Hiru hilabeterako lana izan behar zuenak azkenean hamabi hilabete iraun du, baina jada prest dago autonomoentzako pentsio osagarria. Aurrerantzean, bere pentsio publikoa osatu nahi duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile autonomoek aukera izango dute haientzat bereziki prestatutako BGAE borondatezko gizarte aurreikuspen plan bat kontratatzeko. Sei banku eta aseguru etxeen bitartez egin beharko dute, eta haietako bostetan dagoeneko prest dira.
Iazko abenduan iragarri zuen Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako aurreko Ekonomia sailburuak langile autonomoentzat BGAE bat izango zela, baina Noel d'Anjou haren ondorengoari egokitu zaio aurkezpena egitea, gaur, Bilbon. Alboan izan ditu hiru merkataritza ganberetako ordezkariak: Mauricio Arregi (Gipuzkoa), Jose Ignacio Zudaire (Bilbo) eta Olaia Arrieta (Araba). Ganberen esku utzi zuten autonomoentzako pentsio osagarria eskaini zuten finantza erakundeak hautatzea, eta hauek aukeratu dituzte: Kutxabank, Laboral Kutxa, Bankoa-Abanca, BBVA, VidaCaixa eta Mapfre.
Erakunde horietara jo beharko dute pentsio osagarri bat kontratatu nahi duten autonomoek, baina haientzat bereziki prestatutako planak izango dira, eta lehentasunezko enpleguko BGAEen tratamendua izango dute. Hau da, jarritako dirua nagusiki hileroko prestazio gisa jasoko dute, pentsio publikoaren osagarri gisa, eta beste pentsio plan pribatuek baino zerga onura handiagoak izango dituzte.
D'Anjouk azaldu duenez, gaur egun pentsio txikiak jasotzen dituzte langile autonomoek, txikiak baitira Gizarte Segurantzari pentsioetarako egiten dieten ekarpena. Horrela, soldatapekoen batez besteko erretiro pentsioa 2.003 eurorena da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina 1.151 eurorena soilik da langile autonomoena.
Pentsatzekoa da kopuru hori handituko dela hurrengo urteetan, pentsioen azken erreformak aldatu egin baitu langile autonomoen ekarpenen sistema; lehen, haiek aukeratzen zuten zenbat jartzen zuten —eta askok gutxieneko kopurua hautatzen zuten—, baina, orain, benetako diru sarreren araberako kontribuzioak egiten dituzte. Gaur egun 160.000 langile autonomoa daude hiru lurraldeetan.
1.151Autonomoen erretiro pentsioa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez beste 1.151 euroren pentsioa jasotzen dute autonomo erretiratuek. Soldatapekoek, berriz, 2.003 euro.
Ogasun sailburuak azaldu duenez, autonomo batek bere lan bizitzan bere soldataren %6 BGAErako gordeko balu, erretiroa iristen denean pentsio publikoaren %20ko osagarri bat jasoko luke hilero.
Edonola ere, D'Anjouk zehaztu nahi izan du pentsio osagarriek ez dutela sistema publikoa auzitan jarri nahi, eta hura dela «babes sozialaren oinarrizko tresna». Baina, haren esanetan, «beti egin daiteke pixka bat gehiago», eta horretara datoz autonomoen BGAEak.
Jaurlaritzak, Eusko Ganberak eta BGAEak eskainiko dituzten finantza erakundeek webgune bat (www.bgaelangileautonomoak.eus) eta publizitate kanpaina bat martxan jarri dituzte langile autonomoak BGAE bat kontratatzera animatzeko. «Zure oraina zure esku dago. Zergatik ez zure etorkizuna?» du izena kanpainak eta, Arrietaren arabera, mezua «modu argian, irisgarrian eta eraginkorrean» helarazi nahi diete autonomoei.
Beste sektoreetara ere bai
Baina pentsio osagarriak hedatzeko ahalegina ez da autonomoetara mugatuko. Gaur egun, hiru lurraldeetako soldatapeko lau langiletik batek baino ez du enpleguko BGAE bat, eta gehienak Gipuzkoan daude. Izan ere, lurralde hartako metalgintzako lan hitzarmenak Geroa BGAEa sortu zuen 1996an, baina gero harekin bat egin dute beste hainbat sektoretako itunek. Ondorioz, gaur egun soldatapeko langileen erdiek baino gehiagok dute enpleguari lotutako pentsio osagarri bat.
Kopuruak askoz murritzagoak dira Araban eta Bizkaian —langile publikoek, kooperatibista batzuek eta Kutxabank, Tubacex eta beste enpresa batzuetako langileek dituzte, gutxi gorabehera langileen %15ek—, eta baina pentsio osagarri hori zabaltzeko egitasmoak bultzatu nahian dabiltza Jaurlaritza eta aldundiak. Nafarroan ere gutxi hedatuta daude.