ABRAk salatu du Arabako Mahastien aurkako epaia «guztiz irregularra» dela

Arabako Errioxako upategiek uste dute EAEko Auzitegi Nagusiaren jokabidea «sinestezina» dela, eta salatu dute ebazpenak «babesik gabe» uzten duela elkartea. Ez du argitu helegitea jarriko duen edo ez.

Guardiako mahasti batzuk, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Guardiako mahasti batzuk, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
aitor biain
2024ko azaroaren 8a
11:25
Entzun

ABRA ez dator bat EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Arabako Mahastiak sor-markaren aurka eman duen epaiarekin. Abokatuekin aztertu du auzitegiaren ebazpena, eta salatu du epaiak ez diola heltzen eztabaidaren funtsari, ez datorrelako bat auziko benetako gertakariekin, eta, ondorioz, ez dituela oinarrizko printzipioak errespetatzen. Arabako Errioxako Upategien Elkarteak dio auzitegiaren jokamoldea «sinestezina» dela, eta adierazi du epaiak «babesik gabe» uzten duela elkartea.

Izan ere, auzitegiak bere egin du Errioxa jatorri izenaren Kontseilu Arautzaileak aurkeztutako helegitea, eta atzera bota 2022an Eusko Jaurlaritzak marka berria sortzeko emandako baimena. 2021ean hasi zuten sor-marka onartzeko prozesua, eta haren aurka egin zuen Errioxako Kontseilu Arautzaileak.

ABRAk salatu zuen, ordea, kontseilua ez zela nor Eusko Jaurlaritzaren baimenaren aurka egiteko, ez zuela horretarako legitimitaterik. Baina auzitegiak kontrakoa iritzi dio. Izan ere, epaileek uste dute marka horrek «kalte» egingo liokeela Errioxa jatorri izenari, haren jarduera txikituko luke eta. ABRAren ustez, ordea, «okerra» da baieztapen hori, bi gauza nahasten dituelako, bi marken eremu geografikoak bat egitea eta Errioxa jatorri izenaren hedapen geografikoa murrizteko aukera.

Auzitegiak bi txostenetan oinarritu du erabakia. Espainiako Nekazaritza Ministerioaren menpeko erakunde batek egindakoa da bat, eta Errioxako Unibertsitateko katedradun batek eta irakasle batek egindakoa bestea. Biak dira Arabako Mahastiak sor-markaren aurkakoak. ABRAk uste du, baina, txosten horiek ez daudela behar bezala oinarrituta, eta ezin direla auzibidearen parte izan.

Izan ere, argudiatu du lehenak ez duela eskumenik halako txosten bat tramitatzeko eta hori bera aitortzen dutela epaileek ebazpenean ere, eta, beraz, ezin dela aintzat hartu. Gainera, ABRAk nabarmendu du ezin dela txosten tekniko baten gisa hartu, egileak ez direlako gaian adituak, Espainiako Gobernuko goi kargudunak baizik. Txosten horren arabera, baliteke marka hori eratzeak Europako legediaren hainbat artikulu urratzea.

Bigarren txostenari buruz, berriz, ABRAk salatu du auzibidean ez zela aurkeztu, eta, beraz, ezin dela aintzat hartu: «Prozesu judizialaren printzipioak urratzen dituen jardunbidea da, guztiz irregularra». Izan ere, txostena 2023ko otsailean aurkeztu zuen Errioxako Kontseilu Arautzaileak, beste auzibide batean, Arabako Mahastien sorreraren inguruko epaiaren zain zegoela. Dokumentu hori «ongi arrazoituta» dagoela argudiatu dute epaileek, eta ez Eusko Jaurlaritzak ez ABRAk ez dutela haren aurkako «argudio sendorik» aurkeztu.

ABRAk ez du erabaki oraindik Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko duen edo ez; abokatuekin aztertuko dute zer pauso eman hemendik aurrera. 30 eguneko epea dute horretarako. Hura da Arabako Mahastien azken aukera, epaileen oniritzirik gabe Europako Batasunak ez diolako bide emango sor-marka eratzeari, erakunde hori baita sor-marken inguruan eskumena duena.

«Diskriminatzailea»

Eusko Jaurlaritzak ere ez du erabaki helegiterik jarriko duen edo ez, baina Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak esan du erabaki hori Arabako Errioxako upategiekin batera hartuko duela. Sailburua kritiko azaldu da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenarekin, eta esan du ez duela bat egiten hark emandako argudioekin. 

Barredoren arabera, epaia «oso irmoa eta zehatza» bada ere, ez dago «garatuta». Eta adierazi du «diskriminatzailea» dela, Espainian nahiz Europan badirelako eremu geografiko berean bi izendapen desberdin dituzten kasuan. «Bordeleren kasua ikusi besterik ez dago, 19 jatorri deitura baino gehiago daude jatorri-deitura global baten barruan», zehaztu du.

Sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak sor-marka berriak eratzeko dagokion eskumenen arabera jokatu duela une oro, eta ABRAren eskakizuna legeak ezartzen dituen baldintzak «zehatz mehatz» beteta tramitatu zuela. Berretsi du, halaber, Arabako Errioxako upategiek «eskubide osoa» dutela marka berri bat sortzeko, eta Arabako Mahastiak sor-markak baldintza guztiek betetzen dituela horretarako. Horiek hala, adierazi du gobernua informazioa biltzen ari dela, hurrengo pausuen norabidea erabakitzeko. 

Errioxa, pozik

Errioxa jatorri izenaren Kontseilu Arautzaileak ere gaur eman du epaiari buruzko iritzia jendaurrean. Jose Luis Lapuente kontseiluko zuzendari nagusia pozik mintzatu da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dielako, eta adierazi du epaia «irmoa, behin betikoa eta argia» dela.

Ebazpena «mugarritzat» jo du Lapuentek, baina azpimarratu du ez dagoela ospatzekorik, auzibideak «kalte» egin diolako Errioxa jatorri izen onari eta ospeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.