ABRAk ez du erabaki Arabako Mahastien aurkako epaiari helegitea jarriko dion ala ez

Arabako Errioxako upategiek uste dute EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia «guztiz irregularra» dela. 'A' marka aurkeztu dute Bilbon, upategi txikiak eta ertainak «haien egoera larriagotzen duten estrategietatik bereizteko ekintza bat».

ABRAko upategietako ordezkariak Bilbon, gaur, 'A' markaren aurkezpenean. ABRA
ABRAko upategietako ordezkariak Bilbon, gaur, 'A' markaren aurkezpenean. ABRA
Paulo Ostolaza.
2024ko azaroaren 11
13:00
Entzun

Arabako Mahastien aurkako epaiari nola aurre egin aztertzen jarraitzen du ABRAk. Arabako Errioxako Upategien Elkarteak A marka kolektibo berria aurkeztu du Bilbon, eta, kazetarien galderei erantzunez, Itxaso Compañon presidenteak adierazi du oraindik ez dutela erabaki EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiari helegitea jarri edo ez: «Arabako Mahastien lantaldeko kide ere banaiz, eta gaurdaino ez dugu erabakirik hartu».

Joan den ostegunean, auzitegiak bere egin zuen Errioxa jatorri izenaren kontseilu arautzailearen helegitea, eta atzera bota zuen Arabako Errioxan ardo marka propio bat eratzeari Eusko Jaurlaritzak emandako baimena. ABRAk salatu du epaia «guztiz irregularra» dela, auzitegiaren jokabidea «sinestezina» dela, eta ebazpenak «babesik gabe» uzten duela elkartea. 

Ardogileen elkarteak abokatuekin aztertu du ebazpena, eta ebatzi du epaiak ez diola heltzen eztabaidaren funtsari, ez datorrelako bat auziko benetako gertakariekin, eta, ondorioz, ez dituela oinarrizko printzipioak errespetatzen.

Arabako Mahastiak sor-marka onartzeko prozesua 2021ean hasi zuten, eta haren aurka egin zuen Errioxako Kontseilu Arautzaileak. Eusko Jaurlaritzak 2022an eman zuen marka berria sortzeko baimena, baina guztiz jaio aurretik hiltzeko arriskuan da orain.

Bizirik irauteko ekintza

Gaur Bilbon aurkeztu duten A, berriz, Arabako lurretan landutako ardoa identifikatzen duen marka bat da, Arabako Errioxako upategi guztiei irekita dagoena eta aurrerantzean ABRAko bodegetako botila guztietan agertuko dena. 80 upategi inguru dira. ABRAk duela aste batzuk ekin zion bide horri Arabako Mahastien proiektua trabatua zegoela ikusita.

Bilboko aurkezpenean, ardogileek kontatu dute urtetik urtera upategi gehiago ixten direla Araban, «sektorearen egoera larriagatik»: «Mahatsaren prezioen bilakaerak eta ekoizpen kostuek itotzen gaituzte, eta gehiegizko produkzioak upategi handiei bakarrik egiten die mesede. Errioxa izeneko jatorri deitura ere haiek erabiltzen dute euren interesetarako». Egoerak hobera egiten ez badu, abisatu dute lurrak saldu beharko dituztela eta eskualdea jendez hustuko dela.

Horregatik, A marka «bizirik irauteko ekintza bat» dela esan dute, upategi txikiak eta ertainak «egoera larriagotzen duten estrategietatik bereizteko modu bat». Horregatik, Euskal Herriko ardozaleei Arabako ardoak kontsumitzeko eskatu diete, eta ordezkari politikoei, berriz, marka hori indartsu hazteko laguntza emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.