Esadazu zer abizen duzun, eta esango dizut zelako diru zorroa daukazun. Badirudi sor daitekeela esaera berria. Izan ere, aberatsak, egin baino gehiago, jaio egiten direla ondorioztatu dute Florentzian; urrezko sehaskan jaiotzen direnak normalean urrezko zerraldoan lurperatzen dituztela, eta katea —urrezko katea, alegia— ez dela eteten belaunaldiz belaunaldi. Duela seiehun urte eta orain familia berberetan jarraitzen dute fortunek Italiako hiri horretan. Medicitarren garaiko familia dirudunenen abizenak eta gaur egungo herritar aberatsenen abizenak gurutzatu dituzte ikerketa batean, eta emaitza argia da: herentzia genetikoa balitz bezala jarraitzen du diruak poltsiko berberetan, sei mende igarota ere. Odolean daramate dirua, DNAn.
Italiako Banku Zentraleko bi ekonomistak egin dute azterketa, Guglielmo Baronek eta Sauro Mocettik. 1427ko Florentziako zergapekoak eta 2011koak konparatu dituzte Zein da zure abizena? Belaunaldien arteko mugikortasuna azken sei mendeetan lanean. «Benetan deigarriak dira emaitzak», azaldu dute bi ekonomistek. «Denbora hain luzea igarota ere, arbaso eta ondorengoen arteko korrelazioa ez da desagertu».
Hiri estatua zen Florentzia 1427an, eta kiebraren atarian zegoen, Milanen kontra gerra galdu eta gero. Errolda bat sortzea erabaki zuten orduan, aberastasunaren gaineko zergak ezarri eta hiri estatuaren egoera ekonomikoa onbideratzeko. 10.000 zergapekoren zerrenda egin zuten, eta bakoitzaren izen-abizenak, ogibidea, errenta eta ondasunak idatzi zituzten. Orduan izenpetutako abizenetatik 900 inguruk jarraitzen dute gaur egun Florentzian, eta 52.000 inguru zergapeko dira.
Ikerlariek ez dute esan abizenak zeintzuk diren egungo zergapekoen pribatutasuna errespetatzeko, baina esplikatu dute 2011. urteko bost zergapeko aberatsenak 1427ko %7 aberatsenen senideak direla. Eta, alderantziz, orain dela bost urte pobreenak zirenen abizenak duela 600 urte ere pobreenak zirenen familiakoak direla.
«Begi bistakoa da kristalezko zoru bat dagoela goi klasekoen oinordekoak eskailera ekonomikoan behera ez erortzeko babesten dituena», ondorioztatu dute Baronek eta Mocettik. Duela sei mendeko aberatsenak artilearen, zetaren eta zapatarien gremiokoak eta abokatuak ziren; txiroenek, berriz, ospe txikiagoko ogibideak zituzten. Ez da kasualitatea 1427an %7 aberatsenen artean zeuden abokatuen eta zapatari gremiokoen ondorengoak izatea 2011n ere dirudunenak. Profesioa aldatu dute, jakina: orain abokatu, bankari, farmazeutiko, mediku eta notario bihurtu dira.
Ikerketaren emaitzak are harrigarriagoak dira kontuan izanez gero sei mendean Florentzian izandako aldaketa ekonomiko, demografiko eta politiko handiak: hiri-estatu feudal izandako hura Italiako hiri handi bat bihurtu da, tartean, besteak beste, honako hauek pasatuta: gerrak, Napoleonen inbasioa, Mussoliniren diktadura, nazien okupazioa eta II. Mundu Gerra osteko Italiako mirari ekonomikoaren aroa, hazkunde ikaragarrikoa. Astinaldiak astinaldi, dirudunek ez dute galdu ez dirua, ez gizarte maila.
Estrapola daiteke Florentziako kasua gainontzeko hiri eta gizarteetara? Baietz uste dute bi ekonomista italiarrek, emaitzak Europa Mendebaldeko gainontzeko herrialde garatuetara hedatu daitezkeela, Medicien hiria ez delakoan muturreko kasu bat garapen ekonomikoari eta desberdintasun sozialei dagokienez.
Euskal enpresari dinastiak
Izatez, Europatik kanpo ere antzeko ondorioetara iritsi dira; esate baterako, Japonian. Ia 140 urte dira azken samuraia hil zela, baina herrialdea mendeetan gidatu zuten soldatu haien oinordeko asko Japoniako eliteko kide dira gaur egun ere. AEBetako Kaliforniako Unibertsitateko Gregory Clark irakasleak eta Tatsuya Ishii ikerlariak egin dute azterketa. Kasu horretan ere, abizenak alderatu dituzte, eta ondorioztatu dute samurai jatorriko abizen ezohikoak dituztenek —Shimi eta Sugieda, adibidez— presentzia handiagoa dutela elite sozialean, Sato, Suzuki eta halako beste abizen batzuk dituztenek baino.
Ez Japoniako ikerketa, ez Florentziakoa ez dira estrapolagarriak, Jesus Maria Valdaliso EHUko Historia Ekonomikoko irakaslearen ustez. Samuraien tesia hein batean egia izan arren, uste du ez dela frogatu egia estatistikoa denik, joera orokorra denik. Florentziarena, berriz, «kasu partikularra» dela deritzo. «Kasua oso polita eta deigarria da, baina, daukagun jakintzarekin, oso zaila egiten zait estrapolatzea beste toki batzuetara. Florentzia ez da Amsterdam, Londres eta Bilboren moduko hiri bat».
Italiako hiri horretako aberatsenen egonkortasunaren atzean beste kasuetan baino aukera ekonomiko eta negozio aukera gutxiago daudela pentsatzen du Valdalisok. «Bilbon eta beste hiri handi askotan egonkortasunetik oso gutxi egon da, batere ez. Hemen ez dago beti maila berean dagoen %7ko elite hori. Zenbat eta negoziorako aukera gehiago, zenbat eta aldaketa gehiago merkatu eta teknologietan, aukera gehiago dago apurketa gehiago eta enpresari berri gehiago agertzeko».
Zelakoa da, bada, euskal gizarteko elite ekonomikoa? Badaude herri iruditerian errotuta deskribapen batzuk. «Bizkaiko aberatsak dira diruzale, txerri-erosle eta txorizo-saltzaile. Dendaz bete dituzte Bilbon zazpi kale, inoiz ez dute eman pausorik debalde, burrukatzen baitute diruaren alde». Ia ezinezkoa da Gabriel Arestiren hitzok irakurtzea norbere bostean Oskorriren bertsioan kantatu barik. Nolanahi ere, antzina, euskal fortuna askoren jatorrian merkataritzak pisu handia izan bazuen ere, kantuak marraztutakoa baino konplexuagoa da Euskal Herriko enpresarien familia dinastien erradiografia.
Familia dinastia kontzeptua erabili du EHUko irakasleak, gaur egun ere XIX. mende amaieran sortu eta indartu ziren enpresari handien oinordeko ugari baitaude euskal elite ekonomikoan, bigarren eta hirugarren belaunaldikoak batzuk, laugarren eta bosgarren belaunaldikoak beste batzuk. Batez ere bankuen, siderurgiaren, ontziolen, elektrizitate- aren, papergintzaren, lehergaien eta zementuaren sektoreetan egin zuten dirua. Oraindik ere sona handiko abizenak dira asko. Neguri ingurukoak dira batzuk, baina denak ez dira Bilbo ingurukoak: Ibarra, Urrutia, Aznar, Txabarri, Etxebarrieta, Castellanos, Bergaretxe, Egaña...
