Baliteke su-etena iristea AEBen eta Europaren arteko zerga mugen auzira. Airbusek akordio bat egin du Frantziako eta Espainiako gobernuekin bi estatuek ematen dizkioten interes baxuko mailegu itzulgarriengatik gehiago ordaintzeko. Horrela, AEBek egindako eskaeretako bat onartu du Europako hegazkin ekoizleak. Hamasei urte baino gehiago dira auzia Nazioarteko Merkataritza Erakundean (NME) dagoela. Washingtonek estatu laguntzatzat jotzen ditu kreditu horiek, eta uste du horrek Airbusi abantaila komertziala ematen diola AEBetako Boeing aurkariaren gainetik.
Iazko urrian, MMEk 7.500 milioi euroren zigorrak ezartzeko baimena eman zien AEBei, eta Trumpen gobernua diru hori jasotzen ari da Europako hainbat produkturi ezarritako zergen bidez: ardoari, gaztari, txerri haragiari eta oliba olioari, besteak beste. Ekoizleentzat ezinbesteko merkatua da AEBetakoa, eta, erabaki horrengatik, nabarmen murriztu zaizkie salmentak han, produktu horiek garestitu direla eta. Washingtonek, gainera, asmoa zeukan zerga horiek abuztuan igotzeko; ikusteko dago Airbusen erabakiak eraginik izango duen.
Neurri batean, Europako herrialdeen eta muga zergek kalte handiena egin dieten sektoreen presioagatik egin du urratsa hegazkin ekoizleak. Uste du MMEren agindu guztiak betetzen ari dela, eta Europaren interesen alde jokatu duela. «Airbusek erakutsi du ahal duen guztia egin duela konponbidea aurkitzeko. Babes seinale argia da AEBek ezarritako muga zergen eragin larria jasaten dutenentzat», azaldu du Guillaume Faury kontseilari ordezkariak.
Ohar batean, adierazi du AEBek jada «aitzakiarik» ez dutela muga zergak gutxitzeko. «Industria sektore guztiei kalte egiten ari zaizkie, AEBetako airelineak barne». Konpainiak azaldu du «egoera oso zail batean» hartu behar izan duela erabakia, eta azpimarratu COVID-19aren krisia dela-eta «inoiz ez bezalako» egoeran dagoela sektorea. Merkataritzarako hegazkinen jarduera %50 inguru murriztu da, eta, ondorioz, modelo berrien produkzioa nabarmen urrituko da.
Atzo jakinarazitako erabakiaren inguruan, Airbusek ez du zehaztu zenbat gehiago ordaindu beharko duen hemendik aurrera Frantziak eta Espainiak emandako maileguengatik; azaldu du MMEk interes tasaren eta arriskuen ebaluazioaren erreferentzia indize egokien arabera egokituko dutela hori, baina datua konfidentziala dela.
Egungo egoera ikusita, hegazkin ekoizleak ez du lanez gainezka zebilenean bezainbeste galduko. Trukean, eta betiere AEBek beren zerga politika malgutzea erabakitzen badute, Europako beste sektore batzuei egin diezaieke mesede haren erabakiak.
Kontraerasorako prest
Nolanahi den, auzia ez da amaitu. Orain, ikusteko dago zer gertatzen den Europako Batasunak Boeingen kasuan NMEn jarri zuen salaketarekin. Izan ere, Bruselak Washingtonen bide bera hartu zuen, eta AEBen kontra jo zuen hango hegazkin ekoizleari eskaintzen dizkion abantailengatik —salbuespen fiskalak, besteak beste—. Auzi horren ebazpena uda honetan iristea espero da.
Ohar batean, Europako Batasunak esan du gatazka irtenbide negoziatu batekin ixtea espero duela. Dena den, ohartarazi du Airbusen erabakiaren ondoren AEBek jarreraz aldatzen ez badute zuzenbide komunitarioa baliatuko duela zigorrak ezartzeko. 2019ko apirilean, Batasunak azterketa bat egin zuen baloratzeko AEBetako zer produkturi ezarri muga zergak.
AEBek Europari ezarritako zergak kentzeko urratsa egin du Airbusek
Estatuek emandako maileguen interesengatik gehiago ordainduko du, Washingtonek eskatu bezala. Hori dela-eta igo zituen zergak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu