Valentin Novales. Kaiku kooperatibako lehendakaria

«Abeltzain bat bezain gaizki edo okerrago dago esne industria»

Abeltzaintzak ingurumenean duen lorratza nabarmen murrizteko asmoz, Kaikuk eta 25 eragilek «proiektu anbiziotsu» bat aurkeztu dute Hego Euskal Herrian, Kantabrian eta Katalunian sektore hori eraldatzeko.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
joxerra senar
2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Sojo Arabako herria du bizileku eta lantoki Valentin Novalesek, Kaiku kooperatibako lehendakariak (Sojo, 1957). Hego Euskal Herrian eta Errioxan dituzte bazkideak eta esne industriako Iparlat eta Kaiku taldean partaidetza du kooperatibak. Duela aste gutxi, Hego Euskal Herrian, Katalunian eta Kantabrian esnegintzan aritzen diren 25 eragile eta erakunderekin batean, «proiektu anbiziotsu» bat aurkeztu zuen Kaikuk. Ehun milioi euro inbertitzeko asmoa dute.

Zertan datza proiektua?

Abeltzaintza iraunkorraren eredu familiarra eta kooperatiboa eraldatzeko proiektu bat da. Orain arte asko industrializatu da laborantza, eta Kantauri alde guztian ustiategi guztiak antzekoak dira: orografia zaila dute, eta, makroetxaldeekin alderatuta, lehiakortasun txikikoak dira. Zail dute lehiatzea, ganadutegi batek handitu behar duelako ingurumenari kalterik egin gabe. Nekazaritza Politika Bateratua aldaketa handia bultzatzen ari da iraunkortasunerantz. Aurrea hartu nahi dugu, eta tren horren lehen bagoira igo. Bizpahiru urte barru neurriak hartzen direnerako, gauzak eginak izan nahi ditugu.

Nolakoa izan da parte hartzea eta prozesua bera?

Next Generation funtsak ikusirik, Kaiku elikagai taldeko arduradunek pentsatu zuten zergatik ez egin antzeko zerbait laborantzarako, badatorren eraldaketari begira. Duela urtebete sortu zen ideia kooperatibako bazkideentzat, eta gero irekiz joan gara Iparlatera; Kaikura esnea ekarri ohi duten AgroCantabria kooperatibak eta Kataluniako Ramaders del Baix Amporda kooperatibak ere parte hartu dute.

Behin proiektua aurkeztuta, ba al duzue erantzunik Next Generation funtsen inguruan?

Egitasmoa 25 erakundek babesten dute. Horien artean daude Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, aldundiak... Guztiei proiektu erakargarria eta anbiziotsua iruditu zaie. Next Generation barruan sartu ala ez, egin beharreko zerbait da. EBk eskatutako irizpideak beteko ez balitu ere, berdin-berdin egingo dugu. Ez dakit noiz jakingo dugun emaitza.

Ingurumen arloko helburuen artean, 2030erako CO2 emisioak %60 murriztea ezarri duzue. Nola lortuko da hori?

Balio kate osoan hainbat ekintza eginez, ganadutegietatik hasita industriaraino. Adibidez, energia iturri berriztagarrien instalazioak jarri nahi ditugu kate osoan; ganadutegietan, eguzki panelak jarri; mindaren hobiak dimentsionatu, eta inbertsioak egin gas emisiorik egin ez dezaten... Apurka murriztuz joan daitezke emisioak. Horretarako, laguntzak behar dira, abeltzainak ezin dezakeelako hori dena egin. Abeltzaintzan, ustiategiek aurrerapen asko egin dituzte. Genetikan, esaterako: animalia gutxiagorekin produkzio handiagoa lortzen da. Industrian, energia iturri berriztagarriak ezartzeaz gain, edukiontzietan osagai birziklagarriak erabil daitezke, plastikoaren ordez.

Hondakinen kudeaketa gai korapilatsua da ganadutegietan, baina hor ere esku hartu nahi duzue. Nola?

