Langile gehienek astelehenean amaituko dituzte udako oporrak, eta euren lanpostuetara itzuliko dira. Baina haietako askok etxetik arituko beharko dute, eta berriz hasiko dira buruhausteak eta buruko minak. Telelanak eragiten dituen askotariko zalantzak argitze aldera, lege bat ari da lantzen Espainiako Gobernua, eta asteartean berriz ekingo die negoziazioei hango sindikatu nagusiekin eta enpresaburuen elkarteekin.
Mahai gainean beste testu bat izango dute. Berrikuntza handirik ez dakar, baina batek eragin du sindikatuen kexa: gobernuak aurreproiektutik kanpo utzi ditu administrazio publikoetako langileak —funtzionarioak ere bai, baina haiek beste zuzenbide baten menpe daude—. Administrazioko beharginen kasuan, gobernuak uste du haien egoera berariazko lege baten bidez arautu behar dela. Sindikatuak ez daude horrekin ados, eta horien egoera besteenarekin parekatzeko eskatu dute. Gobernuak, oraingoz, enpresa pribatuetarako soilik egin nahi du legea.
Testu berrian ez du ia aldaketarik sartu; uda aurretik izandako negoziazioetan jada zenbait asmo leundu zituen, batez ere enpresarien gustukoak ez ziren batzuk; hala nola kostuei buruzko aipamen batzuk. Aurreproiektuaren arabera, telelanak ez dio langileari bere jarduerarekin lotutako ekipo, erreminta eta bitartekoekin lotutako kosturik eragin behar; horiek enpresak ordaindu edo konpentsatu behar ditu. Baina nola? Zirriborroaren arabera, enplegatzaileak akordio bat sinatu behar du langilearekin, eta hor zehaztu, besteak beste, lanerako zein material behar dituen. Kostuen inguruan, berriz, gobernuak ez du busti nahi izan; uste du hori negoziazio kolektiboan adostu eta jaso behar dela, edo enpresa akordioetan. Sindikatuek zehaztasun gehiago nahi dituzte legean.
Langileen ordezkariak kexu agertu dira, halaber, gobernuak enpresarien elkarteen beste eskaera bat onartu duelako: beharginek benetan lan egiten dutela zaintzeko kontrol neurriak handitzeari buruzkoa. Oraingo testuak dio askotarikoak izan daitezkeela neurriok, ez soilik telematikoak, baina horiek «langileen duintasuna» eta datuen babeserako legedia errespetatu behar dutela. Horrez gain, egitasmoak jasotzen du lanaldi bakoitzaren erregistro bat egin behar dela, eta langileen deskonexio digitalerako eskubidea bermatu.
Borondatezkoa
Lege berrian jasoko diren neurriek telelanean aritzen diren langileei eragingo diete. Baina nork argudiatu ahalko du telelanean ari dela? Aurreproiektuaren arabera, «urrutiko lan harreman erregular» bat duenak, edo bestela esanda, hiru hilabeteko erreferentziazko epean lantokitik kanpo egiten duenak lanaldiaren %20 gutxienez, edo kontratuaren iraupenaren arabera, horren ehuneko proportzional baliokidea.
Horrekin batera, eta betiere lege aurreproiektuaren arabera, urrutiko lana borondatezkoa izango da langileentzat. Lanpostura itzuli ahal izango dira hala nahi dutenean, eta telelanera egokitzeko zailtasunak edo horri uko egitea ezingo da behargin bat kaleratzeko erabili edo haren lan baldintzetan funtsezko aldaketa bat egiteko arrazoi justifikagarri gisa erabili. Era berean, etxetik ari direnek aurrez aurre lan egiten dutenen eskubide berberak izango dituzte, eta neurri hori ezartzeak ezingo du eraginik izan haien lan baldintzetan, ordainsarietan, enpleguen egonkortasunean, lanaldietan, prestakuntzan eta barne promozioetan.