25 urte egin ditu ATH-ELE Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak Bilboko Pilota kalean duen lokaleko atea irekitzen. «Astelehen bakar batean ere ez dugu kale egin aholkularitza zerbitzuan», aldarrikatu du Lorea Uretak (Bilbo, 1981). Lan Harremanetako lizentziaduna da, eta jardun militante «eta politikoan» aritu da, txakur txikirik ikusi gabe, sektoreko langileen alde. Orain, arrazoi pertsonalak direla medio, atseden bat hartuko du ELEn, eta ez daki behin betikoa eta aldi baterakoa izango den.
Askotan hitz egiten da ELEz, baina zein da zehazki haren lana?
Helburua etxeko langileentzat lan eta bizi baldintza hobeak lortzea da. Horretarako hainbat zerbitzu ditugu, eta horietako bat da astelehenero egiten dugun lan aholkularitza. Zerbitzu horrek ahalbidetzen digu, batetik, lan merkatua nola aldatzen ari den ikustea; bestetik, langileei beren eskubideen berri emateko aukera ematea; eta, azkenik, enplegatzaileak eta erakunde publikoak interpelatzea. Gure elkarteak urte asko daramatza lanean, eta badu haiengana jotzeko prestigioa eta sinesgarritasuna. Gurea lan politikoa da.
Zeintzuk dira etxeko langileen zalantzak, beldurrak…?
Zalantza bilduma oso zabala da. Orain, esaterako, bertan jaiotako emakumeen galderen gorakada bat izan dugu langabezia sariaren eraginez. Beste zalantza oso ohiko bat lan harremanaren etete prozesua da: zaindutako pertsona hil da, langilea kaleratu dute… Eta beldurrik handienak paperik gabeko langileek dituzte. Salaketa jartzeko beldur dira, eta asko mehatxatu egiten dituzte: deportatuko dutela, lapurra dela esango diotela Poliziari… Funtsik gabeko beldurrak dira, mehatxuak ez dira errealak; hona etor daitezela, aldarrikatzera, beldurrik gabe. Atzerritartasun datuak ez dira lan fitxategiekin uztartzen. Paperen auzia ez da eztabaidatzen, hasteko isuna enplegatzaileentzat delako. Guk inoiz ez dugu pausorik ematen langilearen oniritzirik gabe. Paperik gabekoen beldur eta bakartze egoera haustea lan gogorra da, baina lortzen da.
Nolakoa da aholkularitzaren egunerokoa? Etxeko langileekin batera joaten zarete bulegoetara?
Muturreko kasuetan izan ezik, ez. Egia da guk eman izan diegula entregatu behar duten agiria inprimatuta, ondo betea... Noizbait lagundu izan ditugu, salbuespen bezala, baina. Orain, adibidez, SEPEra [Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoa]. Langile bat hiru aldiz badatorkigu esanez paper bat ez diotela hartzen, ba, harekin joan izan gara, eta gu ikusten gaituztenean hartu izan diote. Gure lana militantea da, eta gure ordutegiak mugatuak dira.
«Beldurrik handienak paperik gabeko etxeko langileek izaten dituzte. Enplegatzaileek mehatxatu egiten dituzte: deportatu egingo dituztela, lapurtu egin dutela esango diotela Poliziari...»
25 urte hauetan asko aldatu al da etxeko langilearen profila?
Bai, profil guztiak aldatu dira, bai langileena, baita enplegatzaileena ere. Hemen hasi nintzenean, bertako langile asko genituen, herri txikietan jaiotakoak, eta batez ere Espainian jaio eta Euskal Herrira etorritakoak. Gero hasi zen Espainiatik kanpoko migratzaileen lehen olatua, 2005. urte inguruan, batez ere Hego Amerikakoak. Oso bitxia zen; hemengoak kexatzen ziren hegoamerikar iritsi berriek oso merke egiten zutela lan, merke-zurrean aritzen zirela. Langile horiek paperak lortu zituztenean, orduan haiek kexatzen ziren paperik gabekoek merke-zurrean jardun eta baldintza okerragoak onartzen zituztelako... Hori nabarmendu nahi dut, beti bultzatzen gaituztela pentsatzera etsaia norbait ahulagoa dela, eta hemen arazoa kapitalismoa da. Kapitalismoa pertsona pobreenez baliatzen da prezioak jaisteko eta baldintzak okertzeko. Tristatu egiten nau. Etsaia ez da iritsi berria, pobrea... etsaia beste bat da, eta izen-abizenak ditu.
Eta zure lana? Aldatu al da urte hauetan?
Bai. Etxeko langileei lan eskubide gehiago aitortu zaizkienez, orain lanabes gehiago ditugu. Gauza gehiago aldarrikatzeko aukera dugu, gutxienez auzitara jotzeko. Lehen erreklamatu ezin genituen gauzak erreklamatzen ditugu; esaterako, lanaldiaren kontrola. Hemen hasi nintzenean, legezko lanaldia 40 ordukoa zen, eta presentzia denbora, mugagabea. Orain, esaterako, ordu guztien muga 60 ordu dira, eta badakigu ordu gehiago egiten dutela lan, baina bada legezko muga bat, eta denak ordaindu behar dira.
Lege aldaketek ere eragin handia izan dute, Gizarte Segurantzan kotizatzeak, gutxieneko soldatak... Gutxieneko soldata igotzen hasi zeneko egoera onartezina zen. Zuk etxeko langile bat 40 orduz kontratatua zenuela esan eta gutxieneko soldata baino gutxiago ordainduz gero, Gizarte Segurantzak ontzat ematen zuen. Enplegatzaileak aski zuen ordu kopuruarekin nahastu zela esatea. 2011. urtera arte, ez bazenuen hogei orduz lan egiten, enplegatzaileek ez zuten Gizarte Segurantzan inskribatzeko obligaziorik. Hori 2012an aldatu zen, Lan eginiko ordua, kotizaturiko ordua kanpainarekin. Eskari bakoitzak pausoz pauso egiten du bere bidea: lehenbizi araua da; betetzen ez denez, guk aldarrikatzen dugu, eta gero lortzen da.
Langabeziarena zuen aldarrikapen klasikoa zen.
Historikoa esango nuke. Nik uste nuen ez zela lortuko. Gure aldarrikapen zerrendetan jartzen genuen, baina nik ez nuen ikusten helburu errealista gisa. Eta auzia Europara eraman zuen langileari eta haren abokatuari esker irabazi zen. Lortu zenean... Niretzat, izan zen: «Hau lortu badugu, edozer gauza lor dezakegu». Baina tira, behartuta onartu zuen Espainiak.
«Uste nuen langabezia saria ez genuela inoiz lortuko. Niretzat, izan zen: 'Hau lortu badugu, edozer gauza lor dezakegu'. Hori bai, Europak behartuta aldatu zuen legea Espainiak»
25 urte hauetan zer bilakaera izan dute baldintzek?
Hobetu egin dira. Egia da apurka doala; esaterako, zenbat igotzen ari da Gizarte Segurantzan izena emanda dauden etxeko langileen kopurua? Bada bi puntu urte batetik bestera, beste bi… Hamar urteko tarteari erreparatzen badiozu, bada aldea. Arau berrien aurretik, %20 inguru egoten ziren izena emanda, eta orain %90etik gora dira. Betiere, paperdunei buruz ari naiz, legalki izena emanda egon daitezkeenez. Urtez urte, lanaldiak hobeto betetzen dira, baina egia da datuak eskandalagarriak direla. Baina duela bost urte esaten genuen guk artatzen genituen egoiliarren %75ek 70 ordu baino gehiago egiten zutela lan, eta orain %68 dira. Datua eskandaluzkoa da, baina inoiz ez da egongo urte batetik besterako jauzi erraldoirik, eta gertatzen bada, esan nahi du estatistika gaizki egin dugula.
Sektore hitza aldarrikatzen duzue.
Jendeak kontzientzia handiagoa du, eta, eskubideak lortu ahala, hau beste lan sektore bat dela aitortzen du gizarteak. Etxeko 33.500 langile daude Hego Euskal Herrian, eta horiei paperik gabekoak gehitu behar zaizkie, beste %30 inguru. Borroka izan da gizarteak eta enplegatzaileek ikustea, garbitzaileak, ordukakoak, txatxak esaten zitzaienak, lan sektore bat zirela. Prekarioenak izango dira, baina sektore bat dira. Eta 2000. urtean beste sektore bat sortu zen, zaintzarena. Ordura arte, jende nagusia etxean zaintzen zen. Zaintza gehitu izan ez balitz, ez zen sartuko atzerritik iritsi den langile andana.
Egoiliarraren figuraren inguruko eztabaida dago, existitu behar ote duen ala ez; izan ere, 24 orduko lanaldia, zainduaren etxean bizitzea… hori arautu al daiteke? Zer iritzi duzu?
Arautu daiteke: herrialde askotan arautua dago. Frantzian hala da, eta Ipar Euskal Herrian ere bai. Esaterako, gaualdiko ordu bakoitzaren balioa seiren batekoa da, eta erregistroan zenbatu behar da. Horretarako, lanaldiak ondo kontrolatu behar dira. Nola egin asmatua dago. Horrek dakarrena da gaueko orduei balio bat eman behar zaiela. 40 orduko lanaldiarekin jartzen bagara, edo 60koarekin… langile gehiago sartu behar dira etxean; ez da aski bakarrarekin. Benetako konponbidea zaintza zerbitzu publikoak dira; hori da eskubideak bermatzen dituen bakarra, mundu guztia duin zaindua izatea bermatzen duen bakarra.

Etxeko langileek zaintza sistemaren lotsak estaltzen dituzte?
