Eusko Jaurlaritzako funtzio publikoko arduradunek atzo jakinarazi zieten sindikatuei zenbat funtzionario hartzeko asmoa duen aurten administrazio orokorrerako. Deialdian 3.108 postu sartuko dira, zenbait deialditan banatuta.
«Eskain daitezkeen lanpostu huts guztiak eskainiko dira», Jaurlaritzaren arabera, «eta, gainera, euskal administrazio publikoan bitarteko langileen tasa handia murrizteko hartutako konpromisoari erantzuten zaio».
Funtzionarioentzako postu horietatik guztietatik 1.884 merezimendu lehiaketa bidez ebatziko dira, eta gainerako 1.219ak, lehiaketa oposizio bidez. Horrek esan nahi du administrazio horietan behin-behinean urteetan jardun diren langileei begira atonduta daudela deialdiko postuen %60,6.
Jaurlaritzaren arabera, merezimendu lehiaketetan «hautagaien merezimenduak baino ez dituzte baloratuko, eta bereziki kontuan hartuko dira deialdia egin duen administrazioan lanean emandako urteak, bai eta prestakuntza profesional eta akademikoa ere, besteak beste».
Eskainitako lanbide eskalak 50 inguru dira, eta, besteak beste, honako hauek hartzen dituzte: administrazio langileak, legelariak, gizarte eta lan arretako langileak, estatistikakoak, hizkuntza normalizaziokoak, osasun publikokoak eta epidemiologiakoak.
Murritza
ELA sindikatuaren ustez, murritza da Jaurlaritzaren 3.108 postuko deialdia, Iceta legeak jasotzen duen behin-behinekotasun tasa betetzeko 4.500 postu bete beharko liratekeelako. Gaur egun, behin-behinekotasun tasa %57 da administrazio orokorrean eta bere erakunde autonomoetan (Osalan, Lanbide, Ibaiondo); besteak beste, hainbat urtez ez delako lan eskaintza publikorik egin.
Ondorioz, bete beharko liratekeen 4.500 postu horietarako beste langile daude, postu horietan urteak daramatzatenak behin-behinean lanean, eta orain Egonkortze Legeak —Iceta legeak— ezarritako baldintzak betetzen dituztenak. ELA sindikatuak eta Interino taldeak mobilizazioak egin dituzte azken asteetan, Jaurlaritzari kontsolidazio prozesu bermatzaile bat eskatzeko administrazio orokorrean.
Mahai Orokorrean, telelana
Behin-behinean ari diren langile publikoen egonkortzea, hala ere, ez zen hizpide izanatzo bertan bildu zenEAEko Mahai Orokorrean, sindikatuen haserrerako. Izan ere, atzo administrazio orokorrarekin egin bezala, Jaurlaritzak azken egunetan jakinarazi du zenbat postu aterako dituen hezkuntzan eta Osakidetzan aurten, eta sindikatu guztien ustez ez dira nahikoa behin-behinekotasuna murrizteko, ezta behin-behineko langileak egonkortzeko ere.
Telelanaz bai, horretaz hitz egin zuten Mahai Orokorrean. Sindikatuen arabera, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zien hasi dituela tramiteak funtzio publikoan telelana arautuko duen dekretua onartzeko, eta sindikatuak kexu agertu ziren, gobernuaren testuak ez duelako jasotzen ez beren eskakizunik eta ez ekarpenik.
Dekretua administrazio publiko bakoitzak negoziatu beharko du, baina oraingoz gabezia handiak ditu sindikatuen ustez. ELAren arabera, sektore osoak geratuko dira aukeratik kanpo, eta CCOOren ustez, estatuko arautegia baino murriztaileagoa da.
Administrazio orokorrean 3.108 langileko deialdia egingo du Jaurlaritzak
Postuen %60 merezimendu bidez ebatziko dira. ELAren arabera, 4.500 postu bete behar lirateke behin-behinekotasuna egiaz murrizteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu