AEBen distira, lausotzen

Donald Trumpen jokabidea aurreikusteko eta ulertzeko zailtasun gero eta handiagoak zama bihurtzen ari dira AEBen esportazio nagusiarentzat, finantza baloreentzat. Joan den astean altxorreko bonuekin jazotakoa horren zantzua izan daiteke.

Wall Street kaleko zezena, New Yorken. ANGEL COLMENARES / EFE
Wall Street kaleko zezena, New Yorken. ANGEL COLMENARES / EFE
Irune Lasa.
2025eko apirilaren 17a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Oraintxe, nahiko zenuke AEBak zurekin zorretan egoterik? Zenbateraino? Badago beste aldagairik, baina funtsean bi galdera horien erantzuna dira AEBetako altxorreko bonuen errendimenduen joan den asteko goraldi deigarriak; hain zuzen, AEBetako presidente Donald Trump kikildu zuten zenbakiak.

Orain arte, inork ez zuen zalantzan jartzen AEBetako bonuak gordeleku segurua zirela inbertsiogileentzat. Prezioen tupusteko gorabeherek, aldakortasunak edo beste krisiren batek merkatuak zorabiatzen zituenean, altxorreko bonuetara zihoan dirua, finantzen munduan orain arte balore seguruena izan diren AEBetako Gobernuaren zorra erostera.

Zergatik dira garrantzitsuak AEBetako altxorreko bonuak?

Beharbada ez da horren agerikoa, baina finantza baloreak dira AEBen esportazio handiena, eta haien artean nagusia, altxorreko bonuen 29 bilioi dolarreko merkatua.

Altxorreko bonuek hainbat funtzio betetzen dituzte. Hasteko, bere aurrekontu defizit handia finantzatzen jarraitzeko modua dira AEBetako Gobernuarentzat.

Baina finantzen sistema globalaren oinarrizko elementua ere badira; balore seguruena izanik, beste hainbat merkatutako salerosketetarako berme bezala ere erabiltzen baitira mundu osoan.

Azken finean, altxorreko bonuak, krisiak izan arren —2020ko udaberrian, pandemia garaian, Erreserba Federalak esku hartu behar izan zuen merkatuan— salerosteko errazak izan dira, eta ez dute izan berregituraketa arriskurik. Gordeleku segurua, beraz.

Zer gertatu da orain?

Trumpek bere afixarekin apirilaren 2an ezarritako muga zergek munduko merkataritza hankaz gora jarri zuten gauetik goizera. AEBetan inflazioa eta atzeraldia izateko arriskua izugarri handitu zen, eta, lurrikara hori intentsitaterik handienarekin sentitu zuten finantza merkatuetan, baita hainbat lehengairen salerosketetan ere.

Hasieran, orain arte bezala, diruak toki segurura jo zuen, AEBetako altxorreko bonuetara. Normalean, eskaria handitzen denean, bonua garestitu egiten da, eta aldi berean bonuaren errendimendua apaldu egiten da. Hori gertatu zen lehen bi egunetan, bi urterako, hamar urterako eta 30 urterako bonu ezagunenekin.

Baina, apirilaren 5-6ko asteburuan urduritasuna gero eta agerikoagoa zen, eta ez zen ageri lasaitasunerako zantzurik. Albistegietan eta sare sozialetan hizpide ziren Indiako ozeanoko pinguinoak, Peter Navarroren iPhone muntatzaile estatubatuarrak eta Trumpen golfeko balentriak.

Eta, astelehenarekin, hilaren 7an, altxorreko bonuen errendimenduek goranzko bidea hartu zuten bizkor. Eskaintza handiagoa zen eskaria baino. Kezka handia piztu zen.

Zergatik kezka?

Burtsetan galerak zeuden oraindik, eta, hala ere, altxorreko bonuak behera ari ziren —eta haien errendimenduak, gora—. Etengo ote zen joera? Eutsiko ote zion bonuen merkatuak? Ala, erosle faltan, edo prezioak adosteko zailtasunen aurrean, Erreserba Federalak esku hartu beharko ote zuen bonuak erosita? Zenbateraino handituko ziren AEBen zorraren interesak, jada zor izugarri handia duen gobernu batentzat? Asteazkenean, apirilaren 9an, kataklismoa zetorrela zirudien, eta Lehman Brothers momentuaz hitz egiten zen. Hamarkadatan ikusitako errendimendurik handienak iritsi ziren hamar urterako altxorreko bonuetan. 

Atera zen JP Morgan bankuko buru Jamie Dimon Fox News telebistan, zerbait egin beharra zegoela esanez. Eta, handik gutxira, Trumpek 90 eguneko geldialdia iragarri zuen «elkarrekiko» muga zergetan —%10 gutxieneko orokorrarekin—, Txinarentzat ez beste guztientzat. Txinako inportazioei, jakina denez, handitu egin zizkien muga zergak.

Konpondu da egoera?

Burtsetako euforiaren atzean, altxorreko bonuei pixka bat gehiago kostatu zaie lasaitzea, baina kezka ez da erabat desagertu. Hasteko, oraindik ez dagoelako daturik nondik zetorren bonuen salmenta.

Izan zitezkeen bonuen gerokoen eta egunekoen prezioen tarte txikiari etekina ateratzen negozioa egiten duten estaldura funtsak, itzelezko zorpetze mailarekin erositako bonuak presaka saltzen. Izan zitezkeen aztoratuta zebiltzan beste merkatuetako inbertsiogileak, haien aktiboak bermatzeko diru likidoaren bila. Edo izan zitezkeen atzerriko banku zentralak.

Zein dira edo non daude AEBetako zorraren jaberik handienak?

Galdera inportantea da. AEBetako altxorreko bonu jaberik handiena Japonia da, eta bigarrena... Txina. Normala da. Zer egingo du, bada, Txinak esportazioekin irabazitako dirutzarekin? Edonola ere, merkataritza gerra betean, zorraren alde horretan noraino dira AEBak ahul?

Edonola ere, altxorreko bonuen azken krisi honek zera erakutsi du: jada ez direla horren gordeleku segurua inbertsiogileentzat. Are gutxiago AEBek ekonomia globaletik apartatzeko asmoa ageri duen herrialde bat diruditen honetan. Muga zergen shockaz gain, konfiantza krisia dute AEBek, eta bitartean gobernuaren itzelezko 36 bilioi dolarreko zorrak ez du murrizteko itxurarik. 

Horiek horrela, dirua gordeleku eta merkatu seguruen bila hasi da, eta hor, besteak beste, Europak badu zer irabazi. Bitartean, AEBen marka ez da horren distiratsua; Trump Etxe Zurian izatearen ondorioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.