Absentismoaren diskurtsoa «ez erosteko» eskatu dio LABek Jaurlaritzari

Patronalaren eskaerei men egitea langileen eskubideak murriztea dela esan dio sindikatuak Torres Lan sailburuari. Istripuen prebentzio legea sistematikoki ez dela betetzen salatu du.

Ekonomia, Lan eta Enpleguko saileko ordezkarien eta LABen arteko bilera. IREKIA
Ekonomia, Lan eta Enpleguko saileko ordezkarien eta LABen arteko bilera. IREKIA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko irailaren 2a
13:35
Entzun

Hasi berri den urte politikoan asko hitz egingo da absentismoaz. Hilabeteak dira Euskal Herriko enpresa erakundeak gaia arazo larritzat jotzen ari direla eta erakunde publikoei neurriak eskatzen ari zaizkiela. Sindikatuak ere apurka sartu dira eztabaidan, eta, kokatze horretan, LABek argi utzi du zer iritzi duen auziaz: «Absentismoa osasun arazoengatik eta legez ezarritako baimenengatik harturiko bajak dira. Hor eragin nahi izatea langileen eskubideak murriztu nahi izatea da».

Garbiñe Aranburu sindikatuko koordinatzaile nagusiak emaniko azalpena da hori, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarekin bildu aurretik. Bilera horretan patronalak absentismoaren inguruan duen diskurtsoa «ez erosteko» eskatu dio sailburuari, eta eztabaida horretan bere jarrera zein den argi utz dezala: «Patronalak inpunitate osoa duela sentitzen du, eta horregatik egiten ditu eskaera gero eta lotsagabeagoak».

«Patronalak inpunitate osoa duela sentitzen du, eta horregatik egiten ditu eskaera gero eta lotsagabeagoak»

GARBIÑE ARANBURULABeko koordinatzaile nagusia

Aranburu gogor mintzatu da gaiaren inguruan, eta nabarmendu du absentismoa ez dela arrazoirik gabe lanera ez joatea. Gehitu du atzean mediku baten galbahea dagoela edo lan hitzarmenean edo legez ezarritako baimenen bat. Gauzak hala, haren iritziko, kexa horren bidez patronalek langileak esplotatzeko «bide berri bat» ireki nahian dabiltza, eta Jaurlaritzari eskatu diote marko horretan ez sartzeko. Urteak dira enpresa erakundeek gaia aztertzeko talde bat sortzea lortu zutela Elkarrizketa Sozialeko Mahaian, baina ikerketa horretako emaitzarik ez dute oraindik jakinarazi.

Aferak soka luzea ekarriko duen jakitun, sindikatuko ordezkariak enpresari elkarteen gainean jarri du ardura: «Patronala da absentista, ez baitu prebentzio legea betetzen». Horren harira, zorrotza izateko eskatu dio Torresi: «Beste edozein legetan pentsaezina litzateke lan osasun eta istripuen prebentzio legeak duen ez betetze maila». Absentismoaren arrazoi nagusia lan osasunik eza dela salatu du, eta sailburuari eskatu dio patronala interpela dezala gaiaren inguruan.

Gaiarekin jarraituz, Aranburuk salatu du onartezina dela lan istripuen eta hildakoen kopurua —LABen arabera 39 langile hil dira aurten beren lanorduetan Euskal Herrian—, eta patronalari «bost axola» diola langileen osasunak. Lan gaixotasunak ezkutatzea leporatu dio, eta mutualitateei botere handiagoa emateko nahiak «osasungintza pribatizatzeko» bide bat direla.

Etxeko langileen eskubideak

Imanol Pradales lehendakaria sindikatu guztiekin bildu zen uztailean, eta orduan nabarmendu zuten formetan behintzat aldaketa bat sumatu zutela Iñigo Urkulluren aldean. Aranburuk, baina, azaldu du orain dela garaia argitzeko keinu hura «marketin hutsa» baino zerbait gehiago den. Izan ere, haren ustez, gobernu programa irakurriz gero, ezin da aldaketa handirik espero. Are gehiago, lehendakariak «neurritasuna» eskatu zien sindikatuei, eta, Aranbururen ustez, hori «borrokari uko egiteko» eta «prekaritatea onartzeko» eskatzea da.

Etxeko langileen auzian ere esku hartzeko eskatu dio LABek Torresi, eta pausoak eman ditzala haiei negoziazio kolektiborako eskubidea aitortzeko. Egun gaia auzibideetan dago, Confebaskek esan zuelako ez zuela bere burua prest ikusten lan hitzarmen hori negoziatzeko. Alde horretatik, langile migratuek pairatzen dituzten abusuen beste eredu bat dela uste du sindikatu abertzaleak.

Azkenik, eta eskaera horiez gain, LABek bere jardun sindikalaren ikur bilakatzen ari diren eskaerak egin dizkio Torresi: 1.600 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzeko bideari ekitea, lan baldintzen duintzea eta lan murrizketari ekitea. «Jakina da gure helburua 30 orduko lan astea dela, baina horra iristeko bidea hasi beharra dago», zehaztu du. Pradales lehendakariarekin bildu zirenean eskaera horiek ere mahai gainean egon ziren.

Langileen ahotsa eraman nahi du Osasun Mahaira

LABek bi bilera garrantzitsu ditu irailean erakunde publikoekin. Aurrenekoa gaurkoa izan da, eta hurrengoa Osasun Mahaikoa izango da. Sindikatuak aurreratu du aldebakartasuna alboratzeko eskatuko diola Osakidetzari, eta ezin dela itunik sinatu «langileen gehiengoa» kontuan hartu gabe. Horrez gain, bost eskaera eramango ditu: pribatizazio eta ituntze politikak amaitzeko plana, langile egonkor gehiago kontratatzea, Lehen Arreta hobetzea, osasun mentalerako bitarteko gehiago eta Osakidetza euskalduntzeko plana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.