Abian dugu Gipuzkoan biogas planta bat egiteko proiektua. Europan nahiko zabalduta daude halako azpiegiturak, eta hemen ez gehiegi. Biogas planta horrek industria eta abeltzaintza hondakinak baliatu nahi ditu. Proiektua nahiko aurreratuta dago: memoria teknikoa eginda dago, eta proposatutako kokapenaren erantzunaren zain gaude.

Sozialki, nola lagundu dezake ustiategi familiarrak bideragarri izateko?

Zaila da bizirautea landa eremuan, horregatik dago hain zaila belaunaldi arteko erreleboa. Sektorean aritzeak eguneroko lan handia eskatzen du, eta urria da etekin ekonomikoa. Alde batetik, gizarteak eta, ondorioz, Europakekoizpen jasangarriago bat eskatzen digute, eta horrek ekoizpen kostuen igoera dakar; aldi berean, badirudi ekonomia kontrako bidean doala gero eta gehiago. Kontsumitzaileak prezio apaleko produktuak erosi nahi ditu. Kontraesan horrek harrapatuak gaitu.

Kooperatiba batean egoteak zertan laguntzen dizue?

Kooperatibak oinarri industriala du [Iparlat eta Kaiku]. Katearen bi katebegi nagusietan parte hartzen dugu, ekoizle gisa eta industria gisa. Azken urteetan ahalbidetu digu industriaren erabat menpe dauden abeltzainak baino hobeto egotea. Kooperatibak beti egiten zaitu indartsuago, apur bat hobeto lehiatu dezakezu.

Esnearen merkatuaren egoerak nola eragiten dio industriari?

Kooperatiba eta industria moduan, arazo handi bat dugu. Banaketa sektorearen boterea itzela da. Haiek markatzen dituzte prezioak. Ekonomia oso lehiakor batean gaude, eta euren arteko lehia basatia da. Esnea amu gisa erabiltzen dute aspalditik, eta balio katearen katebegi bakar batek ere ez du dirurik irabazten esnearekin; ezta ekoizleek, industriak eta eurek ere. Beti kostuen azpitik saltzera behartzen gaituzte. Debekatuta dago, baina debekua ez da ezartzen benetan. Denbora daramagu aldarrikatzen elikagai katearen legea aplika dadila.

Iparlati eta Kaikuri bete-betean eragiten dio prezioen gerrak?

Abeltzain bat bezain gaizki edo okerrago dago industria. Jakina, industriaren barruan aldeak daude. EBk esne kuotak kendu zituenetik Lactalisen eta Danoneren moduko multinazionalek utzi egin zioten mendialdeko ekoizleen esnea biltzeari. Gobernuaren laguntzarekin, Kaikuk hartu zituen abeltzain horiek guztiak.

Azkenaldian produkzio kostuek nabarmen egin dute gora.

Kostuek urte bat daramate igotzen, baina batik bat azken hilabeteetan nabaritu da. Kooperatiban, etorkizuneko erosketak egin izan ditugu, eta, horri esker, koltxoi bat geneukan, prezioei eutsi ahal izateko. Haatik, urtarrilean inork ez du etorkizunera erosi, azken hilabeteetako gorakadaren ondorioz, eta orain oso kezkatuta gaude. Sojak markatzen du gainerako zerealen prezioa, eta kontrolpetik at dago. Akaso, inbertsio funtsen ondorioz da. Espekulazioa ezin dugu kontrolatu, eta ezagutzen ez genuen egoera batean gaude, ez baitu arazoak hain luzaro iraun. Horri industriaren kostuak gaineratu behar zaizkio.

Zer rol jokatzen du gizarteak?

Oso-oso garrantzitsua da. Uler dezaket kontsumitzaile askok zentimo bakoitzari erreparatu behar izatea. Azkenean, abeltzaintzan etxaldeak galtzen ari diren bezala, antzera gertatzen ari da hirietan dendekin. Bizitza soziala aldatuz doa, eta saltoki handiek dute nagusitasuna. Kontsumitzaileak ulertu behar du jendea landa eremuan izatea eta ingurumena zaintzea nahi badu, horri eusteko bizi baldintza duinak behar ditugula. Ezagutu behar dute zer lan egiten dugun. Kaikun ekintzak egiten ari gara gizarteari informazioa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.