Urtebete da Aernnova Aeroestructuras Alavak enplegu erregulazioa abian jarri zuenetik. Enpresak 82 langile kaleratu zituen Berantevillan duen plantan, «arrazoi produktibo estrukturalak» zituela argudiatuta. ELA, LAB eta USO sindikatuek zuzendaritzari eskatu diote, ordea, erabakian atzera egin eta langile horiek «berehala» berriz hartzeko, enpresak ez duelako «arazo ekonomikorik».
Langileek eta sindikatuetako ordezkariek protesta egin dute Gasteizen, goizean. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak zer erabaki zain daude langileak. EAEko Auzitegi Nagusiak, iazko apirilean, kaleratzeak legezkoak zirela ebatzi zuen, baina langileek uste dute ez direla justifikatuak. Horregatik, helegitearen aldeko epaia espero dute. «Ekoizpena berreskuratu dugu, eta horrek argi eta garbi erakusten du krisia erabat koiunturala zela. Egoera horretan ezin da enplegu erregulazio bat egin langileak kaleratzeko», esan du Juan Carlos Gomez langile batzordeko ordezkariak (ELA).
Aernnovako langile batzordeak behin baino gehiagotan azaldu du enpresaren osasun ekonomikoa ona dela, eta uste dute gaur egungo egoerak hori bera berresten duela. «Denborak arrazoi eman digu», adierazi dute. Bi gertakari jarri dituzte hori argudiatzeko: batetik, gogorarazi dute ITP Aero Zamudioko enpresa erosteko enkantean parte hartu zuela enpresak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin; eta, bestetik, 150 milioi euro ordaindu dituela berriki Embraerri Portugalen bi fabrika erosteko.
Langileen hitzetan, gertakari horiek erakusten dute enpresak ez duela arazo ekonomikorik, «ez orain, ez kaleratzeak egin zituenean». Eta zuzendaritzari egotzi diote pandemia baliatu nahi izatea enplegua «suntsitu, deslokalizatu eta prekarizatzeko». Izan ere, salatu dute azken urteetan ehunka lanpostu suntsitu dituela nola Arabako plantan, hala Espainiako fabriketan, eta «baldintza okerragoak» dituzten beste fabrieka batzuetara eraman dituztela. «Espainiako estatuan 500 lanpostu inguru suntsitu zituzten, justu orain Portugalen eskuratu dituztenak beste. Hori ezin da onartu», adierazi du Gomezek.
Erakundeei deia
Eusko Jaurlaritzari, Arabako Foru Aldundiari eta gainerako erakundeei ere deia egin diete; eskatu diete auzian «esku hartzeko», aeronautika Araban «desagertu ez dadin». «Ezin dute jokatu ezer gertatuko ez balitz bezala». Izan ere, gogorarazi dute Aernnova hainbat erakunderen kapital publikoz sortu zela, eta azken urteetan diru laguntza ugari jaso dituela.
Gainera, langileek eta sindikatuetako ordezkariek azpimarratu dute sektoreak baduela etorkizuna. Nabarmendu dute krisiaren kolpetik osatzen ari dela aeronautika, eta hala berretsi dutela Aernnovak berak eta Airbusek ere.