Accenture multinazionalak zentro berri bat zabaldu du Zamudion (Bizkaia), industriari lotutako euskal enpresen digitalizazioan aritzeko. Konpainia teknologikoak enpresa horien bihotza eraldatu nahi du, ekoizpen prozesua bera, ingeniaritzan eraginez, ekoizpen eta mantentze lanetan. Ez da besterik gabe egokitu atzerriko inbertsio hori Euskal Herrira etortzea, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak azpimarratu zuenez atzo, inaugurazio ekitaldian. «Herrialde erakargarria gara inbertitzeko eta berritzeko», esan zuen.
Multinazionalak 100 eta 150 langile arteko taldea izango du beharrean Zamudion, «enpresak digitalki berrasmatu daitezen». Eredu digitalari lotutako negozio berriak bultzatu nahi ditu, era berean, Accenturek. Juan Pedro Moreno konpainiako eremuko presidenteak azaldu zuen 3.000 metro koadroko zentro bat dutela, eta Euskadiko 4.0 industriaren ekosistemaren barruan «berrikuntza sortzeko helburuarekin» jaio dela. Sektore askotan jarduteko gai direla ere esplikatu zuen; esaterako, autogintzan, industria horniduran, kontsumoan, aeronautikan, garraioan, energia berriztagarrian...
Morenok garbi esan zuen Euskal Herria aukeratu dutela «erakundeen babes sendoa dagoelako industria gara dadin, eta sektore hori BPGaren %24 delako». Espainian industriak BPGaren %16 ordezkatzen duela erantsi zuen. «Industriatik gertu egon nahi badugu, eta hura eraldatzen lagundu, hauxe da gure lekua», esan zuen Morenok, Iñigo Urkullu alboan zuela.
Jasun, Gueñesera
Accenture ez zen izan atzo atzerriko inbertsioari lotutako albiste bakarra. Erresuma Batuko Jasun enpresak Gueñesen (Bizkaia) planta bat zabalduko duela jakinarazi zuen. Aire irazkiak ekoizten ditu Jasunek, eta enpresa hona etortzea Invest in the Basque Country programaren bidez erdietsi da. Sprilurrena den sail batean altxatuko du bere fabrika enpresa britaniarrak, 3.000 metro koadroko eremu batean, eta bertan ariko dira hamar bat langile.
Jasun Filtracion SL enpresa eratu da jadanik; goi teknologiako irazkiak ekoitziko ditu Enkarterrin, bost milioi euroko inbertsioari esker zabalduko duen plantan. «Europako hegoaldeko merkatuan hedatu nahi dugu, eta urtebeteko prestaketa lanen ondoren, gertu gaude jarduera industrialari ekiteko», jakinarazi du enpresak ohar baten bidez. Jasun Envirocarek 40 urteko ibilbidea dauka Erresuma Batuan. Somerseten (Ingalaterra) dauka egoitza nagusia.
Accenturek digitalizazioa eskaintzeko zentroa zabaldu du Zamudion
Euskal industriaren enpresak digitalizatzeko zentroan 150 langile ariko dira. Ekoizpen prozesuak eraldatzeko aholkularitza emango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu