Adegi: «Gazteen arazoa ez dira soldatak, etxebizitza falta baizik»

Gipuzkoako patronalaren ustez, erakundeek eraikuntza bultzatu behar dute, eta bankuek, berriz, kredituak lortzeko bidea erraztu. Adierazi du enpresek «oztopoak» dituztela soldatak igotzeko.

Eduardo Junkera, erdian. Agur esango dio bihar Adegiko presidente karguari. JON URBE / FOKU
Eduardo Junkerak —erdian— agur esango dio bihar Adegiko presidente karguari. JON URBE / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko maiatzaren 29a
12:00
Entzun

Adegi patronala bete-betean sartu da Gipuzkoako eta beste lurralde askotako lehen mailako arazoetako bati buruzko eztabaidan: etxebizitzarenean. Zehazki, gazteek etxebizitza bat erosteko dituzten zailtasunak izan ditu hizpide, eta bere ekarpena egin du. Aitortu du prezioak neurririk gabe igo direla,eta kreditua eskuratzeko zailtasunak handitu. Soluzio posibleei erreparatuta, nabarmendu du «arazoa» ez datzala «soldatetan soilik», eta etxebizitza gehiago eraiki behar direla.

Hala mintzatu da Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusia, erakundeko beste kide batzuekin eginiko agerraldian. Aierzaren arabera, beharrezkoa da «ekintza plan bat» adostea «gaiarekin zerikusia duten eragile guztien» artean, arazoa «urgentziaz» konpontzeko. Patronalaren ustez, etxebizitza gehiago eraiki behar dira, eta administrazioek horretan lagundu behar dute. «Bizkortu egin behar da etxebizitzak eraikitzeko planak onartzeko prozesua, oso geldoa baita».

Patronalak berak zer egin dezakeen galdetuta, adierazi du soldatak ez direla «arazo bakarra», eta kredituak lortzeko bidea ere erraztu behar dela. Soldatei eta lan baldintzei dagokienez, Aierzak azpimarratu du Gipuzkoakoak oro har «[Espainiako] Estatuko onenen artean» daudela, eta enpresek zailtasunak dituztela horiek hobetzeko. Horixe da kezka nagusia haien artean, Adegik hiru hilean behin egiten duen inkestaren arabera: bitik batentzat hala da.

Soldatak hobetzeko «oztopoak» hizpide hartuta, Aierzak esan du Gipuzkoako enpresek gizarte kotizazioengatik ordaintzen dituzten zenbatekoak «Europako handienetakoak» direla, eta «kostu gehigarri bat» sortzen dutela, «langileek jasotzen duten soldataren %30ekoa». Gaineratu du Gipuzkoan dauden enpresen tamaina ere —hamarretik bederatzik hamar langile baino gutxiago dituzte— zailtasun handi bat dela soldaten aldetik korporazio handiekin lehiatzeko, eta sektoreen artean ere «alde handiak» daudela alor horretan.

«Distira» gutxiago

Etxebizitzaren eta lansarien gaiarekin batera, beste bati ere heldu dio Gipuzkoako patronaleko buruak: absentismoari. Adegiren inkestan, bosgarren postuan azaltzen da: kezkagarria da lau enpresatik batentzat. Azken hilabeteetan, oihartzun handia hartu du zenbait komunikabidetan, eta, neurri batean, horrek isla izan du emaitzan: urtarriletik hona gehien handitu den galdegaia da, hamabost puntu baino gehiago.

Aierzak zalantzan jarri ditu, halere, Gipuzkoako enpresetan dagoen absentismo handiari buruz zabaldu diren zenbait datu eta informazio. Esan du gaia «zorrotzago» aztertu behar dela eta «nork bere ardura kontuan hartuta» egin behar duela. Jakinarazi du Adegik datozen hilabeteetan helduko diola auziari, «enpresak kezkatzen baititu». Aitortu du faktore horrek lehiakortasuna baldintzatzen duela, baina beste ezeren gainetik «osasun arazo» bat dela.

Egoera ekonomikoa ere izan du mintzagai patronaleko buruak, eta azaldu du urte hasierako argazkiak antzera dirauela, «baina distira gutxiagorekin». Fakturazioa batez beste %1,6 handitu da urtarriletik, baina eskaerak, aldiz, %0,7 jaitsi. Lau enpresatik hiruk diote eskaera zorroari eutsi diotela, edo handitu egin dutela.

Errentagarritasunari dagokienez, Aierzak adierazi du «ziurgabetasuna» sumatzen dela oraindik ere. Batetik, inflazioa handia delako oraindik, eta, bestetik, Europako egoera ekonomikoa «delikatua» delako, hazkunde tasak txikiak direnez gero. «Eta Europa da Gipuzkoako enpresen merkatu nagusia», gogoratu duenez.

Bestalde, Adegik 2024rako aurreikuspenei eutsi die. Urteko bigarren erdia hobea izango dela uste du, eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina %1etik %2ra bitarte handituko dela urte amaieran. Enpleguari begiratuta, aurten 3.500 eta 4.500 lanpostu artean sortzea espero du. Hamar enpresatik ia bederatzik diote lantaldeari eutsiko diotela edo handitu egingo dutela.

junkerarEN agurra, eta bustori ongietorria

Adegik bihar egingo du urteko batzar nagusia, eta, horrekin batera, azkenengo sei urteetan patronaleko presidente izandakoak, hau da, Eduardo Junkerak agur esango dio karguari. Haren lekukoa Isabel Bustok hartuko du, eta, hala, erakundea gidatuko duen lehen emakumea bilakatuko da. Bere azken premtsaurrean, Junkerak esan du egindako lanagatik «pozik eta harro» dagoela, eta nabarmendu du patronalak bultzatu duen «enpresa kultura berria» eta harekin lotutako Fabrika fundazioa eta eraikina martxan jartzea izan dela bere «lorpenik handiena».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.