45 inguru—, hornidura kate osoari eraginez. Enpresak azpimarratu duenez, datozen urteetako aurreikuspenetara egokitzea izango du helburu, «konpainiak luzaroan irautea bermatzeko». Taldeak bereziki aeronautikarako dihardu, eta neurri txikiagoan autogintzarako ere bai. Lehen mailako hornitzaile kategoria du: besteak beste, Airbus, Boeing eta Embraer konpainientzat aritzen da.

Airbusen itzal handia

Berezia da Alestisen kasua. 2019an, Aciturrik erosi zuen —%76 berea du—, garai gatazkatsu bat pasatu ostean. 2009an sortu zuten, patzuergo gisa eta Euskal Herriko Alcor taldea akziodun nagusi moduan. 2013an, kaleratzeak izan ziren, Jundizeko lantegia (Araba) itxi eta Miñaora eraman zituzten hango langileak. Handik gutxira, hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, eta Airbus egin zen enpresaren kargu: akziodun nagusia bihurtu zen, harik eta Aciturrik erosi zuen arte, iaz.

Alestisek orain duen egoera, beraz, ez da berria. Dena den, sektore osoa dago krisian. Asteotako iragarpenei batu behar zaizkie Aernnovak —Berantevillan dago hura ere— uztail amaieran jakinarazitakoa, Bizkaiko ITP Aerorenak eta Lapurdiko Lauak taldearenak—haiek ere ez dute zehaztu zenbat langileri eragingo dien neurriak—. Euskal Herrian, 50 enpresa eta 6.000 behargin inguru ditu sektoreak. Airbus da haien guztien bezero nagusietako bat, eta heren bat txikitu du ekoizpena, eskarira egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.