Ez da etorkizuna. Orai da. Lelo hori hautatu du Elhuyarrek bere azken proiekturako, Orai langunerako. Marka horretan bildu nahi ditu adimen artifizialarekin lotutako proiektuak, eta izenaren eta leloaren hautaketa ez da ausazkoa izan. Izan ere, duela gutxira arte herritar gehienentzat zientzia fikziozkoa ziruditen ekintzak —esaterako, ahotsaren bitartez makinei aginduak eman ahal izatea— dagoeneko posible dira, eta Elhuyarrek orain esparru horretan «jauzi bat» egin nahi du Orai langunearekin. Gaur aurkeztu dute jendaurrean, Donostiako Kursaal jauregian, lankide dituen enpresen eta erakundeen aurrean.
Orairen bitartez, ElhuyarrekNLP teknologia —hizkuntza naturalaren prozesamendua— enpresen eta administrazioen beharretara egokitu nahi du. Hamabosten bat laguneko taldea izango du, eta, horien artean, zazpi doktore daude. Xede handinahia jarri diote beren buruari: industria eta enpresak lehiakorragoak egitea, administrazioak eraginkorragoak izatea, eta pertsonen bizitza hobetzea.
«Adimena ekoiztea da helburua», Josu Aztiria Orai NLP Teknologiak languneko koordinatzaileak azaldu duenez. «Dispositibo inteligenteak garatu nahi ditugu, enpresen prozesuak eraginkorragoak eta adimentsuagoak izateko, eta pertsonen gaitasuna handitzeko». Tresna horiek erraztu egin behar dute industriaren eta haren bezeroen arteko komunikazioa, eta «humanoagoa» bilakatu pertsona baten eta makinaren arteko ahots bidezko harremana.
Eta, Elhuyar euskaraz eta euskararen alde lan egiten duen erakunde bat izanik, beste erronka bat ere badu Orairekin: «Eremu eleaniztunetan komunikazioa ez dadila oztopo bat izan». Horregatik, euskararekin ez ezik, beste hizkuntza batzuekin ere lanean ari da Elhuyar, hala nola gaztelerarekin, frantsesarekin, ingelesarekin, katalanarekin eta galegoarekin.
Adimen artifizialeko tresnen genero alborapena saihestea ere jarri du Oraik bere lehentasunen artean.
Ez da hutsetik sortu
Orai lurralde proiektu bat ere bada. «Adimen artifiziala aldagai erabakigarria bihurtzen ari da estatuen arteko lehia geopolitikoan. Europako Batasunak berak ere esan du kezkatuta dagoela posizionamendu ahula duelako», ziurtatu du Aztiriak. Arlo horretan teknologia eta ezagutza berriak garatzea, beraz, funtsezkotzat dauka Euskal Herriarentzat: «Gaitasun eta teknologia beregainak dituzten lurraldeek eta enpresek egingo dute aurrera».
Orai proiektu berria den arren, ez dela hutsetik abiatu gogorarazi du Jon Abril Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak. «Eskarmentua badaukagu». Duela 50 urte eratu zen Elhuyar, eta «euskara eremu berrietara eramateko etengabeko lanean segitzen dugu». Zientzian ez ezik, hizkuntzalaritzan, hiztegigintzan eta gizarte aholkularitzan, eta hizkuntza teknologietan ere aritzen da. «Aitzindariak izan ginen hizkuntza teknologiak euskara ekartzen; 37 urte joan dira ordenagailuetarako lehen programak egin genituenetik. Eta badira hogei urte hizkuntza teknologiaren alorrean lanean hasi ginela, eta adimen artifizialaren olatuari ere heldu genion».
Aurrerantzean Orai markarekin arituko den taldeak aurretik sortutako proiektuak zerrendatu ditu Abrilek: Elia itzultzaile automatiko neuronala, Aditu hizketa ezagutzailea, Mycroft.eus euskarazko bozgorailu adimenduna, eta Linguatec proiektua —EBren diru laguntzekin baliabide urriko hizkuntza batzuetarako garatutako tresnak—.