Aberastasunaren kontzentrazioa

Aberatsenetan aberatsenak

Desberdintasunari buruzko azken txostenean Oxfam Internationalek zenbaki argia eman zuen: munduko biztanleen erdiek adina ondasun dute 26 pertsonarik aberatsenek. Zein dira aberatsetan aberatsenak? Nola lortu edo bildu dituzte euren fortunak? Munduko dirudunen zerrendek zantzu batzuk ematen dituzte horien berri izateko.

Irune Lasa.
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Ekonomia digitalaren txapeldunak

Azken urteetan Forbes aldizkariaren zerrendak izan duen bilakaerari begira, ekonomia digitalaren erraldoi berrien etorrera da aldaketarik deigarriena. 2008an, munduko 25 pertsonarik aberatsenen artean zeuden, jada, Bill Gates (Microsof) eta Larry Ellison (Oracle), teknologia berriek zekarten munduaren erakusgarri. Eta hor jarraitzen dute biek 11 urte geroago, hamar aberatsenen artean.
 

Jeff Bezos Hori bai, 2019ko zerrendan jaun eta jabe Jeff Bezos da, Amazonen sortzailea. Gaur egun, plataformaren %16 du, eta hortik pilatu du estatubatuarrak 131.000 milioi dolarreko dirutza (116.000 milioi euro), Forbes-ek inoiz jasotako aberastasunik handiena. Dibortziatzen ari da Amazoneko burua, eta horrek agian aldaketak ekar ditzake 2020ko sailkapenean, batez ere bikotearen aberastasunaren erdia Mac Kenzie Bezos emaztearen esku geratzen bada. Balizko galeratik bizkor suspertuko da Bezos, dirutza irabazten jarraituko baitu: batez beste, Amazonen sortzaileak 5.800 milioi euro irabazten ditu hilero.

Marc ZuckerbergBezosekin batera, zerrendaren lehen hogeikoan agertu dira Facebooken fundatzaile Mark Zuckerberg (8.) eta Googleren sortzaileak, Larry Page (10.) eta Serge Brin (14.). 2008ko zerrendan, 32.a zen Brin, eta 33.a Page; Bezos, berriz, 110.a.

Lehen hogei aberatsenen zerrenda Ma Huatengek ixten du, Pony Ma ere esaten diotenak, Tencent Interneteko zerbitzuen enpresako nagusiak (34.500 milioi). Haren atzetik, 21. lekuan, Jack Ma Alibabako burua (33.200 milioi). Biak txinatarrak dira.

Jack MaSare sozial eta plataforma handi horien ezaugarri bat beren jabetza da. Zer daukate, zein da haien balioa? Tom Goodwin guruak azpimarratu izan duen moduan, Uberrek ez du ibilgailurik, Facebookek ez du edukirik sortzen, Alibabak ez du inbentariorik, eta Airbnbk ez du etxebizitzarik. Konpainia horietako bakoitzak daukana plataforma bat da, soil-soilik. Hori bai, jende mordoak erabili nahi dituen plataformak dira, eta sektore osoak ari dira irensten: taxiak, hotelak, publizitatetik bizi den prentsa... Multinazional berri horien inguruan —Txinakoen kasua aparte utzita— bi auzi bizi-bizirik daude gaur egun: erraldoi horien praktika monopolistikoak batetik, eta haiek tokian tokian zergapetzeko modua, bestetik.

Pribatizazioen abaroan sortuak

<em>Oleg Deripaska</em>2019ko Forbes-en zerrendako 25 pertsonarik aberatsenen artean ez dago jada errusiarrik, baina gauzak oso desberdinak ziren 2008koan: zazpi ziren errusiar oligarkak, guztiak aberastu zirenak Mikhail Gorbatxovek, Boris Jeltsinek eta Vladimir Putinek herrialdearen baliabide naturalekin egindako pribatizazioak tarteko, euren harremanei esker: Oleg Deripaska (Rusal), Roman Abramovitx (Sibnet), Alexei Mordaxov (Severstal), Mikhail Fridman (Alfa Group), Vladimir Lisin (NMLK Novolipetsk), Mikhail Prokhorov (Norilsk Nickel-Onexim) eta Vladimir Potanin (Norilsk Nickel). Errusiako oligarka gehientsuenak aberats dira oraindik ere, baina zerrendan beherago daude, besteak beste, 2008ko finantza krisian galera handiak izan zituztelako, edota Moskun historiara pasatuko ez den garbiketaren bat nozitu zutelako. Lisin dago aurrena 2019ko Forbes-en zerrendan (45.a da, 19.000 milioi eurorekin).
Vladimir Lisin
Telmex Mexikoko telefonia konpainiaren pribatizazioa ere mugarria izan zen Carlos Slimentzat (America Movil). Munduko pertsonarik aberatsenetan bosgarrena da gaur egun, 57.000 milioi euroko aberastasunarekin.

Pribatizazioaren kontzeptuarekin lotuta, bada zenbait sektoreri leporatzen zaien jokaera bat: multinazional askok sos publikoarekin finantzatuak izan diren ikerketei eta sorkuntzei esker irabazten dutela dirua, eta erakunde publikoek ez dutela mozkinik ikusten. Horren adibide izan daitezke sendagaien industria eta zientzia argitalpen garrantzitsuak.

Carlos SlimOinarrizko zerbitzu publikoen pribatizazioa arazo handia da hainbat herrialdetan. Oxfamek hala uste du: desberdintasuna murrizteko biderik eraginkorrena zerbitzu publikoak direla argi izan arren, «aberatsek inoiz baino zerga txikiagoak dituztenean, zerbitzu publikoek funts gabezia kronikoa sufritzen dute, eta jenderik txiroena kanpoan uzten duten enpresa pribatuei azpikontratatzen zaizkie. Herrialde askotan, itxurazko hezkuntza edo kalitatezko osasun zerbitzuak aberatsek soilik ordain ditzaketen luxu bilakatu dira».

Aberatsen oinordeko aberatsak

Bernard ArnaultZenbat diru eta nola irabaz daitekeen erakutsi nahi duten aberatsekin batera, badira lezioak emateko moduan ez daudenak ere. Berriz ere Forbes zerrendari begira, lehen hogei postuetan ez dira gutxi euren aberastasunaren iturrian gurasoen ondarea dutenak. Pertsonarik aberatsenetan laugarrena Bernard Arnault frantziarra (LVMH) da, Louis Vutton, Christian Dior eta Sephoraren jabea. 67.600 milioi eurotik gorako ondarearen zatirik handiena bere bizitzan zehar pilatu badu ere, Bernard Arnaulten aberastasunaren iturria Jean Leon Arnault aitaren eraikuntza enpresan dago.

David KochPertsonarik aberatsenen artean hamaikagarren postuan, bi Koch daude, 45.000na milioi eurorekin. Koch Industries diru sarreretan AEBetako enpresarik handienetan bigarrenaren akzioen %42 dituzte Charles eta David Koch anaiek. Petrolio findegiak eraikitzen zituen konpainia oinordekotzan jaso zuten.

Beste abizen bat ere errepikatzen da zerrendako lehen postuetan: aberatsenetan 16.a da Jim Walton, 17.a Alice Walton eta 18.a Rob Walton. Laugarren neba, John Walton, 2005ean hil zen. Lau anai-arreben aitak, Sam Waltonek, sortu eta garatu zuen Wallmart saltoki handien kate itzelezkoa. Walmart da gaur egun AEBetan jende gehien enplegatzen duen enpresa, milioi eta erdi langilerekin.

2016an, Italiako Banku Zentraleko bi ekonomistek ikerketa bat plazaratu zuten, 1472ko eta 2011ko Florentziako zergapekoak konparatuz. Ikusi zuten hiriko dirudunenak duela 600 urteko aberatsen senideak zirela. Azterketa horrek berak zioen Forbes-en zerrendako europarren erdiak oinordekotzan jaso zituztela beren fortunak.

Plutokratak

Botere ekonomikoak botere politikoa dakar. Diru asko izateak botere asko dakar, eta izugarrizko dirutza izateak izugarrizko boterea ematen du herrialde bateko erabaki politikoak nahierara bideratzeko. Ikusi besterik ez dago nor dagoen AEBetako presidentetzan. Anekdotikoa izan daiteke agian, baina Donald Trumpen gobernuak orain bi urte zerga kenkariak onartu zizkien hegazkin pribatuen jabeei.

