AEBek muga zergak igoko dituzte, Txinaren «gainprodukziotik» babesteko

Auto elektrikoen zergak egungoak halako lau izango dira. Eguzki panelenak, altzairuarenak eta produktu medikoenak ere igoko dituzte. Europako Batzordea gauza bera egitea aztertzen ari da.

Xi Jinping Txinako presidentea eta Joe Biden AEBetakoa elkarri bostekoa ematen, 2022ko azaroan egindako bilera batean. XINHUA / EFE
Xi Jinping Txinako presidentea eta Joe Biden AEBetakoa elkarri bostekoa ematen, 2022ko azaroan egindako bilera batean. XINHUA / EFE
jokin sagarzazu
2024ko maiatzaren 14a
13:00
Entzun

Joe Biden AEBetako presidenteak ez du atzera egin nahi Donald Trumpekin duen lehian, eta Txinako produktuen muga zergak handituko dituela iragarri du, Trumpek egin zuen moduan. «Herrialdearen etorkizun ekonomikorako eta segurtasunerako ezinbestekoak diren sektoreei» eragingo die neurriak, eta, zehazkiago, energia trantsizioarekin eta osasunarekin lotutako produktuei: besteak beste, ibilgailu elektrikoei, bateriei, eguzki panelei, erdieroaleei, altzairuei, aluminioari eta produktu medikoei.

Europako Batzordea gauza bera egitea aztertzen ari da, eta ikerketak abiatu ditu Txinako auto elektrikoei eta eguzki panelei buruz, eta Pekingo gobernuak bere industriei ematen dizkien diru laguntzei buruz.

AEBei dagokienez, inor gutxik jartzen du zalantzan azaroaren 5ean egingo diren hauteskundeei begira egin duela iragarpena Bidenek. Industriaren sektoreaz arduratzen den ideia indartu nahi du Etxe Zuriak, eta, azken hilabeteetan, gero eta tonu gogorragoa hartu du Txinaren aurka, nahiz eta aldi berean Pekinekin hitz egiten hasi den Trumpen garaian piztutako gatazka komertziala baretzeko.

Proposatutako muga zerga gehienak aurten bertan martxan egotea nahi du Bidenek. Adibidez, ibilgailu elektrikoena. Hori igoko du gehien: %25etik %100era, aurten. Txinako auto elektrikoen esportazioak %70 handitu dira AEBetan 2022tik 2023ra, eta Washingtonentzat «mehatxu» bihurtu dira bere barne merkatua garatzeko. Bidenek zera nahi du: AEBetan saldutako auto berrien artean hirutik bi elektrikoak izatea 2032an, eta, horretarako, hainbat programa bultzatu ditu AEBetan ekoizpena bultzatzeko.

Bateriak, eguzki plakak, maskarak

Muga zergen beste igoera esanguratsua ibilgailu elektrikoetako baterietan aplikatuko da. Txinak bateria horien munduko merkatua kontrolatzen du, baita teknologia hori ekoizteko erabiltzen diren mineralen erauzketa prozesua ere — meatzeak, fintzea... —. Zehazki, litiozko ioien baterien gaineko zerga %7,5etik %25era igo nahi du aurten. Gauza bera egin nahi du beste mineral batzuekin: grafito naturalari eta imanei dagokienez, %0tik %25era, eta beste mineral kritiko batzuena %0tik %25era.

Energiaren arloan, aurreikusten du aurten ere handitzea eguzki panelen gaineko muga zerga, %25etik %50era. Igoera hori bera izango lukete Txinatik inportatutako erdieroaleek eta mikrotxipek. Etxe Zuria kezkatuta dago bi teknologia horiekiko duen dependentziagatik, eta industria propioa bultzatu nahi du. Pandemian autogintzaren eta etxetresna elektrikoen sektoreek erdieroaleekin izandako hornidura arazoak saihestu nahi ditu horrela.

Eta, pandemia gogoan, produktu medikoen gaineko muga zergak igoko dituela ere iragarri du Etxe Zuriak. Xiringena eta orratzena %0tik %50era igoko du aurten, eta arnasgailuena eta maskarena, %7,5etik %25era.

Pekinen, haserre

Washingtonek jakin badaki litekeena dela Pekinekin dituen harremanak gaiztotzea hartu duen erabakiaren ondorioz. Hala, neurria iragartzeko kaleratutako agirian, Bidenen zerga igoerak Trumpek ezarritakoetatik bereizten saiatu da. Azpimarratu duenez, Bidenenak sektore espezifikoetarako pentsatuta daude; Trumpek, berriz, ez zuen «bereizketarik» egin. Zaila dirudi, baina, argudio horrek Txinako gobernua lasaitzea.

Etxe Zuriak neurria iragarri eta ordu gutxira, Pekinek adierazi du «beharrezko neurri guztiak» hartuko dituela bere «eskubideak eta bidezko interesak babesteko». Prentsaurreko batean, Wang Wenbin Atzerri Ministerioko bozeramaileak Washingtoni leporatu dio «merkatu ekonomiaren printzipioak eta nazioarteko merkataritzaren eta lankidetza ekonomikoaren arauak zapaltzea». Eta gogorarazi du Txina beti agertu dela «aldebakarrez muga zergak igotzea inposatzearen» aurka. Etxe Zuriaren jokabidea «jazarpentzat» jo du.

Wangek kritikatu egin du AEBek beren esportazioei merkataritza librea deitzea eta Txinako «gehiegizko gaitasun industriala» arazotzat jotzea. Apirilean, Txinara egindako bisita batean, Janet Yellen AEBetako Altxorraren idazkaria kezkatuta agertu zen Pekinek sektore batzuei emandako «zuzeneko eta zeharkako laguntzengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.