AEBek eta Txinak ateak itxi dizkiote elkarri

Finantza merkatuak dardarka zituela, Trumpek 90 egunez muga zergak eten dizkie bere tarifei erantzun ez dieten herrialdeei, eta Txinarentzat %125ekoak iragarri ditu. Wall Street berehala hasi da igotzen, eta Nasdaq 100 indizeak %10 egin du gora.

Hainbat auto, ontziratzeko prest Pyeongtaekeko portuan, Hego Korean. JEON HEON-KYUN / EFE
Hainbat auto, ontziratzeko prest Pyeongtaekeko portuan, Hego Korean. JEON HEON-KYUN / EFE
Aitor Biain - Iker Aranburu - Irune Lasa
2025eko apirilaren 9a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trumpek urrats bat atzera egin du mundu osoarekin piztua zuen merkataritza gerran, Txinarekin piztua zuenean izan ezik. AEBetako presidenteak, merkatuak dardarka zituela, iragarri du bere muga zergei kontrako erantzunik eman ez dieten herrialdeei 90 egunez etengo dizkiela tarifak. Aldiz, Txinari %125eko muga zergak jarriko dizkiola esan du Trumpek, haren neurriei %84ko muga zergekin erantzun diela eta. 

Scott Bessent Altxorreko idazkariak, zeinak muga zergak negoziatzeko ardura baitu, gero azaldu du Trumpen muga zergei erantzun ez dieten herrialdeei «%10eko muga zerga orokorra» ezarriko dietela. 

Deigarria da oso: Trumpek muga zergen etenaldia iragarri eta ondorioz merkatuetan irabazi handiak eragin baino ordu gutxi batzuk lehenago, bere sare sozialetan esan du garai ona zela merkatuetan erosteko. 

Muga zerga gehienak 90 egunez eteteko erabakiaren berri jakin bezain pronto, igoerak ikusgarriak dira Wall Streeten. S&P 500 indizeak %8tik gorako igoera izan du, eta konpainia teknologiko handienak hartzen dituen Nasdaq 100 indizea %10etik gora igotzen ari da. 

Hala ere, berez merkataritza gerra bete-betean dago bi aurkari handienen artean. Txinako inportazioek eguna %104ko tarifa batekin hasi dute, eta %125eko muga zergekin amaitu, Pekinek antzeko zigor batekin erantzun duelako —%84ko tarifa ezarri die AEBetako produktuei—. Gorabehera horietatik guztietatik ondorio bat nahiko garbi dago honezkero: munduko bi potentzia ekonomikoen arteko merkataritza seko geratzeko bidean da, muga zerga horiekin ez baita errentagarria produktu gehienak inportatzea.

Trumpek goitik behera aldatu du nazioarteko merkataritza: lurrikara bat eragin du mundu osoan, eta haren ondorioak ikusteko daude oraindik. Finantza merkatuetan islatu dira lehen zantzu batzuk, burtsek beherakada handiak izan baitituzte, historian aurrez izan diren krisi ekonomiko handien pare. Analista askoren ustez, horrek bultzatu du Trump nolabaiteko atzerapausoa ematera Txinarekin ez beste herrialde guztiekin. Izan ere, burtsekin soilik ez, AEBetako Altxorreko bonuekin ere zer gertatuko zen ez zegoen batere argi. Eta, itxura guztien arabera, Altxorreko bonuekin gerta zitekeenaren beldurrak ekarri du Trumpek erabakia. 

Orain arte, berdin izan dio burtsan kotizatzen duten enpresek bilioka dolar galtzea. Zehatzago esateko, AEBetako S&P 500 indizean kotizatzen duten enpresen balioa 5,3 bilioi euro amildu da, eta 1,3 bilioi, berriz, Europako enpresa handiak biltzen dituen Stoxx 600ean daudenena. Orain, muga zergen geldialdiaren albistea dela eta, AEBetako indize nagusiak gora egiten ari dira nabarmen. 

Indarrean dira Trumpen muga zergak Ikus-entzunezkoen lantaldea

Merkatuen gutxiespena

Azkenean, merkatuen erreakzioa ez zen izaten ari Trumpek nahi zuena bezalakoa. Agintaldiaren hasieran paparra ateratzen zuen burtsak gorantz zihoazelako, baina orain gutxiesten ari da merkatuek diotena. Aurretik esan izan du burtsen amiltzeak eta orain arte aliatu izan dituen batzuen kexuak ez dutela bere bidetik baztertuko. «Badakit zer arraiotan ari naizen», esan du, eta berretsi du industria berriro AEBetara eramatea dela helburua. «Harro nago langileen presidentea izateaz, eta ez ekoizpena kanpora eramaten dutenen presidentea; herritarren alde borrokatzen dena, eta ez Wall Streeten alde».

 

AEBetako presidenteak, ohi duen dotoreziarik ezarekin, adierazi du herrialde askotako liderrak deika ari zaizkiola: haren hitzetan, «ipurdia miazkatzen» ari zaizkio, haien aurkako muga zergak kentzeko eskatzeko. «Itun bat egiteko erreguka ari dira. 'Mesedez, egin dezagun itun bat. Edozein gauza egingo dut. Edozein gauza egingo dut, jauna'», esan zuen astearte gauean, atzerriko buruzagi baten ahotsa imitatu nahian, alderdi errepublikanoaren ekitaldi batean.

Txinaren jarrera irmoa

Baina erreguka joan zaizkionen artean ez dago Txina, AEBekin harreman komertzial handiak izan arren harekin munduko potentzia ekonomiko nagusia izateko lehian dagoelako eta, hortaz, ez dagoelako inoren aurrean makurtzeko. Txinak «borrokari azkeneraino eusteko» asmoa agertu du, eta mezu horri eutsi dio gaur ere. «Txinaren subiranotasuna, segurtasuna eta garapenerako eskubideak bortxaezinak dira. Geure interes eta eskubideak babesteko neurri irmoak hartzen jarraituko dugu», esan zuen Atzerri Ministerioko eledunak, Lin Jianek. Merkataritza gerrarik ez duela nahi nabarmendu zuen Linek: «Baina beharrezkoa bada, aurre egingo diogu».

Ikusi beharko da orain Txinak nola erantzuten dion muga zergak berriz igo izanari. Hain justu ere, AEBek aurrez ezarritako %104ko muga zergari bere tarifa propioa %50 handitzearekin erantzun dio gaur goizean Txinak. Horrek esan nahi du AEBetako inportazioei %84ko tarifa ezarriko zaiela, aurretik ezarritako %34ko tarifari gehituko zaio eta. Bihar sartuko dira indarrean muga zerga horiek. Pekinek mezu zuzena igorri dio Washingtoni modu horretan, baina, funtsean, bi potentzien arteko gerrak beste koska bat gora egitea esan nahi du.

Izan ere, Txina joko luzerako prestatzen ari da. «Auzo herriekin lotura estrategikoak sendotu behar ditugu», adierazi du Xi Jinping Txinako presidenteak. Bizilagunekin «inoiz baino hobeto» konpontzen dela ziurtatu du Xik, eta hornidura kateak sendotzen jarraitu behar dutela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.