«Hemen, arazo giltzarria da plutokrazia bat garatzen ari garela», ohartarazi zuen Paul Volckerrek, iaz The New York Times-en. AEBetako Erreserba Federaleko presidente (1979-1987) izandakoaren ustez, «[AEBetan] izugarri aberatsak diren pertsonen kopuru itzelezkoa dugu, eta konbentzituta daude oso bizkorrak eta eraikitzaileak direlako direla aberatsak. Ez dute gobernua gustuko, eta ez dute zergak ordaintzea atsegin». Zergekiko zaletasun txikia dutenen artean daude waltondarrak, eta, beste zenbait familia aberatsekin batera, lobby lan handia egin zuten 2006. urtean, AEBetako Kongresuak ondarearen gaineko zerga federal bat bertan behera utz zezan.

Michael BloombergErabaki politikoetan eragina izateko bide bat politikan zuzenean parte hartzea da. Horren erakusgarri da Trump, baina baita AEBetako Alderdi Demokratako Michael Bloomberg ere (aberatsenetan 9.a, 50.000 milioirekin). New Yorkeko alkate izandakoa (2002-2013) orain aztertzen ari da Etxe Zuriko maizter izan nahi ote duen. Finantza informazioan espezializatutako hedabideak biltzen ditu Bloomberg LP konpainiak. Bide batez, Forbes-eko aberatsenetan hedabide jabe gehiago daude. Bezos Washington Post-en jabea da, eta Slimek The New York Times-eko akzioen %17 ditu.

Influentzia izateko zeharkako beste modu bat dira alderdiei egiten dizkieten donazioak. Eta horren adibide bila, hara non izen ezagun batzuk agertzen diren: Koch anaiek urte luzez dirutza eman diete Alderdi Errepublikanoko hautagaiei, eta diru emaile aberatsez osatutako kate bat eratu dute. Merkatuen desregulazioaren bultzatzaile porrokatuak izanik, gobernu «handiegiari» eta klima aldaketaren kontrako borrokari mugak jartzea izan dute helburu.

Sheldon AdelsonSoka horretakoa da Sheldon Adelson. Forbes aldizkariaren zerrenda munduko dirudunetan 24.a. Kasino jabe eta errepublikanoen finantzatzaile ezaguna, helburu nagusiak «merkatu askeko gizartea» eta Israel ditu.

Filantropoak

Michael Dell (Dell Technologies) munduko pertsonarik aberatsenetan 25.a da, 30.000 milioi dolarreko jabetzarekin. Urtarril honetan, Davosko Foroan galdetu zioten ea zer iruditzen zitzaion hamar milioi dolarretik gorako irabaziei %70eko zerga tasa ezartzea —Michael DellAlexandria Ocasio-Cortezen proposamena—. Barre urduriak nagusitu ziren aretoan, eta Dellek erantzun egin zuen: «Emazteak eta biok fundazio bat sortu genuen duela hogei bat urte [haur txiroei laguntzeko], eta uste dut horretan nire urteko sarreren %70 baino gehiago jarri izan dudala. Erosoago sentitzen naiz fundazio pribatu gisa funts horiek emateko dugun abileziarekin, diru horiek gobernuari ematearekin baino».

Eskuzabaltasuna, gizartearekiko kezka; inor baino argiago eta eraginkorrago izatearen ustea; euren ongizatea, edo boterea, edo sistema bera bermatzeko beste modu bat; zerga kenkari bila aritzea... Filantropiaren inguruko eztabaidak luze jo dezake, baina ultradirudun askok beren curriculumetan harro aipatzen dute filantropoak direla —baita oligarka errusiarren kasuan ere—, eta halako eta besteko kausetara milioiak bideratzen dituztela, euren fundazioen bidez.

Amancio OrtegaEuskal Herrian ere bada emaitza horien berri: munduko pertsonarik aberatsenetan seigarrenak, Amancio Ortega galiziarrak (Inditex), hitzarmenak egin ditu Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin; haren fundazioaren bidez, Osakidetzari 14,7 milioi eman zizkion, eta beste 5,7 milioi Osasunbideari, minbizia artatzeko hainbat makina, azeleragailuak eta mamografoak eros zitzaten.