Industrializazioak hauspotuta aberastu ziren, baina familia arruntetatik zetozen, ala dirudunetatik? «Argi dago industria iraultzak handitu egiten duela mugikortasun sozialerako aukera, eta ordezkatzeak izaten dira elitean. Baina, hala ere, nabarmendu behar da gorenera iristen diren gehienak ez direla ezerezetik iristen», azaldu du Valdalisok.
Erresuma Batuan eta AEBetan oso zabalduta dago bere burua eraikitako enpresariaren mitoa, self-made man edo self-made woman delakoa. Baina, azken batean, horixe da: mitoa. Bizkaitarren kasuan ere bai. EHUko irakasleak 1879tik 1913ra Bizkaian enpresa handiak sortu zituzten enpresarien jatorri sozioekonomikoa aztertu du, eta ondorio garbia atera du: 145 enpresa inbertitzaileren laginetik %54k merkatariak zituzten gurasoak; %14k, jabeak eta errentadunak; %11k, industrialak; eta %8k artekari, kontsignatario eta kapitain. Bakarrik enpresarien gurasoen %3 ziren jatorri apalekoak: artisauak eta nekazariak.
Europan, urrezko sehaskan
Datuak Bizkaikoak izan arren, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan joera antzekoa izan zela esplikatu du Valdalisok. «Hemen jarraipen nabarmena egon zen Erregimen Zaharreko enpresarien eta industrializazioko enpresari berrien artean». Egoera ez zen asko aldatu 1960. urtean ere. EHUko irakaslearen arabera, urte hartan, Bizkaiko enpresarien gurasoen %49 enpresariak ziren.
Antzeko ondorio batera iritsi dira Caroline Feund eta Sarah Oliver ere, Washingtongo Peterson Insitute think tank ekonomikoko ikerlariak. 1994tik 2014ra bitarteko Forbeseko multimilionarioen zerrendak aztertu dituzte —1.000 milioi dolarretik gora dituztenak—, eta baieztatu dute europarren kasuan erdiek herentzian jaso dutela fortuna. AEBetako mutlimilionarioen %70, aldiz, lehen belaunaldiko aberatsak dira.
Ikerlariek ondorioztatu dute handitu egin dela munduan euren kabuz aberastu diren aberats handien kopurua: teknologia berrien gorakadari esker —Bill Gates eta Mark Zuckerberg, adibidez—, eta garabideko herrialdeen azken urteetako indarrari esker. Europan, halere, fortuna zaharrak dira nagusi: multimilionario europarren %20 laugarren edo bosgarren belaunaldiko aberatsak dira.
Espainian ere dezente dira bigarren eta hirugarren belaunaldiko aberatsak, asko frankismoaren garaian fortuna egindakoak: March familia, Lara Bosch familia, Carceller familia... Ñabardura du hor ere Valdaliso irakasleak. «Sentsazionalismo handia dago hor. Bereizi behar dira erregimenarekin loturak zituztelako aberastu zirenak eta, beste barik, garai horretan negozioa sortu zutenak. Bietakoak daude». Haren esanetan, enpresa handi oro konpondu behar da agintariekin, «baina, enpresa batek bi-hiru belaunalditan jarraitzen badu, zerbait egiten du ondo, kontaktuak edukitzeaz gain».
Bi ekonomista italiarrek kolokan jarri duten arren, teoria ekonomiko nagusiak dio aberastasun handiak gehienez hiru belaunaldiz irauten dutela, eta ideia horrekin bat dator EHUko irakaslea: «Berrikuntzarik ez badago, hiru belaunalditan desagertzen da ondasuna, are gehiago oinordeko asko badaude».
Aberastasunaren genetika
Florentziako aberatsenak duela 600 urte ere dirudunenak zirenen senideak dira, eta Forbeseko europarren %50ek herentziaz jaso dituzte fortunak, ikerketen arabera. Merkatu eta teknologia aldaketek mugikortasun soziala handitu arren, abizenak, batzuetan, lotura du diru zorroarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu