Abuztuak eten egin du itxialdiaren osteko esportazioen susperraldi saioa

Hegoaldeko enpresek 1.876 milioi euroren esportazioak egin zituzten, uztailean baino 531 milioi gutxiago. Iazko kopurua %17,1 apaldu da, baina, hala ere, inportazioen gainetik daude

Bi kamioi Bilboko portuko aparkalekuan geldirik, garabiak euren zama hartu dezan zain. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Itxialdiaren osteko xanpain efektuak eragin mugatua izan du Hego Euskal Herriko enpresen esportazioetan. Martxoan hondoa jo ondoren, hilabetez hilabeterako esportazioen susperraldia behar zuenak etena izan zuen abuztuan. Hego Euskal Herriko enpresek 1.876 milioi euroren esportazioak egin zituzten abuztuan, uztailean baino 531 gutxiago (2.407). Hala ere, inportazioak baino gehiago izan ziren, abuztuan atzerritik ekarritako ondasunen balioa 1.616 milioi eurokoa izan baitzen.

Itxialdiak eta hark ekonomian izandako eraginak ñabardura txikienean ere lupa jartzea dakar. Historian, uztailetik abuzturako jauzian esportazioek behera egin izan dute, baina aurten joera ezberdina beharko lukeena ez da izan horrela. Ez behintzat EAEn, hiru probintziek egin baitute behera abuztuan (-%32): Araban, 663 milioitik 245era jaitsi da; Bizkaian, 639tik 499ra; eta Gipuzkoan, 554tik 534ra. Guztira, hilabete batetik bestera 588 milioi euro gutxiagoren merkantziak bidali dituzte atzerrira.

Datu horiek zuzenean egiten dute talka Nafarroakoekin, hilabete arteko aldean gora egin baitzuen. Uztailean 550 milioi euroren esportazioak egin zituzten Nafarroako enpresek; abuztuan, berriz, 597koak (+%8,5). Inportazioek ere gora egin zuten uztailetik abuztura, 277 milioi eurotik 292ra. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aldiz, inportazioek ere behera egin zuten: 1.339 milioitik 1.095era. Abuztuan, Hegoaldeko esportazioak inportazioak baino 489 milioi handiagoak izan ziren. Balantza komertzialak alde jarraitzen du.

Hilabetez hilabeterako bilakaeran behera egin zuten esportazioek, baita urtez urteko alderaketan ere. Kasu horretan aldea nabarmenagoa da, eta agerikoa da pandemiaren eraginak indarrean dirauela. Izan ere, iazko abuztuarekin alderatuta, Hegoaldean %17,1 jaitsi ziren esportazioak. Lurraldekako alderaketan, Bizkaiak izandako %22ko jaitsiera da nabarmenena.

Balantza komertziala

Pandemiaren arrastorik garbiena, dena den, abuztura arte pilaturiko datuetan ikusten da. Urteko lehen zortzi hilabeteetako Hegoaldeko esportazioak iazkoak baino %19,95 apalagoak dira. Parametro horretan ere, Nafarroako datuak hobeak dira, -%17,1, EAEko-%21,2arekin alderatuta. Urteko balantza komertzialari dagokionez, Hegoaldeko enpresek 5,679 milioi euro gehiago esportatu dituzte inportatu baino. Alde horretatik, beste behin, Nafarroaren datua hobea da, inportaturiko euro bakoitzagatik bi esportatu baititu 2020an.

Datu guztiak batera aztertzeak, baina, ez du argazki erreala erakusten, sektore batzuetatik bestera alde handia egoten da eta. Eustatek ematen ditu datuak, eta iazko abuztuarekin alderatu ditu. Horiek hala, produktu energetikoen esportazioa da gehien jaitsi dena: %60,4, eta horrek eragiten du Bizkaiko ia jaitsiera osoa. Araban garraio materialak (%43) eta metalak eta manufakturak (%29) dira kolpea gehien nabaritu duten sektoreak, eta Gipuzkoan, batez ere, plastikoak eta kautxuak:-%49. Nafarroan, autogintza %65,8 jaitsi da. Hala ere, askogatik da lurraldean pisu handiena duen sektorea, esportazioen %38,9rekin. VWk ekoizpen urte historikoa izan zuen 2019an, eta horrek are deigarriagoak bilakatzen ditu alderaketak. Bigarren sektorea ekipo ondasunak dira (%29,6).

Eta nora joan dira produktu horiek? Alemania da erosle handiena (%17,1), Frantziaren (%15,5), AEBen (%6,9) eta Erresuma Batuaren (%6,1) aurretik. Nafarroaren kasuan, Frantziak (%17,3) aurrea hartzen dio Alemaniari (%15,1), Italia (%9,7) eta Portugalen (%3,1) aurretik. Kalkulu horien egileek ez dituzte esportazio moduan kuantifikatzen Espainiara eginiko bidalketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.