Abeltzaintza sektoreak ezin du jasan animalien elikaduraren eta, bereziki, pentsuaren kostuaren "igoera neurrigabea", mundu mailako
"merkatu erabat espekulatiboan zerealen balioa handitu delako". EHNE eta ENBA sindikatuek salatu dute abeltzainak itotzen ari direla "gehiegizko salneurri" horien artean. 2020an, batez ere, txerri eta hegazti azienden pentsuak izan ziren igoerak izan zituztenak, "baina azken sei hilabeteetan igoera behi eta ardi azienden pentsuetan ere gertatu da, bai haragitakoetakoek, bai esnetakoek erabiltzen dituztenetan".
Nekazarien sindikatuak esplikatu du prezioen igoera %20koa izan dela, gutxi gorabehera, eta hazkunde horrek areagotu egingo duela sektorearen "egoera delikatua". "Esnearen eta haragiaren prezioa ere jaitsi egin da, eta arazoak daude pasteroak eta errapeko txahalak kentzeko".
Mundu mailako pandemiaren egungo testuinguruan, mugikortasun mugek, ostalaritza eta jantoki kolektiboen itxierak eta abarrek ekarri dute elikagaien eskaria nabarmen handitzea distribuzioan, eta, horren ondorioz, kate horiek gorakada handia izan dute, bai fakturazioari dagokionez, bai etekinei dagokienez ere. "Paradoxa bat gertatzen da: fenomeno hori bera ez zaie ekoizleei helarazi, eta horiek ez dute isla positiborik izan emaitzen kontuan, inoiz baino elikagai gehiago saldu den arren", salatu dute nekazarien sindikatuek. "Distribuzioak industria eraldatzailea estutzen badu, horrek gauza bera egiten du abeltzainekin eta nekazariekin, ez baitute beren produktuen prezioa hobetu".
Elikagaien Katearen Legearen zain
Hori dela eta, abeltzaintza sektorak industriari eta banaketari eskatu die haien produktuen truke ordaintzen dituzten prezioak "eguneratzeko", abeltzaintza sektorearen errentagarritasuna bermatzeko. Hala, EHNEk eta ENBAkexijitu dute Elikagai Katearen Legea behin betiko onartzeko, "gardentasun handiagoa emateko, orekatzeko, katebegi guztiei errentagarritasuna emateko, gehiegizko jardunbideak galarazteko, ekoizpen kostuak ezartzeko eta gure produktuak entregatzeko orduan kontratuak eskatzeko".