Autogintza

Absentismoa, produktibitatea eta lehiakortasuna hobetu behar direla dio VWek

Hurrengo lan itunaren negoziazioan, urriaren 19ra bitarte beste sei bilera egitea proposatu du.

Volkswagenek ekoitzitako autoak, lantoki aurreko aparkalekuan. VW NAFARROA
joxerra senar
2023ko urriaren 2a
15:14
Entzun

Azeleragailua zapaldu du Nafarroako Volkswagenek. 2024tik aurrerako lan hitzarmenaren negoziazioa goiz hasi zen, eta erritmo bizia jarri nahi du: langile batzordeak eta zuzendaritzak sei bilera egingo dituzte urriaren 19ra bitartean, hurrengo urteetako lan baldintzez, elektrifikazioaren ondorio sozialez eta ekonomikoez, eta industria planaz hitz egiteko, besteak beste.

Aurreko asteko lehen bileran, enpresak jada aurreratu zuen 2024 erdialdetik 2025era arte laurehun langile behin-behinean «sobran» egongo direla auto elektrikoaren produkziora egokitzeko prozesuaren barruan. Halaber, zehaztu zuen 2024an 250.000 ibilgailu ekoitziko direla, 2025ean 215.000 eta 2026an 200.000 inguru. 2026tik aurrera hasiko dira auto elektrikoak ekoizten —Skoda eta VW ID2X modeloetakoak—. Konbustiokoak ere egingo dituzte aurrerantzean, elektrikoekin batera. VWen asmoa da 2027an eta 2028an 350.000 auto egitea urtean.

Ikusi gehiago:Geure Kontu. Joxerra Senar: 'Bertigoa normala da, alarmismoa ez'

Helburua hori izanik, VWek gaur zehaztu du absentismoa, produktibitatea eta lehiakortasun kostuak «hobetu» behar direla etorkizunari begira. Bigarren bilera honetan ez du azaldu zehazki zer esan nahi duen horrek, eta zer ondorio izango dituen langileen balditzetan.

Zuzendaritzak sei bileratan aztertu nahi ditu gaiok. Asteazkenean bilduko dira, eta 2024 erdialdetik 2025era arte fabrika utziko duten laurehun langile horien irteera aztertu. Ostiralean eta urriaren 10ean gai horrekin jarraituko dute, eta, horretaz gain, industria plana izango dute hizpide.

Mahai gainean jarritako egutegi horren arabera, urriaren 13an eta 17an bestelako gai garrantzitsuak aztertuko dituzte: baldintza ekonomikoak, enplegua, gai sozialak eta baimenak, eta absentismoa eta produktibitatea. Azkenik, urriaren 19an, aurreko bileretan landutako gai guztiek horiek laburbilduko dituzte.

Proposamenen xehetasunak orduan ikusiko dira, baina, hasi aurretik, ELAk nabarmendu du bestelako lan itunen negoziazioan baino gai sakonagoak jorratu nahi direla, eta gogora ekarri du urtebete behar izan zela aurreko lan ituna aurrera ateratzeko. Hala, sindikatuaren aburuz, «anbizio handiko» egutegi hori denbora gutxian landu nahi du zuzendaritzak.

Sindikatu abertzaleak kritikatu egin du laurehun enplegu behin-behinean kentzeko asmoa. ELAren aburuz, hurrengo urteetan elektrifikazio prozesua bestela egiteko moduak bilatu behar dira, «langile soberakinak eratu gabe». Gogora ekarri du VWen enplegu murrizketak eragin zuzena duela hornitzaileen parkean, eta litekeena dela «lau edo bost bider» handitzea.

Zuzendaritzak produktibitatea eta absentismoa hizpidera ekarri dituenez, ELAk gogoratu du bi horiek elkarri loturik daudela: «Ekoizteko moduagatik eta produktibitateagatik dago absentismoa industriaren batezbestekotik gora».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.