AEBetako berrindustrializazioaren «olatua» hartu nahi du makina-erremintak

Euskal Herrian sektoreak inoizko gehien fakturatu zuen iaz, inflazioa dela-eta irabaziak neurri berean hazi ez arren. Aurten, eskaeretan beherakada bat aurreikusten du.

Xabier Ortueta eta Jose Perez Berdud AFM klusterreko buruak, Donostian asteazken honetan egindako agerraldian. JON URBE / FOKU
Xabier Ortueta eta Jose Perez Berdud AFM klusterreko buruak, Donostian asteazken honetan egindako agerraldian. JON URBE / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko maiatzaren 15a
13:00
Entzun

Hego Euskal Herriko makina-erremintaren sektoreak AEBetan jarriak ditu begiak. Aurreneko aldiz herrialde hori izaten ari da haren lehen bezeroa. Nazioarteko merkatuetan joera aldaketa bat gertatzen ari dela dio Xabier Ortuetak, AFM klusterreko zuzendari nagusiak. «Herrialde batzuk berrindustrializazio fasean sartu dira bete-betean, AEBak bereziki, eta horrek mesede egiten digu guri».

Sektore bereziki esportatzailea da makina-erremintarena, eta pisu handia du Hego Euskal Herriko sare industrialean, Gipuzkoan nagusiki. Danobat, Fagor Arrasate, Ibarmia, Korta, Lazpiur, Latz, Sarralle eta Zayer daude klusterreko 126 bazkideen artean; enpresa horiek denak 8.000 langile inguru dituzte, eta bereziki bi sektorerentzat makinak egiten dituzte: autogintzarentzat eta aeronautikarentzat.

Salmenten %76 Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo egiten dituzte. Urte luzez Alemania izan dute bezero nagusia, baina iaz galdu zuen lehen tokia, AEBen mesedetan, lehenengoak agertu zituen ahultasun sintomen erakusle. Datorren urtera begira, AFMko buruek espero dute Alemaniako merkatuak, eta Europakoak oro har, indarra hartuko dutela.

«Makina-erremintaren lehen kontsumitzaileak bihurtu dira AEBak. Makina gehiago behar dituzte, han ere langile falta dutelako».

XABIER ORTUETA AFM klusterreko zuzendari nagusia

Txinakoa, berriz, «antzera mantendu» zen iaz, eta hala iraungo duelakoan daude. Merkatu garrantzitsua da sektorearentzat, Italiakoa bezala. Gora egin zuen azkenengo urteetan, baina hango gobernuak halako makinak erosteko eman zituen zerga pizgarriak kendu ondoren, iraganeko ohiko kopuruetara itzuli da. Mexikora ere begira jarriak dira, AEBetan bezala han ere industriaren aldeko apustu sendoa egiten ari direlako.

Arrautzak eta otarreak

Ortuetak azaldu duenez, Joe Bidenen gobernuak urteetan beste herrialde batzuen esku utzitako jarduera industrial batzuk erakartzeko eta errotzeko bultzatutako egitasmoek ondorio positiboak izan dituzte sektoreko enpresetan. «Munduko makina-erremintaren lehen kontsumitzaileak bihurtu dira AEBak. Makina gehiago behar dituzte, han ere langile falta dutelako. Eta gu gai gara haiek behar dituzten teknologia maila handiko makinak egiteko eta eskaintzeko. Olatu horrek ondo kokatuta harrapatu gaitu».

AFMko buruak gaineratu du nazioarteko merkatuetan ohikoak izaten direla halako gorabeherak, eta horren jakitun, Euskal Herriko enpresek aspaldi ekin ziotela merkatu berriak bilatzeari. «Arrautza guztiak otarre berean badituzu, arazoak izango dituzu. Dibertsifikatzen jakin izan dugu, bai bezeroetan, bai eskaintzen ditugun produktuetan».

Aurten, okerrago

Horiek hala, lan poltsa sendoa dute gaur egun. «Lan askorekin gabiltza; orain, eskaera berriak lortzen egin behar dugu ahalegina. Eta merkatua zail dago». Sektorean kezkaz begiratzen diote 2024ari. Iaz, urte hasiera geldoa izan arren, 2022an baino %22,6 gehiago fakturatu zuten azkenean: 2.157 milioi euro, inoizko gehien. Esportazioetan eta eskari kopuruan ere marka ezarri zuten. Irabaziek ere gora egin zuten —ez dute zehaztu zenbat—, baina ez beste adierazleen neurri berean, inflazioak irabazi tarteak murriztu baititu.

Aurtengo aurreikuspenak, berriz, ez dira horren onak. Iaz bezala, hasiera mantsoa izaten ari da, mantsoagoa. Eskariei dagokienez, aurreneko lau hilabeteetan iaz epe berean baino %4 gutxiago lortu dituzte, eta, orain artekoa urte osora estrapolatuz, beherakada %14koa izango litzatekeela diote AFMko buruek. Jaitsiera hori hurrengo urteko fakturazioan nabarituko litzateke.

Dena den, aurtengo bigarren seihilekoan joera aldatuko delakoan daude, horixe iragartzen baitute adierazle eta aurreikuspen ekonomiko gehienek, sektorearentzat garrantzitsuak diren merkatuetakoak, baita Europakoak ere. Horiek hala, aurtengo emaitzak 2023koen «pareko» amaitzea espero dute, eta 2025ean «berriz abiadura hartzea».

Ortuetak azaldu duenez, Euskal Herrian sektoreak Europako beste herrialde batzuetan baino urtebete geroago nozitu du eskaeren jaitsiera. «Merkatu egoera oso nahasi batean gaude. Lehenengo hilabete hauetan ikusi dugu egoera korapilatu egin dela. Baina adierazle guztiek hobekuntza bat iragartzen dute, eta espero dugu urteko azken hiruhilekoan eskaera berriro aktibatuko dela eta 2025ean behin betiko haziko dela».

Itxaropen mezu horrekin joango dira AFMko arduradunak klusterreko kideek ostiral honetan Donostian egingo duten batzar nagusira. Eta ekainean, beste zita garrantzitsu bat izango dute. Bi urtean behin Barakaldoko BECen (Bizkaia) egiten den erakustazoka. 1.400 enpresak parte hartuko dute, eta 40.000tik gora bisitari espero dituzte. Aurten, Mexiko izango da herrialde gonbidatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.