Aberastasunen banaketa aldarrikatuko dute Baionan, Maiatzaren Lehenean

CFDT, CGT, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek batera ospatuko dute langilearen eguna.

Sindikatuen deia Maiatzaren Lehenerako
CDT, LAB, Solidaires, FSU eta CGTko ordezkariak, Baionako gaurko agerraldian. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2024ko apirilaren 15a
13:30
Entzun

CFDT, CGT, FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek Maiatzaren Lehenean Baionako karriketan mobilizatzerat deitu dituzte langileak, Fatalitaterik ez da. Ontasunen banaketaren alde! lelopean. Gaurko Baionako merkatu plazako agerraldian jakinarazi dutenez, aberastasunen banaketa eta langileen antolaketa izanen dituzte aldarrikapen nagusiak.

Patricia Glory CGTko ordezkariak gaur egungo gizarte testuinguruaren irakurketa bat egin du: «Erreformaz erreforma, krisiz krisi, politika liberalek berdintasun ezak handitzen dituzte». Pobrezia goiti ari dela eta langileen erosahalmenak «apaltzen jarraitzen» duela erran du, baita lan baldintzak gaizkonduz doazela eta etxe bat lortzeko eta «janari sanoz elikatzeko» zailtasunak azkartzen direla ere.

Gloryk gehitu du «gizarteko babes sistemaren desegitea» beti bidean dela. Salatu du erretretara joateko adinaren gibelatzea «bortizki» ezarria izan dela, langabeen gutieneko sarirako eskubideak tinkatu direla, eta emazte eta gizonen hilabete sarien arteko hozkak irauten duela. «Migrazio politika arrazistek egin desmasiak» salatu ditu, baita «zerbitzu publikoen andeatzeak» ere. «Lurraren suntsiketa antolatuak» sindikatuak kezkatzen dituela erranez bukatu du.

Aberastasunaren banaketari buruzko kexua plazaratu du Danielle Mesplek, Solidairesen izenean. «Aberatsek ez dute sekula hainbeste aberastasun metatu», ziurtatu du, eta azaldu du enpresetako akziodunei banatu etekinak egundainoko gorenak direla. «Horren aitzinean, langileok elkarrekin borrokatu behar dugu», jarraitu du LABeko Argitxu Dufauk. «Ez da halabeharrik. Sistema kapitalistari aurre egiteko irtenbide nagusia da aberastasunen eta ontasunen banaketa», erran du Dufauk, bost sindikatuen deialdi batuaren abiapuntua zela azpimarratuz.

Hari beretik, FSUko Barthelemy Mottayk «aberatsen, etekin eta dibidendu handien gaineko zergak eta zerga ihesaren kontrako zinezko borroka» galdegin ditu. Horrekin, «bidezko eta elkartasunezko politikak» plantan ematea, ekonomia «lurraren eta jendeen errespetuzkoa» izan dadin; hilabete sarien emendatzea, lan baldintzen hobetzea aipatu du, eta sindikatu eskubideen errespetua.

Jokoen «zentzugabekeria»

Parisko Olinpiar Jokoen testuingurua ere izan dute hizpide sindikatu ordezkariek. Joko horien antolakuntza «zentzugabekeria ekologikoa eta soziala» dela erran du Mesplek. Arazoak zerrendatu ditu: «Ikasleak beren bizitegietarik kanporatuak, obretako lan baldintza txarrak, istripuak eta hilak obra horietan, ibiltzeko askatasunaren murriztea». Aurrekontu murrizketen garaian joko horien kostua handia dela deitoratu du: «Ekonomiak gure bizkar egiten dituztelarik, diru publikotik miliarka euro xahutuko dituzte lehiaketa horrentzat».

Azkenik, langileen eskubideen kontrako Frantziako Senatuaren erabaki bat salatu du Dufauk. «Joan den astean greba eskubidearen mugatzea bozkatu zuten, eta, gaur, fermuki salatzen dugu».

Maiatzaren Leheneko mobilizazioa, usaian bezala, Santizpiritu auzoko Santa Ursulako sindikatuen etxetik abiatuko dute. Manifestaldia merkatu plazan bukatu dute, eta, Graciettek jakinarazi duenez, «sindikatu herrixka» bat antolatuko dute bertan, jateko eta edatekoekin, «langileen artean solastatzeko momentu garrantzitsua delako». Sindikatu arteko batasun bat erakusteko parada zaiela adierazi du Graciettek, eta «elkarrekin mundu hobe bat eraiki dezagun» aldarrikatzeko. Mobilizazioa 11:00etan abiatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.