Adegik argi-ilunekin ikusten du 2022. urtea Gipuzkoako ekonomian. Hazkunde handia espero du, ekonomia pandemiaren mailara itzuliko dela urteko bigarren erdian, 5.000 lanpostu garbi sortuko direla, eta enpresa gehienek salmentak handituko dituztela. Baina ilunei buruz ere ohartarazi du, eta horien artean bat nabarmendu du besteen gainetik: inflazioaren eraginez, litekeena da «soldata igoera oso handiak» izatea, eta horrek «enpresa kutxa eta inbertsioak ukituta uzten» dituzte.
Adegiren inkesta bete duten enpresen kezken artean lehena da lehengaien hornikuntza eta prezioa, %73,5ek uste baitute hori arazoa izango dela. Bigarrena, berriz, lan kostuak handitzea da—%49,2ren kezka—, baina hori da iraileko inkestaz geroztik gehiago hazi dena: kezkatuen kopurua bikoiztu egin da.
Badira hilabete batzuk Adegik bere kideei aholkatu ziela inflazioaren eragina urte batzuetan banatzea lan kostuak asko ez igotzeko. «Ezohiko egoera batean gaude; 30 urtean ez da halakorik gertatu. Formula onargarriak bilatu behar ditugu inflazioaren eragina leuntzeko», justifikatu du Jose Miguel Aierza Adegiko idazkari nagusiak, Gipuzkoako patronalaren egoitzan egindako agerraldian.
Aierzaren hitzetan, enpresa batzuk ari dira soldata igoera mailakatuei buruzko akordioak lortzen sindikatuekin, eta beste batzuk, irabazi handiak dituztenak, gai dira soldatak KPIaren arabera eguneratzeko. Baina Aierzak ohartarazi du beste enpresa askok zailtasunak izango dituztela, «ICOren kredituak itzultzen hasi behar duten urte honetan». Gipuzkoako patronalak ere bat egin du Elkargik Adegiren ondoko eraikinetik zabaldutako kezkarekin, eta esan du «zuhurra» izango litzatekeela mailegu publikoak itzultzeko epeak luzatzea.
Hornikuntza kateei dagokionez, ordea, Adegi ez dago guztiz ados Gipuzkoako Bazkundeakesandakoarekin: hots, arazoak arintzen ari direla, «egoera normaltasunetik urrun dagoen arren». Kontrara, Aierzak nabarmendu du enpresen erdiek baino gehiagok aipatu dutela azken hiru hilabeteetan «ezohiko hornidura gabezia» jasan dutela.
Baina beltzetik bezainbat —edo pixka bat gehiago— du zuritik Adegiren egoeraren analisiak. Izan ere, Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak uste du lurraldeko ekonomia suspertze betean dagoela, eta 2022an beste koska bat egingo duela gora BPGak, %4-5,5 inguru. Hala balitz, urteko hirugarren edo laugarren hiruhilekorako espero du pandemia aurreko mailara iristea.
Enpresa gehienek ez dute kexarik beren jarduerarekin. Hamarretik ia bederatzik uste dute beren merkatuetan egoera normala dela edo suspertzen ari dela, eta hamarretik zortzik diote eskaerak mantenduko direla edo handituko direla. Usteak uste, datuak ez dira txarrak azken hiruhilekoan: %3,8 handitu dira Gipuzkoako enpresen salmentak —%5 aurreko hiruhilekoan—, eta eskaerak, beste %2,9.
«'No comment'»
Aierzak ontzat jo du atzo Espainiako Kongresuak lan erreforma berria onartu izana, baina, edukiari baino gehiago, akordio bat izateari erreparatu dio, «mundu konplexu honetan akordioak egiteari balioa eman behar zaiolako». Gainera, ELAren eta LABen ildotik, aitortu du erreformak ez duela «aldaketa handirik» ekarri.Gainera, Gipuzkoako patronalak agerian utzi du EAJren jarrerak min eman diela. Andoni Ortuzarrek «xantaia onartezintzat» jo zuen CEOE Espainiako patronalak baldintza gisa jartzea itunaren koma bakar bat ez aldatzea. Hitz horiei buruz galdetuta, «John Benjamin Toshack Realeko entrenatzaile izan zenaren esaldi bat erabiliko dut: no comment».
Adegik ohartarazi du soldata igoera handiek inbertsioak «ukituko» dituztela
Lan kostuei buruzko kezka bikoiztu egin da Gipuzkoako enpresen artean. Adegik «'no comment'» batekin erantzun dio EAJk lan erreformaz esandakoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu