Ausarta da iritzia ematen Corres, eta ez du galderarik saihesten. Gutxik dute hark bezain begi zorrotza ekonomiaz hitz egiteko. «Pena ematen dit Euskaltelekin gertatu denak», onartu du.
Iritsi al da azkenean egonkortasuna Bilboko portura?
Ez. Zamaketarien kontuan aurrera egin dugu, baina ez da betetzen legeak dioena. Portuko azken gatazka garraioarena izan da, eta mundu guztiak dio portuan garraioaren gatazkak edonoiz pitzdaitekeela.
Portuaren eskuduntza osoa lortzea Jaurlaritzaren aspaldiko eskaera da. Lortuko al du?
Legeak ezetz dio.
Euskaltel nola ikusten duzu? Errotze osoa galdu al da? Eta zuntz optiko sarea?
Pena ematen dit. Euskaltelik ez dago jada; nola ez da errotzea galduko? Herria egiteko moduetako bat da, eta ni independentziaren aldekoa naiz. Herria egiteko modu bat azpiegitura jakin batzuk izatea da, eta informazioaren azpiegitura gaur egun oinarrizkoa da. Orain, AEBetako funts batzuk dira Euskaltelen jabeak.
Enpresen errotzeak beldurtzen al zaitu? Euskaltel, Siemens Gamesa, ITP Aero... Non hartzen dira haien erabakiak?
Bai. Gamesarenak Munichen; Euskaltelenak, auskalo, Madrilen, hiru funtsen Espainiako marka han daudelako errotuak. ITP, bidetik doa. Egun galdu du, ahaleginak egiten ari dira. Espainiako Gobernuak Indraren bitartez egin du borroka. Nik ikusten dudana da hau beste herrialde batzuetan ez dela halakorik gertatzen, eta Pirinioen beste aldera joatearekin aski dut. Errotzea defendatzeko azpiegiturak behar dira.
Automozioa nola dago? Funtsezkoa da Euskal Herrian.
Zalantzaz josita dago. Aspalditik datozen zalantzak dira baina aurrera egiten ari gara. Mundu mailako ekoizpena jaitsi egin da, auzi asko daudelako argitzeke. Lehen, gasolina edo diesela zen;orain erregai fosila, elektrikoa edo hibridoa... Europak asko egin du aurrera, eta data batzuk jarri ditu. Ingurumen ikuspegitik, ondo daude, baina enpresa ikuspegitik, ez. Ez dakit beste lehiakideei abantaila handia ematen ari ez garen. Mundu mailan lehiatzen bazara eta besteek ez badituzte ekoizteko irizpide horiek ezartzen... Zergatik ez dituzu zure aukerak urratzen? Europak abangoardian joan nahi du guztiarekin, baina Europak argi izan behar du bere ekonomiari eutsi behar diola.
Petronor eta Iberdrola emaitzaoso onak lortzen ari dira. Zer iruditzen zaizu Espainiako Gobernuak energia enpresen ezohiko irabaziei jarri nahi dien zerga?
Lege proiektu bat da oraingoz, parlamentuan sartu berri dena, eta ikusi beharko da nola irteten den. Gobernuko alderdiek dituzten aliatu guztiak ikusita, susmoa dut irtetean ez duela oraingoaren antzik izango. Nahi baduzu, orduan erantzungo dizut. Oinarrian? Nik uste dut errenta indibidualak liberatzea den guztia ona dela. Irabazi jakin batzuen gaineko zerga bada, ez da txarra. Birbanaketa da.
Navaleko egitasmoa zer iruditzen zaizu?
Bere garaian, iritzia eman, eta hanka sartu nuen. Zerbait egin dadila ona da, baina ez dugu baliatu Navalek zuen lehiakortasun abantaila. Hortik aurrera, jardun ekonomikoa sortu behar da. Logistika arlokoa dela? Tira, baina, era berean, ulertzen dut egun Euskadin jardun industriala nahi badugu ez gaituztela aukeratuko oso ederrak garelako edota ingeniaririk onenak izateagatik.
Europako Funtsak existitzen al dira txikientzat?
Bai. Hemen, Ganberan batzuk kudeatu ditugu, eta horiek iritsi dira; batez ere, langile autonomoei. Arazo nagusiak egitasmo handietako funtsetan daude. Enpresa handien elkarteak ari dira borrokan. Bruselak dioena zentzuzkoa da, bat aukeratzeko eskatzen die gobernuei. Denbora galerarik handiena hor gertatzen ari da. ?
«AEBetako funts batzuk dira orain Euskaltelen jabeak, pena ematen dit»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu