Aberats berri bat bi eguneko

Oxfamek ohartarazi du aberats kopurua inoiz baino gehiago igo dela iaz. NDFk hobetu egin ditu hazkunde aurreikuspen globalak. Norvegia da hazkunde eredurik barneratzaileena duen herrialdea

World Economic Forumek munduko botere politikoa eta ekonomikoa elkartuko du Davosen. GIAN EHRENZELLER / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
World Economic Forum nazioarteko topaketaren astea da Davosen (Suitza). Urtero bezala, munduko botere ekonomikoa eta politikoa elkartuko dira Alpeetako herrian. Donald Trump, Angela Merkel, Emmanuel Macron, Theresa May eta Espainiako errege Felipe VI.a hizlari ariko dira datozen egunotan. Davosek nazioarteko agenda ekonomikoa baldintzatuko du, eta kritikoak direnentzat ere jopuntu bihurtu dira jardunaldiak.

Batzarra abiatzeko eguna aukeratu du Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak Lanpostuak saritu, ez fortuna izeneko txostena argitaratzeko. Joan den urtean inoiz baino milamilioidun berri gehiago sortu ziren munduan: bi eguneko, bat. Aberats handien zaku horretan sartzen dira mila milioi dolarretik gorako fortunak pilatu dituztenak (816 milioi euro). Forbes aldizkariaren datuei jarraituz, 2.043 pertsona izan dira iaz. Hamarretik bederatzi, gizonezkoak.

Oxfamen aburuz, ekonomia globalaren antolakuntzak bidea ematen dio elite txiki bati aberastasun handiak pilatzeko; ehunka milioi lagunek, berriz, ez dute modurik aurkitzen pobreziatik ateratzeko. Susperraldia indartzeak areagotu egin du joera hori. 2017an, sortu zen aberastasunaren %82 bereganatzea lortu du %1 aberatsenak: 620.000 milioi euro dira. Munduko biztanleen erdi txiroenek, berriz, ez zuten batere hobetu beren errenta. «Aberats gehiago egotea ez da ekonomia arrakastatsu baten seinale, huts egin duen baten sintoma baizik», Winnie Byanyima Oxfam Internationaleko zuzendariaren ustez.

Credit Suisse bankuaren datu base eguneratua erabilita, aberastasunaren banaketa desorekatuaren neurria ematen saiatu da Oxfam. Munduko biztanleen erdi txiroenek bezainbesteko aberastasuna dute 42 pertsonak esku artean. Aurreko urtean, 2016an, 61 ziren. Pilatutako aberastasunari ateratzen zaion etekinak elikatzen du desoreka hori. 2006 eta 2015 bitartean, krisi ekonomikoa eta guzti, milamilioidunen fortunak urtero %13 handitu ziren, batez beste. Bitarte horretan, langile arrunten ordainak %2 igo ziren.

Desberdintasuna irudikatzeko, modaren sektoreari begiratu diote egileek. Bost moda markarik handienetako presidenteek lau egunetan poltsikoratuko dute Bangladeshko ehungintza langile batek bizitza oso batean eskuratuko duen dirua.

Aberatsenek benetan dituzten diru sarrerak gutxietsita daude, egileen aburuz, baina, hala eta guztiz ere, muturreko aberastasuna ez da lanean irabazitakoa, oinordetzan jasotakoa baizik. Datozen hogei urteetan aberatsenen multzoko 500 lagunek bi bilioi euro inguru utziko dituzte oinordekoen eskuetan. Oxfamen arabera, aberastasunaren bi heren dira herentzien, monopolioen eta faboritismoen ondorio.

Ez dago Euskal Herrirako daturik, baina Intermon-Oxfamek Espainiarako zenbait datu kalkulatu ditu, nazioarteko emaitzetan oinarrituta. Horien arabera, %1 aberatsenak sortutako aberastasunaren %40 eskuratu du joan den urtean, eta %50 txiroenek %7 baino ez dute bereganatu. 2013 eta 2015 bitartean hazkundearen bidez sortutako ehun eurotik 29 joan ziren %10 aberatsenen poltsikora, eta %10 txiroenek zortzi jaso zituzten. Espainiak 25 milamilioidun ditu. Ez dago halakorik zerrendatuta Euskal Herrian.

Norvegia, barneratzaileena

Bizi baldintzen hobekuntza eskasak eta desberdintasun sozialek sortu duten polarizazio politikoa eta ondoeza eztabaidagai gero eta garrantzitsuagoak bihurtu dira. Oraindik ere BPG barne produktu gordina da hobekuntza ekonomikoa neurtzeko aldagai funtsezkoena, baina garapena hobeto islatzeko beste metodologia bat martxan jarri zuen World Economic Forumen programa batek joan den urtean. Errenta, enplegua, segurtasun ekonomikoa eta bizitza kalitatea aintzat hartuta, Garapen Barneratzaileko Indizea sortu da.

103 herrialdetako datuak aztertu dituzte, eta multzoka sailkatu. Ekonomia aurreratuen artean, aldaketa bakarra dago lehen hamar tokietan. Zeelanda Berria atera, eta Irlanda sartu da, zortzigarren. Emaitza onenak dituzten lehenbiziko hamar herrialdeen artean soilik Australia da Europatik kanpokoa. Norvegia, Islandia, Luxenburgo, Suitza eta Danimarka daude buruan.

Berrikuntza batzuk ditu indizeak. Argazki finkoa emateaz gainera, bost urteetako joera zein den kalkulatzen du, herrialdeak aurrera edo atzera egin duen islatzeko. Islandiak eta Irlandak hobekuntza oso esanguratsuak izan dituzte. Aldiz, Europa hegoaldeko herrialdeek okerrera egin dute —Espainia, Grezia, Italia eta Portugal dira azkenak herrialde aurreratuen artean—, baina ez dira bakarrak: Finlandia eta Eslovenia atzeraka doaz, eta Norvegiak berak galdu ditu hamarren batzuk. Gorabidean dauden herrialdeetan ere Europa da nagusi: Lituania, Hungaria, Azerbaijan, Letonia eta Polonia dira lehenak.

NDFren aurreikuspenak

Ekonomia eta garapena neurtzeko saiakerak saiakera, Davosen oraindik ere BPGa da mundu guztiak begiratzen duen erreferentzia, eta NDF Nazioarteko Diru Funtsak bere aurreikuspenak hobetu dituela iragarri du foroan. AEBek egin berri duten zerga erreforma dela eta, 2018. eta 2019. urteetan hazkunde tasa globala %3,9 izatea espero du funtsak, joan den urrian kalkulatu zen baino bi hamarren gehiago.

Ekonomia aurreratuetan islatuko da, batez ere, hobekuntza. AEBak %2,7 haziko dira aurten, eta eurogunea %2,2. Alemaniaren hazkundeari bost hamarren gehitu dizkio NDFk. Gorabidean dauden ekonomien artean, Brasilek eta Mexikok dituzte iragarpen baikorrenak, urriarekin alderatuz. Espainia da aurreikuspen okerragoa duen herrialde bakarrenetarikoa hamarren bat—, ziurgabetasun politikoa dela eta.

Hala ere, giro baikorrari ñabardura zorrotza egin dio funtsak. Ez du uste egoera horrek asko iraungo duenik. Konplazentzia da orain esparru politikotik borrokatu beharreko arerioa. «Hurrengo atzeraldia uste baino hurbilago egon liteke, eta horri aurre egiteko munizioa orain dela hamarkada bat zegoen baino eskasagoa da, zorpetze publikoak askoz handiagoak direlako», Maurice Obstfeld NDFko ekonomia kontseilariaren hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.