Abuztuan ia 15.800 afiliatu galdu ditu Gizarte Segurantzak

Erorikorik handiena da 2008. urteaz geroztik. Langabeziak ere gora egin du, eta duela urtebete baino 3.000 lagun gehiago daude lanik gabe.

Langile bat leihoak garbitzen Bilboko eraikin batean. LUIS TEJIDO / EFE
Langile bat leihoak garbitzen Bilboko eraikin batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko irailaren 3a
10:25
Entzun

Uztail kaskar bati abuztu are kaskarrago batek jarraitu dio enplegu kontuetan. Langabezia nabarmen handitu da (+2.948), baina hori baino ikusgarriagoa izan da landunen kopurua: batez beste, 15.780 afiliatu galdu ditu Gizarte Segurantzak, hilabete batean izan den beherakadarik handiena 2008az geroztik.

Ohikoa da uztailean eta abuztuan langabezia handitzea eta afiliazioa galtzea, udako lanpostuen sorrera txiki uzten duelako udan iraungitzen diren enpleguen jaitsierak, hezkuntzan eta aisialdian nagusiki. Udarekin batera, lanik gabe geratzen dira ikasturte osoan eskoletan eta akademietan lanean aritzen diren asko.

Aurten bereziki handia izan da abuztuan galdutako enpleguen kopurua, baina hamar milatik gora izan dira urtero 2016az geroztik —2020an izan ezik—. Uztailean 8.229 gehiago galdu zirela kontuan hartuz, 24.000 kotizatzaile galdu ditu Gizarte Segurantzak udako hilabeteetan, eta berriro hurbildu da 1,3 milioi landunen langara (1.307.110). Edonola ere, duela urtebete baino 15.000 landun gehiago daude.

Iraila eta urria, onak

Berri ona da udan galdutakoa berreskuratu ohi dela ikasleak ikasgelara itzuli ahala. Iaz, esaterako, 16.650 kotizatzaile galdu zituen Gizarte Segurantzak uztailean eta abuztuan, baina 25.000 irabazi zituen irailean eta urrian.

Joera horri heldu dio Eusko Jaurlaritzak abuztuko langabeziaren datuak baloratzean. «Abuztuan, salbuespenik gabe, langabeziak gora eta afiliazioak behera egiten du, eta hori, nolanahi ere, ez da adierazgarria enpleguaren bilakaeraren azterketa globalaren ikuspuntutik, perspektiba luzeagoa eskatzen baitu», esan du Alfonso Gurpegi Enplegu sailburuordeak. Udazkenerako, «aurreikuspen ekonomiko onak enpleguaren susperraldian islatuko direla» espero du Gasteizko gobernuak.

Edonola ere, sasoiaren berezitasunak ezin du ezkutatu indarra galdu duela lan merkatuak, hazkunde ekonomiko apalaren eta inflazioaren eraginez. Horren erakusgarri da duela urtebete baino ia hiru mila langabe gehiago daudela aurten. Azken sei hilabeteetatik bostetan gertatu da hori.

Zerbitzuetan galdu da abuztuan enplegu gehien, eta, sektore horretan aritzen direnez, emakumeei dagokienez zati handi batean, haien artean handitu baita gehien langabezia: 2.355 emakume gehiago daude lanik gabe, eta 1.009 gizon gehiago. Kopuru horiek are gehiago handitu dute enplegu kontuetan dagoen arrakala, langabeen %59 baitira gaur egun emakumeak. Hala ere, esan beharra dago langabezia erregistratuan bi sexuen artean ikusten den alderik ez dela ikusten biztanleria aktiboaren inkestetan.

%33,3

Langabezia saridunak. Udan ohikoa da enplegu galera, eta horrek badu eragin positibo txiki bat: handitu egiten du langabezia saria jasotzen dutenen kopurua. Udan kaleratu ohi dituzten gehienek nahikoa kotizatu ohi dute langabezia saria eskuratzeko, eta, horren eskutik, uztailean %33,3k jaso dute langabezia saria (%28, ekainean), eta beste %18,1ek subsidioa. Edonola ere, ia bi langabetik batek ez du langabezia laguntzarik.

 

Abuztuak erakutsi du azken lan erreformaren eragina lausotzen ari dela kontratazioan. Erreforma horrek kontratazio mugagabea handitu zuen, eta, horri esker, kontratu mugabeak ugaritu egin ziren 2023an: hasieran, %6-8 ziren, eta, gero, %25,1. Baina azken hilabeteetan kopuru horretatik urruntzen hasi da, eta abuztuan, lehen aldiz 2022ko otsailaz geroztik, %20 baino txikiagoa izan da kontratu mugagabeen kopurua (%19,9).

700

Aldi baterako erregulazioan. Abuztuaren 31n aldi baterako 136 enplegu erregulazio zeuden indarrean Hego Euskal Herriko enpresetan. 700 langileri eragiten diete, eta horietako gehienek (457) lanaldi osoa dute etena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.