Filantropia aberastasuna banatzeko modu berezia dela alde batera utzita, egia da filantropo guztiek ez dutela neurri Bill Gatesberean ematen ere. Forbes-en zerrendan bigarrenak, Bill Gatesek, bere ondarearen %37 eman du jada ongintzarako dohaintzetan (32.000 milioi); ez du urrun aberatsenetan hirugarrena, Warren Buffet (Berkshire Hathaway): 26.500 milioi eurotik gora eman ditu, bere ondasunen %36. Aldiz, Mark Zuckerbergek soilik %4 eman du (1.800 milioi dolar), eta Bezos da agerian gehien gelditu dena, bere fortunaren %0,9 baino ez duelako eman.

Gates eta Buffet The Giving Pledge (Emateko promesa) kanpainaren sortzaileak dira, non aberatsenek euren fortunaren erdia emateko konpromisoa lortu nahi duten. Oraindik gutxi dira, ordea, promesa horri heldu diotenak.

Euskal Herrian, industriari lotutako izenak

Forbes-en zerrendan bi euskal herritar agertzen dira euren fortuna 1.000 milioi dolarretik gorakoa delako. Donostiarra da bat, Daniel Mate Badenes. Aldizkariaren arabera, munduko aberatsenetan 1.116.a da Mate, eta Suitzan bizi da Daniel Mate(1.870 milioi euro), batez ere Glencore meatzaritza taldean duen parte hartzearengatik (%3). Mate 1988an hasi zen Marc Rich & Co enpresarentzat lanean, eta gerora, enpresako zuzendariek konpainia erosi zutenean, konpainiak Glencore izena hartu zuen. Multinazionalaren zink atala donostiarraren ardurapean dago gaur egun. Marc Rich & Co berak eta Glencorek ere hainbat salaketa izan dituzte ustelkeriagatik eta eroskeriagatik, eta zerga ihesagatik. Paradise Papers kasuan ere agertu dira taldearen inguruko informazioak.

Jose Maria Aristrainek (Olaberria, Gipuzkoa) ozta-ozta eutsi dio aurten Forbes-en zerrendan presentziari, doi-doi mila milioi dolarreko balioa (890 milioi euro) eman baitio aldizkariak bere akzioei eta beste jabetzei. Haren aita Jose Maria Aristrain Noainek sortutako altzairutegien ardura 24 urterekin hartu zuen Jose Mariak, aita helikoptero istripuan hil zenean. Altzairutegi haiek Aceraliak erosi zizkion, eta gero Arcelor Mittalen esku gelditu ziren. Ondorioz, Aristrain Arcelor Mittalen %2aren jabea da. Parte hartzeak ditu, besteak beste, Tubacexen (%16) eta Haizea Winden. Ofizialki Suitzan bizi da Aristrain, baina Espainiako agintarien arabera, Madrilen bizi izan da. Hori gorabehera, Olaberriakoa laster epaitzekotan dira Madrilen. Estatuko abokatuak 210 milioi euroko iruzurra egitea leporatu dio, eta fiskaltzak 1.408 milioi euroko Jose Maria Aristrainisuna eta 60 urteko kartzela zigorra eskatu ditu harentzat. Espainiako bere jabetza asko bahimendupean ditu, eta beste batzuk salgai jarri ditu: besteak beste, yate bat —29 milioi euroan— eta Ferrari 250 GTO autoa — 60-70 milioi euroan—.

Euskal herritarrik aberatsenen bila, El Mundo egunkariak egiten duen Espainiako aberatsenen zerrenda ere baliagarria da. SendagprtaMate da zerrendan lehena, Aristrain ez da ageri, baina badira hainbat familia entzutetsu, XX. mende bukaeran hazitako talde industrialei zuzenean lotutakoak. Kontuan izan behar da haien fortunen barne kontatzen dira enpresa horietan dituzten parte hartzeak. 1.000 milioi eurotik gorako fortuna biltzen du, esaterako, Sendagorta familiak (Senerren akziodunak). Neguriko dirudun historikoen ordezkari, Ibarra Kareaga familiaren parte hartze poltsa ere ikusgarria da: Mas Movil, Viscofan, Solarpark...

 

 

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.