Erakunde batzuek hala esaten dute, bai. Administrazioek diru asko aurrezten dute etxeko langile egoiliarrei esker. Nik ez nuke lotsak estali adiera erabiliko; nik esango nuke gobernuetatik pasatzen diren alderdi guztiek erabiltzen dutela, zaintzaren inguruan ezer ez egiteko. Etxeko langilerik ez balego, familiek zaintza sistema publikoak aldarrikatuko lituzkete, eta sistema lehertu egingo litzateke. Baina etxeko langileekin konpondu daitekeen bitartean… Baina, tira, gaur egun EAEn zaintza arazoak konpontzeko erreminta nagusia ez dira zaintzaileak, familiako emakumeak baizik. Jaurlaritzak eta aldundiek etxeko langileak erabiltzen dituzte diru asko aurrezteko.
Lan ikuskaritzarekin oso kritikoak zarete. Zergatik?
Lan ikuskaritza erakunde motel eta baldarrenetakoa da. Pasibitate handia sumatu dugu guk beti, eta lan arloko arazoak konpontzeko gogo gutxi. 2024ko azaroan, EH Bilduk galdera bat egin zuen legebiltzarrean: etxeko langileen zenbat agentzia ikertu ditu lan ikuskaritzak ofizioz azken urteetan? Erantzuna: zero. Ezin daiteke izan! Gu 2005ean hasi ginen agentziak ikertzen, eta lau zoro gara, datu baseetara sartzeko baliabiderik gabe. Urte hauetan hainbeste agentziaren iruzurrak azaleratzeko gai izan bagara, lan ikuskaritza zertan ari da?
Hori agentziei dagokienez, eguneroko jardunean, betiko aitzakia da ikuskariak ezin direla sartu etxeetan. Lan ikuskaritzak ez du etxe bateko atea bota beharrik barruan zer gertatzen den ikertzeko; beste bide asko daude. Adibidez, bilera bat hitzartu langileekin eta enplegatzailearekin, kontratuak eskatu, telefonoz deitu... Aitzakia beti bizilekuaren bortxaezintasuna da, baina ez da erreala. Etxea lantegi bihurtzen den unean, nola da posible lan ikuskaritza ez sartu ahal izatea?
«Legea egiteak ez du ezertarako balio kontrolik ez badago. Lan ikuskaritzan pasibitate handia sumatu dugu beti, eta lan arloko arazoak konpontzeko gogo gutxi»
Zein da agentzien arazoa?
2005ean Dedica agentzia topatu genuen, gerora ixtea lortu genuena, eta orduan hasi zen dena. Bi tankeratakoak daude: kolokazio agentziak eta artekaritza agentziak. 2000ko hamarkadaren hasieran agertu ziren, aldi baterako lan enpresen antzera. Aurrenekoak esplotatzaile hutsak ziren: kontratuetan legez kanpoko klausulak zituzten. Kontratua egiten zuten, bi aldeek agentziari zati bat ordaintzen zioten, eta, enplegatzaileak eta langileak hitz egiten bazuten, konturatzen ziren hilean 1.000 euro bidean galtzen zirela. Eta klausulak jartzen zituzten: «Sei hilabeteko epean ezingo duzue egin bi aldeen arteko kontratu pribaturik; bestela, hiruna mila euroko isuna ordaindu beharko duzue». Guk ikertu genituen; oroitzen naiz langile eta enplegatzaile plantak egiten genituela informazioa biltzeko. Dirutzak kobratzen dituzte gestio oso errazengatik: gizarte segurantzan inskribatzea, nominak egitea, planilla bidezko kontratuak egitea… Zergatik ez dute Lanbidek ala SEPEk egiten? Zaintza lanei arreta jarriko baliete, ez leudeke hainbeste agentzia.
Paperik gabeko langile asko daude oraindik sektorean.
Orduka lan egiten dutenen %12 eta egoiliarren %30 dira. Hasteko, zaintzaren arazoa konpontzen dute, eta haiek, iritsi eta berehala, badute non lo egin. Baina hori aberrazio bat da. Lanari dagokionez, hainbeste ordu lan egiten denean ez da jardun hain fisikoa, baina hor egon behar duzu: zaindua artatzeko, komunera laguntzeko, hitz egiteko… Zama mental handia duen lan bat da: zure bizitza ematen diozu beste pertsona bati. 80 orduko lanaldiak dira; pentsa denbora guztia menpekotasun oso larriak dituen pertsona baten alboan egotea. Bakarrik, etxe batean sartuta, besteengandik bereizita, ia egun guztia, ia egunero… eta pertsona bakar batekin.
Zer dago hobetzeko? Zein da lehentasuna?
Dugun aldarrikapen zerrenda albo batera utzita: ordutegi kontrola, lan ikuskaritza zorrotzagoa… Sektorea aldatzeko beharrezko diren lehentasunak bi dira. Erakunde publikoek erabakitzea sektorea aldatu egin behar dela eta nolakoa izan behar duen zehaztu dezatela, eta, behin hori eginda, lanabes egokiak jarri behar dira erabakitzen den hori erreala izan dadin. Legea egiteak ez du ezertarako balio ez badago kontrolik.