Ados bankuak erreskatatzeko

Bankuen hartzekodunek eta akziodunek pagatuko dute lehenik, eta gordailuen jabeek ondoren, 100.000 eurotik gora dituztenek2014-2020ko eperako 960.000 milioiko aurrekontua onartzeko akordioa dago EBn

xabier martin
2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Aurreko asteko porrota ez zen hainbestekoa izan. Gauzak oso bideratuta utzi zituzten EBko Finantza ministroek (Ecofin) Luxenburgon bankuen erreskateak arautzeko, eta herenegun goizaldean akordioa itxi zuten. EBko estatu eta gobernuburuak labetik atera berria zegoen akordioa berresteko hartu zuten Bruselan, atzoko goi bileran.

Aurrerantzean bankuen hartzekodunek eta akziodunek pagatuko dute lehen-lehenik bankuek porrot egiten dutenean. Adostutako erreskateen arautzeak garbi dio zerga ordaintzaileak azkenak izango direla pagatzaileen zerrendan, hau da, besteei kitak egin ondoren etorriko da diru publikoaren erabilera, beharrezkoa bada.

Alemaniak hala nahi zuen, baina lortutako baino arau zurrunagoekin gainera, salbuespen eta egoera berezi batzuk jasotzen baititu akordioak. Dena den, gordailuak ziren akordiorako gakoa; gordailuekin zer egin. Hitz gutxian, 100.000tik beherako gordailuak ez dira ukituko, kopuru hori aseguratuta baitago. 100.000 gorakoek ere babesa izango dute, baina ez erabatekoa, eta porrot egoeran kitak edukiko dituzte beharbada.

Beti bezala, erdibideko soluzioa hitzartu du Europako Batasunak, Alemaniaren zurruntasuna (salbuespenik gabea 100.000 eurotik gorako gordailuekiko) eta Frantzia, Espainia, Erresuma Batua eta beste herrialde batzuen malgutasuna (gordailu jakin batzuk salbatzeko) nahastu baititu akordioak. Edonola ere, Europako banku batasunaren bidean urrats garrantzitsua da.

Erreskatea ordainduko dutenen zerrenda

Akziodunek lehenik; gero, menpeko zorra dutenek; lehen mailako zorraren hartzekodunek ondoren (senior zorra), eta, azkenik, aseguratu gabeko gordailuen jabeek, 100.000 eurotik gora dituztenek alegia. Diru publikoa bakarrik beharrezkoa bada baliatuko da.

Bankuek pagatu beharreko gutxienekoa

Bankuek beren gain hartu beharko dituzten kitak ere zehaztu ditu akordioak. Diru publikoa erabili aurretik, bankuek euren funtsen %8rekin gutxienez pagatu beharko dute erreskatea.

Salbuespen batzuk

Salbuespeneko baldintza batzuetan, estatuen funts publikoak eta ESM erreskate funtsak erabiltzea baimentzen du akordioak, porrot egindako bankuen hartzekodunek euren diru guztia galdu beharrik gabe; ez zuzenean, estatuari egindako mailegu baten bidez baizik, Espainiaren erreskatean egin zuten moduan. Mailegu horrek zor publikoaren zakua zamatuko du, Espainian gertatu den bezala. 100.000 eurotik gorako gordailuak salbuetsiko lituzkete kitetatik, betiere jabeak enpresa txiki eta ertainak badira edota partikularrak badira. Bankuen funtsen %5 salbatuko ahal da, betiere gutxieneko %8ari kita egin ondoren.

Espainiako eredua versus Zipreko eredua

Zipreko erreskatearen mamua urruntzeko akordioa da EBk egin duena, Espainiako erreskatea eredura ekarriz. Aurreztaile txikiek ere pagatzera behartu zituzten Zipren hasiera batean, berez aseguratuta dauden gordailuak ukituz; gero atzera egin zuten. Edonola ere, soilik kita pribatuak egin ostean baimenduko da Europako erreskate funtsa baliatzea; euroguneko zergadunek finantzatzen duten funtsa, alegia.

Bankuen erreskatearen inguruko akordioa da EBko goi bileratik iritsitako lehen albistea, baina ez da azkena izango. 2014-2020rako aurrekontuaren inguruan ere «akordio politikoa» iragarri zuen Jose Manuel Durao Barrosok, Europako Batzordeko presidenteak. Europako Legebiltzarreko presidente Martin Schulzek eta Enda Kanny Irlandako lehen ministro eta EBko Kontseiluko jarduneko presidenteak datozen zazpi urteetarako aurrekontua adostu dute.

Ordainketetan eta konpromisoetan «malgutasun handiagoa» izango duela aurreratu zuen Durao Barrosok, baita gastua aurreratuko dela ere 2014 eta 2015era —funts berriko 6.000 milioi euro— enpleguan, ikerketan, enpresa txiki eta ertainetan eta Erasmus egitasmoan eragiteko, besteak beste. Gainera, aurtengo aurrekontuari egindako helegitea jasotzen du akordioak, 11.200 milioi euro gehiago gehitzeko. Guztira 960.000 milioi izango ditu aurrekontuak Europako Legebiltzarrak onartzen duenean.

EBko Bruselako goi bileraren lehen saioak, halaber, gazteen langabeziari aurre egiteko neurri berriak ekar ditzake, bazkide ugarik uste dutelako enplegua sustatzeko adostu behar duten 6.000 milioi euroko funtsa ez dela nahikoa. Austeritateak alboan pizgarriak behar dituela esaten duten estatu kideek adi jarraitu beharko dute goi bilera, pizgarri horiek ez baitira itxura batean besterik gabe etorriko, baldintza zorrotzei loturik baizik. Angela Merkelek krisiaren aurkako «elkartasun funtsa» ere aipatu du Berlinen goi bilerara joan aurretik, baina «batzorde eta estatuen arteko konpromiso bete beharrekoak» adostu eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.