AEBek ez dituzte diesel esportazioak etengo

G7ko herrialdeek 100 milioi upel petrolio merkaturako dituzte, erregaien garestitzea arintzeko eta inflazioa geldiarazteko.

Petrolio findegi bat Houstonen, AEBetan. CARLOS RAMIREZ / EFE
Petrolio findegi bat Houstonen, AEBetan. CARLOS RAMIREZ / EFE
jokin sagarzazu
2026ko urriaren 3a
10:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEBetako presidenteak baztertu egin du diesel esportazioak hiru hilabetez debekatzea, G7ko herrialdeek —tartean AEBek ere bai— 100 milioi upel petrolio merkaturatuko dituztela adostu ondoren, erregaien garestitzea arintzeko eta inflazioari eusteko. Berehala hasiko dira erreserbetakoa merkatuan jartzen, eta lau hilabetez arituko dira modu horretan.

G7koak, gainera, findegien mantentze lanak koordinatuko ditu, produkzioa eten ez dadin, eta diesel gehiago ekoizteko eskatu die fintze gaitasun handiena duten herrialdeei.

Erabakia txalotu du Trumpek; bereziki, G7ko Europako herrialdeek ere euren erreserbak erabiltzea. AEBetako diesel esportazioak eteteko aukeraz, berriz, esan du inoiz ez zuela halakorik aurreikusi, nahiz eta azken egunetan hiru hilabeteko debekua ezartzeko asmoa behin eta berriz aipatu duen.

Bozak gertu

Dieselaren horniduran dagoen arazoari erantzun nahi diote horrela G7ko kideek. Errusiaren esportazioak murriztu egin dira Ukrainako erasoek haren findegietan eragindako kalteengatik, eta Persiar golkoko herrialdeenak ere nabarmen jaitsi dira Irango gerraren ondorioz eta horrek Ormuzko itsasartean eragin dituen blokeoengatik. Horren ondorioz, dieselaren eskaintza murriztu egin da mundu osoan, eta nabarmen garestitu erregai horren prezioa.

Horrek eragin zuzena izan du inflazioan, bai Europan eta bai AEBetan, diesela funtsezkoa baita garraioan, industrian eta nekazaritzan. AEBetan haserrea handitzen ari da, eta erregaien garestitzea kezka iturri bihurtu da Trumpen gobernuarentzat, bereziki azaroan egingo diren agintaldi erdiko hauteskundeei begira. Diesel esportazioak etengo zituen mezuak testuinguru horretan esan zituen, prezioak merkatzeko neurri gisa, eta iragarpen horrek kezka handia eragin zuen Europako Batasunean, kontinenteak inportatzen duen dieselaren %32 handik ekartzen baita.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA